Aldaketak ASPn: WQS-ko izarrak puntu bihurtu eta ASP erakundea WSL bilakatuko da
Funtsean ereduak betikoa izaten jarraituko badu ere, zenbait aldaketa iragarri dituzte ASP erakundean. WQS kategorian jada ez dira zazpi maila izango, bost baizik. Junior mailan lehiakideek 18 urtetik behera izango dituzte. Eta ASPren izen berria WSL izango da.

Goi mailako txapelketak antolatzen dituen munduko erakunde ospetsuenak aldaketak egiten jarraitzen du. Association of Surfing Professionals (ASP) erakundeak olatu handien munduko itzuliarekin bat egin zuen iaz eta modu horretan lehiaketa eremua zabaltzeko asmoa erakutsi zuen.
Longboard, junior eta munduko surf zirkuituari olatu handien munduko itzulia gehitzearekin batera, Interneteko web atarian ere itxura aldaketa nabarmena egin zuten. Modu horretan ASPra haize berriak zetozela iragarri nahi izan zuten.
Orain, itxura bakarrik ez, datorren urtean zenbait izen eta formatu aldatzeko asmoa dutela erakutsi dute. Funtsean, ordea, ereduak berbera izaten jarraituko du.
ASP eta WSL
Aldaketa nagusia ASP erakundearen beraren izena izango da. 1982. urtean Ian Cairns eta beste zenbait surflarik sortu zuten Association of Surfing Professionals (ASP) erakundeak izena aldatuko du datorren urtean. World Surf League (WSL) izena izango du munduko surf itzuliak 2015eko urtarriletik aurrera.
Paul Speaker ASPko kontseilari ordezkariaren esanetan, «bi helbururekin egin dute urrats berri hau; batetik, surfaren kultura eta ondarea gorde nahi da, baina aldi berean, etorkizunean kirol hau zabaltzeko oinarri sendo bat eraiki nahi da».
Izarrak eta puntuak
2015. urtean WQS formatuari izena aldatuko diote. Horrez gain, Junior mailan ere aldaketak izango dira. Orain artean kategoria hau 20 urtetik beherako surflarientzat zen eta aurrerantzean 18 urteetan izango da muga hori, baina aldaketa hau 2016an jarriko da indarrean.
WQS mailan izango den aldaketa handiena izarrei dagokiena izango da. Alegia, orain artean zazpi mailak osatzen zuten eredu hau. Izar bakoitzak maila bat adierazten zuen; zenbat eta izar gehiago, orduan eta garrantzi handiago zuen txapelketak. Gehienez sei izarreko txapelketak zeuden, eta horrez gain PRIME izeneko kategoria zegoen, puntu eta diru gehien banatzen zuena.
Lehen, beraz, zazpi maila zeuden, izar bakoitzeko maila bat gehi PRIME kategoria. Datorren urtetik aurrera bost kategoria izango dira guztira, eta jarraian adierazten den moduan banatuko dira puntuak maila bakoitzean.
Adibidez, izar bateko kategoriak lehen WQS 1-Star zuen izena. Aurrerantzean QS1000 izenez ezagutuko da, eta izenak berak dioen moduan, 1.000 puntu bilduko ditu mota honetako txapelketa bat irabazten duen lehiakideak.
Orain 2-Star eta 3-Star direnek, aurrerantzean QS1500 izena hartuko dute. Beraz, modu horretan, orain bi eta hiru izarrekin bereizten diren mailak, datorren urtetik aurrera maila bakar bat izango dira.
Gauza bera gertatuko da orain lau eta bost izarrekoak diren txapelketekin. Egun, 4-Star eta 5-Star direnak, QS3000 izena hartu eta maila bakarra bilakatuko dira.
Sei izarreko mailak (6-Star), QS6000 izena hartuko du. Eta azkenik, PRIME kategoria QS10000 bilakatuko da.
Aurrerantzean, beraz, izarren ordez, maila bakoitzak eskaintzen duen puntu kopurua adieraziko da izen berriekin.
Kieren Perrow ASPko bozeramailearen esanetan, «QS mailan helburuak betikoa izaten jarraitzen du; alegia, surflari edo lehiakide onenek aurrera egin eta maila gorena lor dezaten bermatu nahi dugu».
«Datorren urterako iragarri ditugun aldaketak atleten, jarraitzaileen eta ikusleen esperientzia hobetzera bidean egin dira».
Bestalde, ASP zirkuituak egiten diren munduko zazpi eremuetan QS mailako txapelketak sustatzeko asmoa ere agertu zuen Perrowk. Horrela, Afrika, Australia, Europa, Hawaii, Japonia, Ipar Amerika eta Hego Amerikako txapelketak bultzatuko dira.
WCT mailari dagokionez, berriz, oraingoz ez da aldaketarik. Munduko ranking orokorrean puntu gehien biltzen dituzten 32 lehiakideak bakarrik izango dira lehen mailan lehiatu ahal izango direnak.

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
