Izeta III.a eta Urruzuno dira txapela lortzeko faboritoak
Eizagirre, Urrutia, Telleria II.a eta Otaegi ere lehiatuko dira bihar arratsaldean Aiako pilotalekuan.

Harri Txikien Euskal Herriko finala jokatuko da bihar, 18.00etatik aurrera, Aiako pilotalekuan. Aimar Irigoien ez da bertan izango, ez eta Izeta IV.a eta Ostolatza ere. Horrenbestez, finala oso irekia izango den itxura guztia dauka, nahiz eta Izeta III.a eta Urruzuno agertzen diren txapela eskuratzeko faborito.
Aurtengo txapelketa, gainera, berezia izango da; izan ere, txapela kilo gehien jasotzen dituen harri-jasotzaileak eramango du, baina 80 kilo baino gutxiago pisatzen dituen lehen harri-jasotzaileak ere bere mailako txapela lortuko du.
Izeta III.arekin, eta Urruzunorekin batera, Eizagirre, Otaegi, Telleria II.a eta Urrutia jardungo dira lehian. Bakoitzak 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kubikoa, 125 edo 150 kiloko zilindroa eta 125 edo 150 kiloko errektangularra izango dira erabili beharko dituzten harriak. Errektangularra 125 kilokoa bada, zilindroak 150ekoa izan beharko du, edo bestela alderantziz.
Txapelketa oso polita geratu da, oso irekia baita. Gainera, 80 kilo baino gutxiago pisatzen dituzten harri-jasotzaileentzat ere txapela izango denez, horrek are interes handiagoa ematen dio finalari.
Garbi dago garaipena lortzeko Izeta III.a eta Urruzuno direla faborito, eta bietako bat ez den beste norbaitek irabaziko balu, ezustea izango litzatekeela. Beraiek dira Gipuzkoako eta Bizkaiko txapeldunak, eta garaipenaren bila aterako dira aurreneko unetik.
Udako erakustaldien bolada ere igarota dagoenez, txapelketa hau prestatzeko tartea ere izan dute, eta seguru asko ez da emoziorik faltako, bien artean ez baitago ia alderik. Izeta, ordea, etxean arituko da, eta horrek akaso eman liezaioke abantailatxo bat, nahiz eta batzuetan etxean aritzea kalterako ere izaten den.
Beste mailako finala ere oso polita da. Lehiatuko diren hirurak dira maila handikoak. Agian 80 kiloz azpiko txapela lortzeko faboritoa Telleria II.a izango da, baina izerdi asko bota beharko du Otaegi eta Urrutia mendean hartzeko.
Ikusmina ere handia da, ordua eta eguna ere primerakoak dira, eta Aiako pilotalekuko harmailek sarrera handia izango dute saio hau zuzenean ikusteko asmoa dutenen aldetik. Aia, gainera, txapelketetan errege bihurtu da, seguru asko aurten han bezainbeste txapelketa ez baitira inon jokatu. Segako ia denak han izan ziren, giza-probakoa ere bai. Horrek agerian uzten du herri kiroletarako afizioa handia dagoela. Orain dena kirolarien esku geratzen da, eurek jarri behar baitute emozioa ikuskizun ona emanez, eta horretan saiatuko dira.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
