Garazi Kamio
Idazlea
49. Durangoko Azoka 2014

Egutegia

Beste behin, Estatu Batuetatik etorri zitzaigun iragarkiak egin du lekua gure buruetan. Artilezko txanoa buruan eta bufanda ia itotzeraino lotuta, eguberri sasoiko oparia jaso duen haurra zain daukagu, gure arreta noiz lortuko. Lazo ederrez apaindutako kaxa irekitzear dago haurra. Badoa. Hara, jarri du hain ezaguna zaigun harridura aurpegi hori. Urtero itxaroten dugun aurpegia da: begiak erabat zabaltzen ditu, kaxa barrutik agertzen den argiari begira (sekula ez dugu jakin zein den oparia, argia besterik ez baitugu ikusten). Oparia gustuko du, antza. Jostailu bat izango da, ziurrenera. Edo egutegi bat, zergatik ez. Egutegiei begiratzea biziki maite baitugu barru-barrutik. Yanki kiratsa darion iragarkiko protagonistaren musu bera errepikatzen da Azokan urtea joan eta urtea etorri. Datorren urteari begira jarritako egutegia erosten dugunean gertatzen da; edo, Txantxilloren pare, poltsak etxean utzi eta, saltzaileek jarri diguten pilari begira hasten garenean.

Egutegiak dira, liburuen eta diskoen atzetik, Azokan urtero oparitu eta saltzen diren ezinbesteko horiek.

Egutegia eskuratu bezain pronto, oharkabean itzultzen da kolore gorriaganako dugun maitasuna. Inprenta usaina duen egutegiari ere haur jaioberriari eskaintzen diogun begirakunea eskaintzen diogulako. Hain da polita, hain da bizia ...

Argazkiei erreparatu aurretik, ordea, jaiegunei begira jartzen gara. Hamabi orriak azkar antzean pasatzen ditugu, eta begiak erabat hanpatzen zaizkigu kolore gorria duten zenbakiei begira. Datorren urteko jaiegun kopurua eta balizko zubirik ote den jakin nahi dugu, berehala.

Durangon ere, paperezko baratxuri-txirikordak zintzilik egoten dira. Seaskako egutegiak dira, Arantzazuko orri-sorta mardulari aspaldi aurrea hartu zioten horiek. Umezurtz sentitzen gara Seaskako egutegirik gabe. Edo, bederen, noizbait arraro egin zitzaizkigun izenen falta sumatzen dugunean. Aurten, Seaskako egutegiak inoiz baino kolore gorri gehiago dakar. Datorren urtean ez dago jaiegun gehiago; ezta opor berezirik ere: Kaskarotenea ikastolari inposatutako isunek ematen diote kolore gorria Iparraldeko ikastoletako egutegiari.

Zeuk ere datorren urteko egutegiari gainbegiratua eman diozu. Oroitu zara Seaskako egutegia erosi behar duzula, nahiz eta, behin baino gehiagotan, martxotik aurrera kartulina zati borobila egunero beherantz mugitzeko nagia sartu izan zaizun. Martxoan jai izango omen dugu, hilaren 19an. Osteguna da eta beharbada ostiralean jai hartuko duzu. Hasi amesten.

Durangoko Azoka ere jaiegun kutsuko asteburuan ospatzen da. Badakizu iragarkiko haurren antzera jarri zaizkizula begiak Seaskako egutegiaren azken orrialdera iristean. Ea zer dakarren urte berriak... Datorren urtean, Azokak egun bat gehiago iraungo du, asteartea jai izango baita. Abenduaren 6ari erreparatu diozu, alboz: igandea da. Berez, bost axola, Konstituzio eguna ez da lanera ez joateko arrazoi bat. Baina, tira, jaiegunek beti ematen dute poza, kontzientziak irabazi nahi dizun arren. Irribarre txikia atera zaizu, ume bihurriarena: datorren urtean ez da eztabaidarako gaia izango Konstituzioaren eguna; igandea izango da. Kontzientzia eta jai egitearen arteko borroka hurrengo urterako utziko duzu, berriro begiak hanpatuta Seaskako egutegia Durangoko Azokaren erdian irekitzen duzun une horretarako.