Nagore BELASTEGI
UDATE BETE | Ibilaldi proposamena: Iñaki Sagredo Ander Lasagabaster

Mitologiaz eta kirolaz jositako bidaia mendiaren barrunbeetara

Dimako mendiek txoko eder eta misteriotsuak gordetzen dituzte, horietan barrena sartzea eta norberak bere kabuz deskubritzea merezi dutenak. Itxuraz leku politak izateaz gain, mitologiako kondairek garrantzi bizia hartzen dute bertan eta Mariren laztana ia sentitu egin daiteke. Baltzolako kobazuloak, esaterako, Sugoiren gotorleku omen dira, egun aurkitu daitezkeen sugandila handienak bertako paretetara igotzen diren eskalatzaileak badira ere.

Euskal Herrian dauden eskalatzeko pareta guztien artean Baltzolako kobek esanahi berezia dute kirolzale askorentzat, marra erakargarriak baitaude bertan. Euria egiten duenean ere eskalatzeko aukera ematen dute, nahiz eta bero egiten duenean hezetasunak arazoak sortzen dituen. Ander Lasagabaster arrasatearra da bertako marretatik gora sarritan ikus dezakegun «sugandiletako» bat. Ilarduian «Celedon» marra osatu berri badu ere, Baltzola leku kuttuna du, bertan lortu baitzuen bere lehenengo 9a mailako bidea bereganatzea. «Baltzolako kobak dituen bideak zailtasun handikoak direla esan genezake. Bertan, Euskal Herriko biderik zailenetariko batzuk daude. Orain dela gutxi, mundu mailan ezaguna den Adam Ondra eskalatzaile txekiarrak 9a zailtasuneko bidea bertan bistaz kateatu zuen. Gaur egun, mundu mailan zailtasun honetako bide bat bistaz eskalatu duen bigarren pertsona izan da. Mundu osotik etortzen dira bertara eskalatzera», azaldu digu, bere kidea txalotuz. Baina berak ere badauka ibilbide oparoa. 12-13 urterekin hasi zen eskalatzen, eta nahiz eta bere ogibidea lantegi batean duen, goi mailako kirolarien zerrendan aurkitzen dugu bere izena.

Eskalatzaileentzat ez ezik, kobazuloetara gerturatzea interesgarria izan daiteke edonorentzat. «Baltzolako kobak ikusteko bidea lasaia da eta edozeinek egin dezake. Autoan joaten da Indusi auzoraino. Bertan aparkaleku bat dago, ez da oso handia, baina egingo dugun ibilbidetik gertu dago. Oinez, 15 minutuan gutxi gorabehera hel gaitezke kobetara». Indusi erreka zeharkatzen duen zubian kobazuloak non dauden adierazten duen kartel bat dago, eta hortxe bertan hasten da aldapa, atzean Zamakola errota zaharra uzten dugun bitartean. Gorputza berotu orduko asfaltatutako bidea utzi eta harriz betetako beste batetik jarraitu behar da Jentilzubiraino iritsi arte. «Zubi hau naturak eraikitakoa da, baina kondairak dioenez, jentilek -harri handiak mugitzera ohituak- bidearen alde batetik bestera pasatzeko erabiltzen zuten eta bere izena bertatik dator», azaldu digu Lasagabasterrek.

«Kobak hiru sarrera ditu, denak beraien artean konektatuta daude eta erraza izaten da linterna txiki batekin alde batetik bestera pasatzea», gaineratu du. Izan ere, asko dira kobazuloan dagoen tuneletik igarotzen direnak, baita espeleologia egitera animatzen direnak ere. Kontu handiz begiratzen badugu, Mariren irudia aurkitu dezakegu paretan pintatuta, urak sortutako lurpeko bidexka batean ezkutaturik. Euskal mitologian Mariren bizileku asko aipatzen dira, eta horien artean Baltzolako kobak aurkitu ditzakegu; bertan bizi omen da Sugoi, bere maitalea. Haien semeak, Atarrabi (zintzoa) eta Mikelats (gaiztoa) bertan ezkutatu ziren denbora batez deabruaren ikasle izan zirenean. Egun, kobazulotik lasai asko dabiltzan izaki bakarrak ahuntzak dira; bisitariekin ez dute arazorik izaten.

Buelta lasai hau egin ostean, tripek izaki mitologiko bat barruan izango bagenu bezala egingo dute orro. «Bapo bazkaldu nahi izanez gero, Korostondo jatetxea gomendatuko nuke. Berau, Indusi auzotik Otxandiora bidean dago. Bokata bat jatea nahiago badugu, zerbait azkarragoa, alegia, Dima herrian aukera ezberdinak aurkituko ditugu, baina nik Baltzola taberna gomendatuko nuke», adierazi digu ibilbide hau proposatzen duen eskalatzaileak.

Honelako txangoak errazegiak direla pentsatu dezake inork. Haientzat ere proposatu du ibilbide bat, Artaungan mendira (Aramotzeko mendizerra). Bertara joateko Artaun auzotik abiatu behar da. Joan-etorriko bideak 7,7 kilometro dauzka eta bi ordu eta erdian egin daiteke buelta (ordu eta erdian igo). Zailtasun ertaineko mendi-buelta polita da eta gailurrak bista ederrez gozatzeko aukera ematen du, 905 metroko garaiera baitauka. Aukera dexente eskaintzen dituen udalerria da Dima.

Fitxa

Kobazulora: Haurrekin egiteko ibilbide aproposa da, naturan ondo pasatzeaz gain euskal mitologiaren txoko garrantzitsu bat aztertzeko aukera izango dutelako.

Bazkaltzeko: Otxandio eta Dima artean dagoen Korostondo jatetxea aipatzen du Lasagabasterrek. Horrez gain, Dimako edozein tabernatan ondo jaten dela dio, adibidez, Baltzola tabernan ogitarteko onak egiten dituzte.

Errota: Diman betidanik erabili izan dute energia hidraulikoa. Horregatik, hamazazpi errota eta bost burdinola daude. Horien artean, Indusi auzoko Zamakola errota garrantzitsua da, oso egoera onean dagoelako.