Jokin ETXANIZ
ASPEko kirol zuzendaria
Lau eta Erdiko finala

Aimarrek ez du gaur abiadurarentzat erantzunik izan

Bi pilotari hauek ohituta gauzkatenerako, ez da aurrekoen antzik izan duen finala izan. Hala ere, nire ustez, partidaren giltza Juanek pilotari eman dion abiaduran egon da; Aimarrek baino gehiago eman dio pilotari, eta beste finaletan Goizuetakoak beti erantzunen bat aurkitzen bazuen ere, gaur [atzo] askoz gehiago kostatu zaio eta ez du abiadura horri aurre egiten asmatu.

Iazko partidarekin alderaturik, nik uste dut Juanek agian iaz gehiago ere jokatu zuela tarteka, baina Aimarrek pilota ikusgarriak eraman zituen, lehen zatian eutsi egin zion eta gero gainetik pasa zitzaion Juani. Aurten, ordea, Aimar ez da iazko mailan egon, finala ere okerragoa izan da, akats gehiago egon dira; hori bai, Irujo maila bat gorago egon da.

Juanentzat txapel berezia da hau, Aimarri Lau eta Erdiko final batean irabazi gabea zen, txapelak irabaztea asko gustatzen zaio eta horretarako lan izugarria egiten du. Batzuetan txapelak heltzen dira eta besteetan ez. Aurten, baina, hiru etorri dira, eskuko minekin oso une txarrak pasa ostean gainera. Etorkizunerako indarra emango dio, nahiz eta badakien gero eta zailagoa izango duela irabaztea.