Garai berrietara egokituz
EEPF-k eta EHU-k «Berrikuntzak pilotarien prestakuntza fisikoan» jardunaldiak antolatu dituzte Gasteizen.

Ez omen dira horren zaharrak, pilotariek, euren prestakuntza egiteko mendi buelta batzuk eman, korrika pixka bat egin eta ohikoa baino txuleta gehiago jaten zituzteneko garaiak. Topikoetatik harago, egia da prestakuntza fisikoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela, pilotariak baino lehenago atletak diren profesionaletan. Hala ere, alor honetan dokumentazioan eta formakuntzan aurkitu dituzten gabeziei aurre egiteko, jardunaldi batzuk antolatu ditu Euskadiko Euskal Pilota Federakundeak, EHUren laguntzarekin. Gasteizko campusean izango dira, gaur eta datorren asteazkenean.
«Duela sei bat hilabete edo sortu zen ideia, federazioko artxiboetan begira nengoela 2011. urtean, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan (HTZ) pilotako prestakuntza fisikoaren inguruan ikerketa bat egin zela ikusi nuenean. Hortik Oidui Usabiaga, EHUko pilota irakaslea eta biok horren inguruan hizketan hasi ginen eta dokumentazio falta zegoela adostu genuenean», azaldu zigun Unai Legarreta, EEPF-ko zuzendari teknikoak.
Hari horretatik tiraka, gaur egun enpresa nagusietan lanean diharduten prestatzaileekin harremanetan jarri eta jardunaldi hauek antolatzeari ekin zioten, bakoitzaren esperientziak trukatu eta gabezia horiei erantzuteko asmoz.
Legarretaren iritziz, «egia da prestakuntza fisikoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela, eta gaur egun profesional guztiak, frontoiko saioez gain, ia egunero saio fisikoak egiten dituztela. Baina, oraindik ere hobekuntzarako tarte handia dago, zientifikoki ez dago informazio askorik eta prestatzaileek euren esperientzia propioaz baliatu behar dute».
Are gehiago, zenbait mito eta uste ere gainditu behar izaten dituzte prestatzaile fisiko hauek. «Pilota mundua beti izan da tradizionala, gimnasioan ibiliz gero txispa galtzen dela eta antzerakoak sarri entzuten dira, baina pixkana ikusten ari da ze garrantzi duen honek».
Afizionatuak ere bai
Bide horretan, EEPF-ko zuzendari teknikoak argitu zigunez, prestatzaile fisikoaren figura afizionatuetan ere bere lekua egiten ari da, eta punta-puntako afizionatuez gain, selekzio desberdinetan ere, gero eta ugariagoa da euren presentzia.
Topaketa hauetarako, punta-puntan dabiltzan prestatzaileengana jo dute. Aspeko gipuzkoarren taldearekin ari den Justo Lillok ezin izango du bertan egon, baina bai Barañainen Irujo, Oinatz Bengoetxea, Ezkurdia, Beroiz eta abarrekin ari den Aritz Altadill, Asegarceko Olaizola II.a, Saralegi, Oletxea, Albisu edo Artolarekin aritzen den Etor Mendia edo errioxarrekin jarduten duen Joaquin Plaza.
Bi egunetan, jardunaldiek egitura antzerakoa izango dute, hitzaldi teoriko bat, Jose Maria Etxeberriak eta Aitor Alberdik eskainiko dutena, eta saio praktiko pare bat -gaur Aritz Altadill eta Juan Carlos Samaniegoren eskutik eta datorren astean Etor Mendia eta Joaquin Plazarenetik-. Jardunaldi hauek irekiak dira baina Jarduera Fisikoaren Zientzien Fakultateko ikasleei eta klub eta federazioetako arduradun eta entrenatzaileei begira antolatu dira eta oraindik ere izena eman daitekeen arren, 55 badira interesatuak.
Baina ez da hau, formakuntza arloan Federaziotik egingo den ekimen bakarra, urtarriletik aurrera lehen mailako kirol teknikari kurtsoa eskainiko baitute. «Kirol gehienetan urtero egiten dira halako ikastaroak, baina pilotan normalean borondate izugarria baina formakuntza aldetik urriago dabiltzanek izaten dituzte haurrak entrenatzeko ardurak, eta hor eraginkorragoak izatea da asmoa. Futbolean badakizu titulua atera eta klub batean hasten bazara, zerbait kobratuko duzula; pilotan ia dena borondate hutsez egiten da», azaldu zuen Unai Legarretak, datorren urteari begira duten beste erronkaren berri emanaz.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

La RDC registra el peor desastre minero del mundo en 60 años
