Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Zeregin ezberdinak

Garai batean, estatuaren kriminalizazio kanpaina bortitzaren ondorioz, sano gaitza zen hiritarrei gizarte mugimenduen eta alderdi politikoen arteko independentzia azaltzea. Ez zuten ulertzen arratsaldean «kale» hitzaren erdarazko ordaina esprai beltzez ezabatzen ibiltzea eta iluntzean atxilotuak askatzearen aldeko manifestaldian egotea bi borroka ildo, antolakunde eta praktika politikoren ondorio izan zitezkeenik. Terrorismoaren aurpegi ezberdinak baino ez ziren telebistan. Zuk euskararen aldeko neurriak hartu beharraz hitz egiten zenien eta beraiek gatazka armatuaren biktimez egiten zuten berba.

Aldarrikapen ezberdinetan aurpegi berberak agertzeak gure lanaren eraginkortasunari negatiboki eragiten zion, eta kontziente ginen. Baina betiko lez, lan eskerga zegoen egiteke eta behar zena baino jende gutxiago. Ez gutxi, baizik eta ezarritako helburuak aurreikusitako denboran erdiesteko gutxiegi.

Gure herriko gazte asanbladan, garai batean, sektore anarkista bat egon zen. Mark Legassek Jakue Pascualekin idatziko «Anark-herria» liburua gustura irakurri genuenontzat, jende interesgarria. Erretxinduta agertu ohi zen euretariko bat baino gehiago, gazte asanblada batean parte hartzeagatik gizarteak ezker abertzalekotzat hartzen baitzituen. Noski, ezker abertzaleko jendeak izan ezik.

Tentsioak behera egin du gure kaleetan, eta horrek gizarte mugimenduen eta alderdi politikoen arteko zeregin ezberdintasuna nabarmendu beharko luke. Bai batzuen bai besteen lana eraginkorrago eginez. Alderdien lana ildo politikoan aurrera egiteko adostasunak lortzea den bitartean, mugimendu sozialen lanaren zati bat adostasun horien kostuak salatzea da. Edo izan liteke.

Ez dut esan gura gizarte mugimenduek menpekotasunik eza eta eraginkortasuna frogatzeko konfrontazioa bilatu behar dutenik kosta ahala kosta. Iruditzen zait adostasunak bilatzeko lan politikoa txukuna dela. Baina badira ere adostasun horiek eragindako kostuak, kritikagarriak baino, kritikatu beharrekoak.

Ez diogu beldurrik izan behar ezkerreko alderdi eta gizarte mugimenduen arteko eztabaida publikoari. Erlijio maisuak ura ardo bihur litekeela esan, kimikakoak ezinezkoa dela adierazi eta ikasgai biak gainditzeko gai izan behar dugu.