Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Atzerabideak

Afrika zabortegi erraldoia da; zabortegi erraldoi «bilakatu dugu». Bertan jaurtitzen dugu nahi ez dugun guztia. Plastikoa, aparailu elektroniko kutsakorrak, hondakin nuklearrak, iraungitako sendagaiak. Eta zabortegi seguru oro bezala, hesiz inguratu dugu. Aurrerakuntza deituriko galbide honetan, hondakinez bizi gara. Baina, aurrerako ihesaldi honek ezer gutxi izan du aurrerabidetik. Gure miserien sendagaia izan behar zuena bizimodu bilakatu zaigu.

Aldaketaren gakoa (indibiduoaren ikuspegitik) ez da egon ohi teoria handietan, ordea. Bestelako konexioak izaten dira bultzada ematen dutenak: sentimendu bat, oroitzapen bat, gure azalean sentitzen dugun errelato bat.

Soraluzen, auzo-konposta egiteko gune bat dago. Praktikak ze emaitza ematen zituen ikusteko jarria. Batzuen artean asaldura: arratoiak erakarriko zituela, usain txarra botako zuela eta antzeko topikoak. Baina hara non ikusten dituzun eguna joan, eguna etorri zure auzokideak konpostagailura hondakin organikoak botatzen. Kuriosoak han eta hemen, eta hara! «Ez du eta usainik botatzen!», sudur zuloak birikak baino zabalago irekita. Eta ondotik agureak, «guk hau garai batean baserrian egiten genuen ba! Azkenean lehengoa onena».

Horrela gabiltza. Konturatu gara plastikozko poltsak baino erosoagoa eta hobea dela telazkoa; tetrabrikak baino jasangarriagoak direla kristalezko botilak; supermerkatuan merke erositako barazkia baino baserrikoa osasungarriagoa dela; prakak haustean petatxua jartzea praktika ona zela, bota beharrean; ordenagailua edo telebista izorratzean konpontzeko norbait falta zaidala; jendez betetako hirietan gero eta isolatuago bizi garela; musika formatu digitalean baino biniloan askoz gehiago gozatzen dela. Eta hala, a ze paradoxa, konturatu gara beharbada, aurrerabidea baino atzerabidea dela egin beharko genukeen bidea.

Afrika zabortegi erraldoi bilakatu dugu. Bertan jaurtitzen dugu nahi ez dugun guztia. Plastikoa, aparailu elektroniko kutsakorrak, hondakin nuklearrak, iraungitako sendagaiak, pertsonak, gaixotasunak, ebola. Eta zabortegi seguru oro bezala, hesiz inguratu dugu. Sor Paciencia Afrikan utzi zuten zaborra bezala, eta gizon zuria hegazkinez ekarri hesiz gaindi ebolarekin. Orain, Afrikan dago sendagaia eta Sor Paciencia du izena. Hegazkinez ekarri dute hesiz gaindi pertsona zuria salbatzeko. Ondoren berriz bidali dute zabortegira, herio bidera, badaezpada ere. Errelato honek bihotza hautsi dit. Atzeratu asko da inguruotan.