Asier AIESTARAN
Pilota Lau eta Erdiko txapelketa

Gipuzkoarren loraldia ederki islatuko da Atanon

Olaetxea, Saralegi, Altuna III.a eta Rezusta finalerdien lehian sartuta dira. Artolak txartela ziurtatua du.

Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako lehen jardunaldia aparta izan da pilotari gipuzkoarrentzat. Aurreko ostiralean Mikel Olaetxea lizartzarrak 22-13 hartu zuen mendean Joseba Ezkurdia, eta astelehenean Ekaitz Saralegi 22-14 nagusitu zitzaion Julen Retegiri. Horrenbestez, asteburu honetan finalerdietarako txartela eskuratu dezakete biek, nahiz eta parean izango dituzten aurkariak ez diren nolanahikoak izango: Olaetxeak Aimar Olaizolaren aurka neurtuko ditu indarrak ostiral gauean Atano III.a pilotalekuan eta Saralegik Xalaren kontra igande arratsaldean Eibarko Astelenan.

«Soria eta Salamanca inguruko bide denak pasa ditut ia, eta orain berriz Atanon jokatzeko aukera izango dut. Sekulako ilusioa egiten dit, laino batean bezala nago», aitortzen zuen Mikel Olaetxeak atzo ETBk eginiko elkarrizketa batean. Eta ez da harritzekoa. Izan ere, Lizartzako aurrelariak behe-behetik hasi behar izan zuen lehiaketa, Lemunoren aurka kanporaketa aurreko bat jokatuz. Ondoren Jaunarena eta Barriola ere utzi zituen kanpoan, eta ligaxkako aurreneko neurketa irabazita, nahiz eta berak «saritzat» hartzen zituen final-laurdenak, aurrera egiteko bideak zabal-zabalik ditu Asegarcekoak.

Olaetxearen lorpenari Saralegiren garaipena ere batu zaio. Amezketarrak arazo dexente izan ditu eskuetan uda sasoian, nahi baino partida gutxiago jokatu ahal izan ditu, eta ez zegoen batere argi iaz erakutsitako maila bikaina emateko gai izango ote zen. Seguruenik ez zen horrenbestera iritsi herenegun Gernikan, baina lehen garaipena poltsikoratu zuen eta ondo bidean aurrerantzean bere mailak gora egin beharko luke.

Aipagarria da bi gipuzkoar egoera horretan ikustea, azken hamarkada luzean ez baita antzekorik gertatu. Kontuan izan behar da historian jokatu diren 28 txapelketa ofizialetan irabazlea behin bakarrik izan dela gipuzkoarra, Mikel Unanue 1999. urtean, eta orduz geroztik ez dela gipuzkoarrik izan finalean.

Badatoz gazteak

Badirudi, gainera, atzetik gazteak indartsu datozela. Promozio Txapelketari dagokionez, Iñaki Artola alegiarrak (20 urte) jada ziurtatu du finalerdietarako sailkapena. Jokin Altuna amezketarrak (18) eta Beñat Rezusta bergararrak (21), aldiz, ostiral honetan irabazi beharra daukate txartela eskuratzeko: Altunak Gorkaren aurka Atanon eta Rezustak Ricoren aurka Ceniceron.

Hain zuzen ere, ostiralean Atano III.a pilotalekuak hartuko duen jaialdia izango da pilotari gipuzkoarren loraldiaren adibide ederra, aipatutako kaiolako bi neurketez gain, aurreneko binakako partidan ere beste bi gipuzkoar arituko baitira, Aritz Lasa Ceciliorekin eta Mendizabal III.a David Merinorekin. Jaialdia 22.00etan hasiko da eta sarrerak aurrez Gipuzkoako Federazioan erosiz gero (688 85 77 10 zenbakira deituta) bost euro merkeago irtengo da bakoitza.