Ozeano Bareko herriek Australiara eraman dute bizitzaren aldeko borroka
Betiko moduan egindako kanoak erabilita, 400 pertsona inguruk Australiako Newcastleko portura iritsi eta berau blokeatzeko ahalegina egin zuten atzo, ikatzez beteta doazen itsasontzien mugimendua saihestu nahian. Beren uharteetan bizitzen jarraitu nahi dute.
Klima aldaketa oso arazo larria da Ozeano Bareko herrientzat. Gizakiok eragindako fenomenoak dituen ondorioen artean itsasoko uraren mailak gora egitea dago, eta hori, jakina, oso kaltegarria da uharte horientzat.
«Mareak gora egiten duenean, ur gaziak gure laborantzak kaltetzen ditu, batez ere itsasertzetik kilometro bakar batera daudenak. Klima aldaketak gure elikagai segurtasuna eta Ozeano Bareko uharteak arriskuan ipintzen ditu», esan zien kazetariei Seia Mikaele Maiava Tokelauko ekintzaileak. Uharteko punturik garaienak bi metro baino ez ditu eta aspalditik sentitzen dituzte ozeanoaren erasoaldiak. Mikaele Ozeano Bareko Klimaren aldeko Borrokalariak taldeko kide da.
350.org erakundeak jakinarazi duenez, atzoko protestaldia egin zuten bitartean hamabi itsasontzi ziren portutik pasatzekoak. Horietako lauk lortu zuten kanoek osatutako hesia zeharkatzea. Gainera, Poliziaren jardueraren eraginez, kanoa batzuk irauli egin ziren eta ekintzaileetako batzuk uretara erori.
Ozeano Bareko Klimaren aldeko Borrokalariak hamabi estatuetako ekintzaileak dira. Kanoak erabili dituzte Australiaraino joateko. Simon Copland 350.org erakundeko eledunak jakinarazi duenez, protestaldia «baketsua eta sinbolikoa» izan zen, klima aldaketaren arazoa nabarmentzeko egindakoa.
Australiak ikatzaren industria gehiago hedatzeko asmoa du eta, ekologisten arabera, horrek klima aldaketaren efektuak larriagotu baino ez ditu egingo. Baina Tony Abbott lehen ministro kontserbadoreak aste honetan bertan garbi asko adierazi du ikatza dela «etorkizuna». Beraz, ekintzaileek exijitzen duten energia garbien aldeko apustuarekin ez du bat egiten agintariak.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
