J.L.
Txapeldunen Liga

Ugaitz Mugertzak eta Ander Erasunek erraz irabazi dituzte euren norgehiagokak

Mugertza II.ak eta Erasunek irabazi dituzte atzo eta herenegun jokatu diren Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioak, Larrañaga eta Donato Larretxea mendean hartuta.

Herenegun, Mugertza II.ak oso erraz hartu zuen mendean Mikel Larrañaga, jokatutako proba guztietan oso erraz irabazi baitzion, Leioako Udondo auzoan jokatu zen norgehiagokan. Mutrikuarrak jokatu ziren sei probak oso erraz irabazi zituen, eta azkeneko ekinaldira, iraupen probara, iritsi aurretik, dena erabakita zegoen, ia lau minutuko tartearekin heldu baitzen Ugaitz Mugertza.

Iraupen proban lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen aizkolari bakoitzak, eta 12 minutu eta 57 segundoan burutu zuen lana Mugertzak; eta 13 minutu eta 19 segundoan bukatu zuen Larrañagak. Denera, 25 minutu eta 49 segundo pasa zituen Mugertzak lan guztiak bukatzen, eta 29 minutu eta 19 segundo, aldiz, Mikel Larrañagak.

Atzo, Erasunek irabazi zion Donato Larretxeari Bastidan, eta herenegun gertatu bezala, garaileak proba guztiak eraman zituen, eta hemen ere azkeneko probaren aurretik dena erabakita zegoen; izan ere, iraupen probara ia minutu bateko tartearekin iritsi zen Erasun.

Iraupen proba 12 minutu eta 58 segundoan bukatu zuen Erasunek, eta Larretxeak, aldiz, 13 minutu eta 32 segundo behar izan zituen. Lan guztiak burutzeko, berriz, 24 minutu eta 14 segundo behar izan zituen Ander Erasunek, eta 26 minutu eta 47 segundo, aldiz, Donato Larretxea beteranoak.