Ibarrako taldea garaipena lortzeko faborito nagusia dela abiatuko da Aiako pilotalekuan mutilen 300ekoa
320ko lehiaketa amaituta, gaur bertan abiatuko da Goma Gaineko Txapelketako 300ekoa. Aurreko mailan bezalaxe, bi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute bi multzotan banatuta, eta bietako puntuak batu ostean, bakoitzeko aurreneko hirurek lortuko dute abenduaren 13an Ibarran jokatuko den finalerako txartela.
Ibarra da, dudarik gabe, txapela lortzeko faborito nagusia. 320koa eraman zuten, eta pisu honetan finala etxean jokatzen dutela kontuan hartuta, ahalegin berezia egingo dute garaipena erdiesteko.
Ñapurrak, Sokarrola A, Ibarra, Baigorri, Murueta eta Atzera taldeak izango dira A multzoan lehiatuko direnak, eta B multzokoak, berriz, Sokarrola B, Aguraingo, Urruña, Txantrea eta Iparralde. Hasiera batean, eta amaitu den maila kontuan hartuz gero, A multzoa da denetan indartsuena, bertan arituko baitira 320ko finalean aritu ziren sei taldeetatik lau. Beraz, eta kontuan hartuta hiruk bakarrik lortuko dutela finalerako txartela, lehia handiko multzoa izango da; izan ere, lauren artean egongo baita borroka. Hasiera batean, Sokarrolak eta Atzerak ez dute azken saioan egoteko aukera handirik izango.
Emakumezkoak 260koan ari dira lehiatzen, eta ligaxkako hirugarren jardunaldia jokatuko da. Gaurkoa eta gero, beste jardunaldi bat besterik ez da geratuko eta hori Ibarran izango da abenduaren 13an.
Oraingoz Ibarra dago sailkapeneko lehen postuan, 8,5 punturekin. Bigarren, Gaztedi A, puntu batera; eta hirugarren, puntu eta erdira, Gaztedi B. Badaiotzek 5 puntu ditu eta bi besterik ez, Bizindarrek. Beraz, azken hau kenduta, gainerako guztiek dute oraindik txapela lortzeko aukera.
Bestetik, amaitu berri da Nafarroako Sokatira txapelketa, eta jadanik txapeldun guztiak ezagutzen dira. Mutiletan, Beti Gazte izan da nagusi, beraiek lortu baitituzte 600eko eta 640ko txapelak. Nesketan, Berriozar-Amaiur taldeak eraman du garaipena, eta mistoan, berriz, mutilez eta neskez osatutako mailan alegia, Berriozarrek.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
