GARA DONOSTIA

Stop Sanfilippo elkarteari laguntzeko emanaldia eskainiko dute Tolosan

Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek «Irri Banda» ikuskizuna Tolosara eramango du emanaldi berezi bat prestatzeko. Lortutako dirua Sanfilippo sindromea duten haurrei laguntzeko erabiliko dute.

Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek, Tolosako Udal Musika Bandarekin eta herriko haurrek osatutako abesbatzarekin batera «Irri Banda» izeneko ikuskizunaren emanaldi berezia eskainiko dute hilaren 27an. Ikuskizunean, umorea eta musikaz gain, elkartasuna ere izango da osagaietako bat, pailazoen beste emanaldi askotan bezala.

Kasu honetan, lortutako dirua Stop Sanfilippo elkarteari emango diote. Emanaldia zezen plazan izango da arratsaldeko zazpietan. Eguraldi txarra egingo balu, berriz, emanaldi bikoitza prestatuko dute Leidor aretoan, 16.30ean eta 19.00etan.

Gastuak ordaindu ostean gelditzen zaien dirua Sanfilippo sindromea duten haurrei laguntzeko erabiliko dute. Sindrome hau gaixotasun lisosomal bat da eta 50.000 jaioberritatik batek izan ohi du (sintomak 2 urtetik 4 urtera bitarteko tartean agertzen dira), beraz, gaixotasun arraroen zerrendan sartzen da. Gaixotasun mota hauek ez dira oso ezagunak eta, horregatik, laguntza behar dute ezagutzera emateko eta ikerketa sustatzeko, egun ez baitute sendabiderik.

Herriz herri

Behin baino gehiagotan izan dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots Tolosan, beraien emanaldiak aurkezten, eta beste hainbatetan kolaborazioak egin dituzte Tolosako beste artista batzuekin. Horren adibide duela hiru urte Bonberenea Txarangarekin batera grabatu zuten diskoa dugu. Esperientzia hori oinarri hartuta, eta eman zituen emaitza onak ikusita, ordutik, pailazoak nahiz Musika Bandako kide batzuk beste zerbait egin nahian aritu dira eta orain egokitu da azkenean aukera.

Izan ere, pailazo ezagunek, beraien ibilbideko 25. urteurrena ospatzeko, zerbait desberdina eta berezia egin nahi zuten eta beraien abestiak orkestrara moldatzea pentsatu zuten. Horiek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zituzten iaz. Hala, horren ondotik, proiektua Euskal Herrian zehar zabaltzeko asmoz herrietako Musika Bandekin jotzearen ideia lantzen hasi ziren, eta lehen froga bat egin zuten Errenterian, bertako Musika Bandarekin eta herriko abesbatzarekin aurkeztuz «Irri Banda». Saioak arrakasta izan zuen, eta geroago, ekainean, emanaldiaren aurkezpen ofizial moduan, Euskadiko Orkestrarekin batera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan jo zuten.

Hiriburuetan aurkezpena egin ostean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek aukera eman diete Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuei ere ikuskizuna bertatik bertara ikusteko. Eta nola ez, Tolosak gonbita onartuz ikuskizun berezi bat antolatu du. Horretarako, lan handia ari dira egiten parte hartzaileak, abesti guztiak prestatuz. Bost abesbatza ezberdinetako (Txintxarri txiki, Musika Eskola, Laskorain ikastolako Lask, Loatzo musika eskola eta Hirukide) ehun haur inguruk hartuko dute parte «Irri Banda» ikuskizunean.

TXARTELAK SALGAI

Emanaldira joateko txartelak bihar eta etzi izango dira salgai, 11.00etatik 13.00etara, Tolosako Leidor aretoko leihatilan. Sarrerak astelehenean ere erosi ahal izango dira, 17.00etatik 20.00etara.