Atutxa, lehen txapeldun bizkaitarra
26 urteko dimarrak irabazi zuen atzo Beasainen txapelketa handia. Azurmendi bigarren izan zen, eta Olasagasti, hirugarren.

Aitzol Atutxa dimarrak eraman zuen atzo lehen aldiz txapela Bizkaira, Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketa irabazita. 26 urteko aizkolariak txapelketa handi honen 30. edizioan egin zuen lorpen hori, Beasainen, bost aurkariren aurrean erakustaldi ederra emanez, gainera.
Hasiera-hasieratik ipini zuen bere erritmoa Dimako aizkolariak, nahiz eta Olasagasti izan zen aurrena lehen enborra erdibitzen. Ondoren, Azurmendi Atutxaren ondoan egon zen momentu oro eta bien arteko lehia ikusi zen. Bizkaitarrak zenbait arazo izan zituen lanean ari zela -aizkora apurtu egin zuen batean, eta enborra alde batetik apurtu zitzaion beste batean-, baina besteak baino sasoi hobean dagoela erakutsi zuen hasieratik amaierara.
Iñaki Azurmendik, etxe ondoan lehiatzen zenak, bigarren postua lortu zuen, Joxe Mari Olasagasti beteranoaren aurretik. Bestalde, Irazuk, Otañok eta Otaegik ez zuten inongo aukerarik izan txapela eramateko. Finaleko beste lehia izan zen horiena.
AITZOL ATUTXA (Dima, 26 urte). Txupetea ahoan, pozez gainezka, ospatu zuen Aitzol Atutxak bere ibilbideko lehen txapela Euskal Herriko txapelketa handian. Horrekin batera, irabazle atera den Bizkaiko lehen aizkolaria bihurtu da. Bigarrenari, Azurmendiri, bi minutu baino gehiagoko aldea atera arren, horretarako dimarrak lana gogotik egin behar izan zuen.
Laugarren enborrean, 60 ontzakoan alegia, Atutxak eta Azurmendik alde nabarmena ateratzen zieten besteei. Argi zegoen txapela bietako batek eramango zuela. Baina bosgarren enborrean Atutxak segundo gutxiko aldea eskuratu zuen. Hori bai, bizkaitarrak ezusteko txiki bat izan zuen momentu horretan, 72 ontzako enborra alde batetik apurtu baitzitzaion. Kirolari gazteak bi hankak lurrean ipini zituen, baina berriro gainera igo eta berehala erdibitu zuen.
Ondoren, lan erdiak amaitu baino lehenxeago, aizkora hautsi eta aizkora-ahoa enborrean sartuta geratu zitzaion. Lasaitasun osoz, ordezkoa hartu eta enborretik kendu zuen bere lanarekin jarraitu aurretik.
Hortik aurrera dimarrak ez zuzen beste ezustekorik izan eta gozatzeko erabili zituen azken erdibitzeak.
IÑAKI AZURMENDI (Arriaran, 42 urte). Etxe ondoan lehiatu zen atzo Azurmendi, azken txapelduna eta faborito nagusia. Baina lehiakide ederra izan zuen aurrean, garaipena ezinezko jarri zion aizkolaria, alegia.
«Oso prestatuta etorri naiz txapelketara, baina azkenean ez naiz oso gustura geratu. Nahiko lotuta sentitu naiz, agian urduritasunagatik. Ondoren saiatu naiz, baina berak alde egin du ordurako», adierazi zuen Iñaki Azurmendik amaitu eta gero.
JOXE MARI OLASAGASTI (Igeldo, 55 urte). Seiren artean helduena bazen ere, Igeldoko aizkolariak eskarmentua eta borrokarako gaitasuna erakutsi zuen beste behin. Lehen enborra erdibitzen lehena izan zuen, baina Atutxa eta Azurmendiren indarraren aurrean gutxi egin zezakeen. Gauzak hala, kemena atera eta Beasaingo pilotalekua bete zuten zaleen aurrean erakustaldia amaitu zuen, irabazlea baino zazpi minutu gehiago erabiliz.
JON IRAZU (Zizurkil, 32 urte), UNAI OTAÑO (Ibarra, 37 urte) eta JOSEBA OTAEGI (Zizurkil, 31 urte). Laugarren postua nork lortuko neurtu ziren bi zizurkildarrak eta Ibarrako aizkolaria. Otaegik oso ondo hasi zuen saioa, lehen enborra erdibitzen hirugarren denbora onena lortu baitzuen. Baina pixkanaka nekea sumatu eta behera egin zuen. Irazuk eta Otañok egoera aprobetxatu eta 31 urteko aizkolariaren aurretik amaitu zuten txapelketa handia.
APUSTUA. Olasagasti eta Rekondo abenduaren 28an neurtuko dira Tolosako zezen-plazan. Bakoitzak 20 kana-erdiko ebaki beharko ditu. Alde bakoitzak 8.000 euro jokatuko ditu.
Aitzol Atutxa: «Bizkaiak merezi zuen honelako txapel bat»
«Arraro». Hala sentitzen zuen Aitzol Atutxak bere burua, atzoko garaipena lortu zuenean. «Banekien aizkolari txapeldun hain gazterik ez dela egon Euskal Herriko 30 txapelketa hauetan. Baina etorri da eta oso gustura nago», argitu zuen aizkolariak.
«Bizkaiak merezi zuen honelako txapel bat. Azkenean etorri da eta ea horrek harrobia aldatzeko balio duen. Nafarrik gabeko lehendabiziko txapelketan bizkaitar bat izan da garaile eta ea bizkaitarrak hor sartzen garen», azpimarratu zuen.
Honekin batera, aitari eta etxeko andreei eskaini zien garaipena. I. CARRILLO

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
