Anjel Lertxundi
berria 2014/10/3

Paranoia

Estrabonek, begia baskoien lurraldean jarririk, idatzi zuen: «bertan dago Panpelon hiria». Handik ia hogeita bi mendera, José Iribasek, hatza lurralde beraren mapan jarririk, esan du mapa ez zaiola Nafarroaren errealitate instituzionalari egokitzen. Humboldtek, Bonaparte Printzeak, Defoek, Voltairek edo Orson Wellesek Euskal Herri gisa izendatzen duten errealitate historiko-kulturala ez zaio UPNren errealitate instituzionalari egokitzen. Iribasek ordezkatzen duen paranoia instituzionalaren mapan ez da kabitzen Nafarroaren eta Euskal Herriaren sinonimia usua. Ez da kabitzen ingelesak Basque Country gisa izendatzen duen errealitate historiko-kulturala, frantsesak Pays Basque, italierak Paesi Baschi, alemanak Baschishe Land.

Gaztelaniak ere País Vasco deitu izan dio politikakeriaren azioak (Iribasen errealitate instituzionalak) suntsitu nahi lukeenari. Itsutzeraino baitira egoskorrak, gaztelania ere debekatu beharko lukete.