Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Etxekogizona, bitxikeria

Euskal hiztegietara joz gero, «etxekoandre» berba topatuko dugu etxeaz eta horren baitan sartzen den guztiaz arduratzen den emakumea, eta emakumea baino ez, izendatzeko. Lagun batek, gizonezkoa bera, duela urte batzuk erabaki zuen bere zientzialari lana uztea, idaztetik bizitzen saiatzea eta bikotekidearekin dituen umeez eta etxeaz arduratzea. Egunero. Eta harro asko. Baina arazoak izaten ditu jendeari hitz batean erantzuteko, «zuk zein lanbide daukazu?» galdetzean, nahiko lukeelako euskara zuzena erabili, eta zehatza, baina hiztegietan ageri direnek ez dute asetzen, bera ez baita -ez bera bakarrik, behintzat- ez «etxejauna», ez «etxeko nagusia». Hau da, jefea.

«Hiztegiek bizi dugun jendartearen errealitatea islatu beharko lukete, eraldatuz doan heinean, ezta?» galdetu zidan joan den astean, bera eta bera lako gizonak izendatuko dituen hitz egokia txertatu beharra aldarrikatuz, hain xalo, hain ameslari... Pena apur batez erantzun behar izan nion erabat ados nagoela hiztegien funtzio gizarte islatzaileari dagokionez, baina, berak aipatu jendarte horri erreparatuta, bere ingurune hurbilenari, urrunago joan barik, benetan sumatzen ote duen bera eta bera lako gizonak errealitate hedatua diren edo, tamalez, salbuespen hutsak. Bitxikeriak, nolabait.

Izan ere, bera baita nik neuk, bederen, ezagutzen dudan etxekogizon bakanetako bat; eta egun batean bere lan-ibilbide arrakastatsuari uko egin eta, bestelako amets xume bezain garrantzitsuei jarraiki, bere familiaren zaintzaz arduratzea erabaki zuen bakanetakoa; eta bikotekidearen lanaren arabera herrialde batetik bestera -areago, kontinente batetik bestera- joateko prest dagoen bakanetakoa; eta hori guztia inolako frustraziorik edo barne-hutsunerik gabe, inolako konplexu sozialik gabe, bizitzen duen bakanetakoa. Nahita, gizontasun-eredu tradizionala alde guztietatik iraularaziz bizi den bakanetakoa.

Asko hitz egiten ari da egunotan Eusko Jaurlaritzak kontziliaziorako laguntzen inguruan hartutako erabakiaz, horretarako esleituriko aurrekontu partida agortu dela kausa gehiago ez ematekoaz, alegia. Arazo larria dakarkiena familia ugariri, eta, batik bat, familia horien sostengu (zentzurik zabalenean) diren emakumeei, kontziliaziorako laguntzen hartzaile ia bakarrak diren heinean. Eta, besteren gainetik, jendearen beharrei erantzuteko duen betebehar eta konpromisoa betetzeko, horretan egin beharko luke lan Eusko Jaurlaritzak indar bereziz: familia politika egokia garatzen, laguntza batzuk banatzera baino ez mugatu barik; familiaren gainean kideen koerantzukizunaz sutsu sentsibilizatzen, berau bultzatzen, eta lan munduan dirauten diskriminazio, txantaje eta trikimailuak tinko desagerrarazten, adibidez.

Arazoa, nagusiena, ez baita une honetan laguntza ekonomikoa bukatu izana, baizik eta egungo sistemak etxekoandreen nahitaezko iraupen eta sorkuntza bultzatzen jarraitzen duela, inolako aitorpenik gabe, gainera, eta ez dela inolako ahaleginik egiten etxekogizonen aukera ere egon dadin: ez aitorpen sozialari dagokionez, ez familientzat ekonomikoki bideragarria izateko ahalmenari dagokionez.