ANARTZ BILBAO
KRONIKA | GETXO FOLK JAIALDIAK

Eskoziar basoilarra, aire zeltak kukurrukuka

Capercaillie talde eskoziarrak 30. Getxo Folk jaialdi emankorra itxi zuen herenegun, lau egunetan 27.000 lagun (haur eta zahar) bertaratu dituena.

Getxo Folk jaialdiak ostegunean abiatutako 30. edizioa itxi zuen herenegun Capercaillie taldearen zuzenekoarekin. Antolatzaileen arabera, 27.000 lagun izan dira bertaratu direnak, karpapeko kontzertuez ez ezik arrastietan doan eskaini direnak entzun eta kalejiretan parte hartzera -kilt-ak jantzita herenegun bertan ziren Ringwood Pipe Band esaterako, eskoziarrak hauek ere-.

Capercaillie (basoilar eskoziarra), eskarmentu handiko taldea da, 1984an sortua, eta beraz, hiru hamarkada daramatzate oholtza gainean. Zortzi kidek osatua, Donald Shaw soinu joleak zuzentzen du taldea, eta berak osatzen du, Michel McGoldrick whistle eta gaita jolearekin eta Charlie McKerron fiddle jolearekin batera -bibolina, folk musikan-, soinuari dagokionez taldeari izana ematen dion hirukotea -apartekoa azken honen lana-. Taldearen kantari nagusia, berriz, Karen Matheson dugu, ahots fin eta altu baten jabea, gaelikoz abestu ohi duena.

Eskoziarrek iazko «At the heart of it all» diskoa zuten aurkezgai, «S' Och A' Dhomhnaill Oig Ghaolaich» ameslaria eta «The Jura Wedding Reels» animatuagoa tarteko. Musikariak, beren aldetik, euskal musikan lagun ugari zituztela esan eta gustura ziren Euskal Herrian egoteaz.

Sustrai zelta sakoneko folk kantu liriko eta onirikoak jo zituzten, sekzio erritmiko ikaragarri indartsu eta moderno baten babesean; eskarmentu handiko musikariak izanik, kanta bizi-bizienak ere, abiadura zainduz eta parranda girora iritsi gabe eman zituzten, fin. Karpapeak gutxi behar zuen guztiz lepo egoteko, eta pozik ziren zaleak. Bukaeran «dantza» aipatu zuen Shaw berak, eta dozenaka zalek agudo jo zuten oholtzapera, oinak astintzera.

Igandean Capercaillie eta larunbatean Osibisa afrikarrak izan ziren 1.600 lagunentzako atondutako karpan, baina ostiralean jo zuen Chambao eta, batez ere, Getxorako bereziki atondutako «Sustraiak» ikuskizuna izan ziren sarrerak agortzera heldu zirenak. Azken hori Ara Malikian arrabita jole armeniarrak -aita izan berritan-, Fernando Egozcue eta Jose Luis Monton gitarra joleekin batera zein Oreka Tx eta Kalakan taldeekin atondutako ikuskizuna da, karpa betetzeaz gain sarreran bertan dozenaka lagun bildu zituena, sartu ezinean kanpotik kontzertua jarraitzen.

Karisma handiko musikari sutsua da Malikian, eta berak egin zituen aurkezpen lanak. Lehenengo, gitarra jole bakoitzarekin hiruna kanta jo zituen (Lorcaren «Zorongo», «La tarara», «Viejos Aires», buleriaren bat...), tartean eta beren aldetik beste hiruna Oreka Tx -bost laguneko taldean, zoragarri harrizko txalapartarekin!- eta Kalakanek («Ama Euskadi» a capella, lo-kanturen bat...). Eta egitasmoaren funtsa sokak (gitarra eta arrabita), ahotsak eta txalaparta uztartzea zenez, guztiak batera joz («Harri, herri»...) bukatu zuten emanaldi dotorea -«11 musikari eta emakume bakar bat ere ez, horixe pega bakarra!», lagun batek egin zigun kritika-.

Publikoa bero zen hasiera-hasieratik, tartean haurrak zein zaharrak zirela. Bukaeran, «nik nire aldetik ez nuen oso argi ikusten uztarketa, zalantzak nituen -onartu zigun Oreka Tx bikoteko kideetako batek-, baina egia esatera oso energia polita sortu da hasiera-hasieratik»; oholtzapean zen lagunak eta zaleak agurtzen, irribarrea ahoan.

Musikaz gainera, lehenengo egunetan behintzat eguraldi aparta lagun, Munduko Terrazak deitutako gunean gurean bizi diren etorkinek beren herrialdeetako gastronomia eman zuten dastatzera, urtero legez: besteak beste, marokoar kuskusa, mexikar tinga takoa (Mexico Lindo elkartearen eskutik), pancit filipinarra (Pagkakaisa eta Sikap elkarteek), pastafrola argentinarra (Mujeres con Voz elkarteak), thiakry senegaldarra (Sunu Makaan elkarteak) edo mocochinchi boliviarra (Adrebol elkarteak); jakina baita musikak dantzara garamatzala, eta dantzak gosea eragiten du.