Vicentek garaipenak pilatzen jarraitzen du

Iker Vicentek garaipenak pilatzen jarraitzen du, eta atzo berak irabazi zuen Egur Sportek antolatu zuen Diva Torneoa. Leaburun jokatu zen saioan aizkolari gazteak izan ziren lehian, eta Otsagabiko gaztea zen faboritoetako bat, eta azkenean txapela ere berak jantzi zuen.
Sei aizkolari lehiatu ziren, eta bi multzotan banatuta aritu ziren aurreneko txandan. Batean, Alkizalete II.a, Rodriguez II.a eta Irazabal izan ziren, eta Alkizalete izan zen bere multzoko aizkolaririk onena.
Enbor bat moztera neurtu ziren, eta Asteasuko aizkolari gazteak bi neurketak oso erraz irabazi zituen. Aurreneko bi saioak izan ziren, gainera, eta azkenekoan neurtu ziren Rodriguez II.a eta Irazabal, eta hortxe erabakitzen zen finalerdietara sartuko zen bigarren aizkolaria. Segoviarrak aise hartu zuen mendean bizkaitarra, eta Alkizaleterekin batera sartu zen finalaren atarikora.
Bigarren multzoan neurtu ziren Vicente II.a, Alberdi, atzokoa irabazteko bi faborito nagusietakoak, eta Larrea III.a. Vicente eta Alberdi lehen saioan neurtu ziren, eta neurketa oso polita eskaini zuten, baina nafarrak bederatzi segundoko tartearekin irabazi zuen. Vicentek gero Larrea mendean hartu zuen, eta baita Alberdik Larrea ere, eta nafarra eta gipuzkoarra sailkatu ziren. Bi bizkaitarrak geratu ziren lehen fase honetatik kanpo.
Finalerdietan gurutzatu egin ziren, lehen multzoko aurrenekoa, bigarreneko bigarrenaren aurka, eta alderantziz. Alkizalete eta Txikia neurtu ziren lehen finalerdian, eta Asteasukoak lortu zuen garaipena, zortzi segundogatik. Bigarrengoan, oso erraz hartu zuen mendean Vicentek Rodriguez.
Azkenik, postuak erabakitzeko saioak jokatu ziren. Larreak lortu zuen bosgarren postua Irazabali irabazita. Hirugarren eta laugarren posturako deman, Alberdik ez zuen barkatu eta erraz irabazi zion Rodriguez II.ari. Finalean bi kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, eta 3 minutu eta 58 segundoan bota zituen Vicentek, eta 4 minutu eta 46 segundoan, aldiz Jokin Alkizaletek. Azkenean Vicentek txapela erraz jantzi zuela ere esan daiteke.
Atzerapena
Zalduak eta Mugertza II.ak pasa den ostiralean bota zioten desafioa Arria V.ari, eta bilera egiteko eguna datorren larunbaterako jarri zuten, baina datarik gabe atzeratzea erabaki dute.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
