Aiert GOENAGA
ZURI-GORRIEN ORROAK

Izarren hautsa...

Azaroak 21 zituen 1998an Athletic eta Juve San Mames zaharrean neurtu zireneko hartan. 17 urterekin lehen aldia zen Athletic Europako partida batean zuzenean ikusiko nuena, eta a ze partidua! Txapeldunen Liga eta gainera Juventus handiaren aurka. Oraindik buruan ditut markagailua hutsean zela Mari Lacruzek bere ohiko jokaldi haietako bi egin zituela. Bi aldiz agertu zen kornerra errematatzera bigarren zutoinaren parean, area txikiaren ertz-ertzean hain zuzen. Biak kanpora joan ziren, historiako orrietan bat eta hutseko emaitza Lacruz beraren golaz idatzita geratzea gehitxo balitz bezala. Ez zegoen beste azalpenik bi huts haientzat. Egun hartako hainbat momentu ditut buruan, baina, zirrara bereziena sortu zidana aukeratzeko galdetu ohi didaten bakoitzean, zelai erdian Txapeldunen Ligako izara erraldoia dantzan ikustea izan zela erantzun ohi dut. Zelai erdiko borobila adinako oihala izarrez jantzita, olatuen mugimendua imitatuz dantza bizian. Ondarroan esan ohi dugun modura, «ollun popi ipintxeku».

Ia hamasei urte pasa ostean Athletic Txapeldunen Ligako partida bat jokatzen ikusteko aukera izan genuen aurrekoan (bueno, bale, atariko kanporaketa bat, baina zelai erdiko izara hantxe zegoen). Eta hamasei urte atzera bezala han joan nintzen San Mames Barrira (diferentzia handi batekin, 1998an norbere aurrezkietatik garaiko 10.000 pezeta gastatu nituela -ez diot harro, e!-, eta, oraingoan, sosarik gastatu gabe izan dela). Lehen aldia nuen euskaldunoi, bereziki bizkaitar eta bilbotarrei, hain garesti kostatako zelaian partida bat ikustera joaten nintzena, eta egun aproposa izan zela aitortu behar. Zelaia osorik estreinatzen zen eguna eta Napoli handiaren aurka. Hamasei urte beranduago berriz ere italiarrak. Juventusen aurkako partidua eta Lacruzen bi aukerak oroituz abiatu nintzen zelaira. Egun hartako huts eta hutsekoa balekoa zitzaigula pentsatuz, Lacruzen ordez ate aurrean Aduriz edo Higuainek berak egun txarra izanez gero baleko emaitza lor zitekeela pentsatuz. Partidua nola joan zen denok dakizue. San Mames mutu utzi zuen golaren ostean talde zuri-gorriaren erreakzioa, hiru gol eta bukaerako festa.

Momentu asko datozkit burura, partidu aurrekoak, partidakoak zein partida ostekoak; baina aurreko asteazkeneko momentu bat aukeratu behar izanez gero, hamasei urte atzerago harrapatuta utzi ninduen momentu hori bera aukeratuko nuke zalantzarik gabe. Behin eta berriz idatzi dut futbolaren inguruko trapu zikinez eta politikariek futbolari egun ematen dioten erabilpenaz, baina, hala ere, hori guztia ahantzaraztea lortu zuen beste behin ere oihal zati horrek. Hantxe zegoen, zelai erdi-erdian botata. Borobila, zuria, izarrekin jantzia. Ez zen besterik, oihal zati bat. Baina halako baten bizia hartu zuen. Bozgorailuetatik hain ezagun den Txapeldunen Ligako ereserkia entzuten hasiaz batera bizi propioa balu lez dantzan hasi zen. Eta guztiok begira-begira geratu ginen, liluratuta bezala. Eta hamasei urte atzerago bezala «ollun popi ipintxeku» izan zen. Inoiz baino ozenago esan edo letra larriagoz idatziko dut inork iritzia aldatzen hasi naizela pentsa ez dezan: futbola da gizarte honen droga, gure opioa. Baina hor ere mailak daude.

Ez da berdina Ligako pilula arrunt bat, Errege Kopatxo bat hartzea edo Txapeldunen Ligako dosi bat. Nik izarren hautsa probatu dut berriz, eta aitortzen dut oso gogorra dela, material bikaina. Portoren aurka beste dositxo bat eta utzi egingo dut.