2014/11/24

Kronika
FORUMA BAIONAN
Euskal independentismoak ez du adostasunaren bidea egin oraindik

Autonomia Eraikik Baionako fakultatean larunbatean antolatutako forumean sakon jorratu zituzten erabakitzeko eskubidearen nondik norakoak eta berrikitan Eskozian eta Katalunian eskubide hori egikarituz egin diren herri kontsultak.

Arantxa MANTEROLA
Po12_f02

Autodeterminazio eskubidearen erpin juridikoetatik hasi eta egun gori-gorian dagoen erabakitzeko eskubidearen kontzepturaino izandako bilakaera azaldu zuen Jean-Pierre Massias Zuzenbide Publikoa bertan irakasten duen adituak.

Besteren artean, eskubide hori erabili nahi duten herriek estatuetako konstituzioekin ezinbestean talka egiten dutela nabarmendu zuen. Izan ere, konstituzioa, definizioz, eremu zehatz batean barnebildutako giza komunitate edo herrien arteko ituna izaki, horietako batek bertatik bereizteko asmoa azaltzen duelarik, nahitaez itun hori hausteko bidean jartzen du. Soilik beren konstituzioetan sezesioaren eskubidea jasotzeko «adimena» izan duten estatuek (bi bakarrik daude munduan) ez lukete halako arazo juridikorik.

Alta, esparru juridikotik harago, erabakitzeko eskubidearen aitortzaren afera estatuen maila demokratikoa agerian jartzen duen adierazle argia dela nabarmendu zuen Massiasek. «Independentziaren gaia, nagusiki, gai politikoa da, ez juridikoa», adierazi zuen, borondatea edo akordioa dagoenean, moldaketa juridikoak egiten direla gaineratuz, esate baterako, Kaledonia Berriaren kasuan bezala.

Jarraian, Jon Iñarritu Amaiurko diputatuak, Eskoziako eta Kataluniako prozesuak jorratu zituenean, ondo baino hobeto azaldu zuen Britainia Handiaren eta Estatu espainolaren artean demokrazia ulertzeko orduan dagoen aldea. Konstituzio espainolaren «itxitasuna» eta Auzitegi Konstituzionalaren «politizazioa» erabiliz, funtsean eskubide demokratikoa dena Kataluniari nola ukatzen zaion bistakoa dela adierazi zuen. Alta, «zuzenbide estatuari zor zaion errespetuaren gainetik dago demokraziaren printzipioa eta horrek izan beharko luke beti lehentasun».

Eskozian eta Katalunian izandako erreferendumak eta ondotik sortutako egoerak aztertu zituzten lehen mahai-inguruan Xavier Solano SNPko kide eta Londresen Generalitateko ordezkari ohiak, Ester Capella ERCko senatariak eta John Etherington Zientzia Politikoetan ikerlaria denak. Oinarrian herri borondatea adieraztea helburu zuten bi herrialdeetako prozesuok, gauzatzeko orduan, zein desberdinak izan diren argi geratu zen eman zituzten zehaztasunekin. «Ez dira legeak demokrazia ekartzen dutenak, legitimitateak baizik», argitu zuen Capellak, Katalunian «iraultza demokratiko bat» gertatzen ari dela ziurtatu ostean.

Herri kontsulten emaitzen eta gorabehera guztien gainetik, hizlariek argi utzi zuten bai Katalunian bai Eskozian independentziaren egitasmoa ez dela bukatu erreferendumekin, eta traba guztien gainetik, erabakitzeko eskubide demokratikoaren bidetik, «era demokratiko eta baketsuan», herri borondatea gailenduko dela.

Eta hemen zer?

«Euskal Herrian, orain zer?» galderari lotuta, bigarren eztabaidak bertako egoera izan zuen hizpide. Patxi Zabaleta (Aralar), Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ), Karmelo Landa (Sortu) eta Alain Iriart (AB) mahai-inguruan saiatu ziren aurretik aztertutako bi herrialdeetan gertatzen ari dena Euskal Herrian posible ote den galderari erantzuten.

Berehala argi geratu zen bi estatuen artean eta hiru eremu administratibotan banatuta egoteak zenbateraino baldintzatzen duen erabakitzeko eskubidearen gauzatzea, are eta gehiago, aipatu Espainiako eta Frantziako estatuak horren jakobino eta zentralistak direlarik. Ez hori bakarrik, EAE, Nafarroa eta oraindik aitortza instituzionalik ez duten Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako berariazko egoerak, erritmoak, abertzaletasunaren indarra edota bertako herritarren premiak independentziaren bidea jorratzeko ezinbestean kontuan hartu beharreko aldagaiak direla ere agerian geratu zen.

Abertzaleak bultzatzaile nagusiak diren arren, Eskozian ikusi den moduan, abertzale sentitzen ez direnak ere independentziaren hautua egitera erakartzeko lan egin behar dela onartu zuten guztiek. Lekuko egoeran etorkizun hurbilean izan daitezkeen aldaketek (hauteskundeak, Podemos alderdiaren jokamoldea, Nafarroan horrenbeste iragarritako gobernu aldaketa, Ipar Euskal Herriko erakundetzea gauzatuko den ala ez...) erabakitzeko eskubidea egikaritzeko aukera hurbildu dezaketela ere esan zen, nahiz eta euskal lurraldeen arteko harremanak eta batera jarduteko eremu eta esparruak sustatzea baino bide eraginkorrik ez dagoela aitortu.

Baina hitz horien eta egun batez euskal lurralde guztiak batuko dituen estatu bat lortzeko adierazitako nahiaren gainetik, agerian geratu zen Euskal Herrian oraindik bide luzea geratzen dela Eskozia edota Kataluniaren egoerara iristeko. Izan ere, euskal independentismoak ez du ez herri proiektu bat, ez horretara heltzeko estrategia bateratua adostu oraindik.

Alderdi eta eragile politikoen gain bakarrik ez dagoen -eta Zelai Nikolas legelariak jardunaldiari bukaera emanez esan bezala, «egon behar ez duen»-, erronkatzat hartuta «herritarren aktibazioa» giltzarria dela nabarmendu zuten guztiek.