Alpinismo Taldea osatzeko deialdia egin du EAEko mendi federazioak
Teknifikazio egitasmo honetan sei laguneko taldea osatuko dute, bi urteko formazioa eskaintzeko alpinismoaren alde tekniko zein praktikoetan. Curriculumak aurkezteko epea hilaren 31n amaituko da.
Oro har, nazioarteko mendi federazioek apustu garbia egiten dute mendizaletasunaren zutabe nagusietariko batekin: alpinismoarekin. Adibidez, gazteekin teknifikazio taldeak antolatzen dituzte, harrobi horrek etorkizunean bide egoki bat izan dezan. Eskuarki, egitasmo horiek «alpinismo taldea» izenarekin ezagutzen ditugu.
Euskal Mendizale Federazioari dagokionez, adibidez, ikusi dugu alpinismo taldeak sustatzeko asmoak gorabehera handiak izan dituela. Egon dira, bai, hainbat promozio, baina, batez ere azkenaldiotan, oso indar gutxikoak. Hala ere, badirudi egoera hori irauli nahi duela, eta dagoeneko deialdia egin du EMFren alpinismo talde sendo bat antolatzeko.
Egitasmo honen buruak, Kepa Escribanok, adierazi digu gogotsu daudela bide berri bati ekiteko: «Jakin badakigu gure ingurumari honetan alpinista gazte gutxi dagoela. Nahiz eta egun informazio, bitarteko... gehiago egon, gazteek mendiak dituen beste adar batzuen alde egiten dute. Gu, alabaina, prest gaude taldean sartuko diren gazte horiek laguntzeko. Batez ere teknika eta konfiantza aldetik. Kontua ez da guk, helduok, gazteak mendira aterako ditugula. Ez, izaera hori aldatu nahi dugu eta lortu elkarren arteko irteera izatea. Helduak bezala mendian jardutea bilatzen dugu. Adibide soil bat emango dut. Jakin badakigu mendian zein errepideetan arriskua dagoela, eta arrisku hori ahal den neurrian saihesteko bitartekoak jarriko ditugu. Horrek ez du esan nahi helduok auto hori gidatuko dugunik, edo mendira guk eramango ditugunik».
Harrobia prestatu
Alpinismo Taldeko zuzendariak aurreratu digunez, urrats egokiak egin nahi dituzte, eta, hasteko, bitarteko askorik ez badute ere, Escribanok uste du garaia heldu dela alpinista gazteak trebatzeko. «Momentuz, benetako teknifikazio saio bat aurrera eraman nahi dugu. Horretan saiatuko gara, ez goi mailako alpinistak trebatzen. Hori, agian, denboraren poderioz lortu ahal izango dugu. Bai, elite bat sortzeko urte asko behar dira».
Euskal Mendizale Federazioaren Alpinismo Taldea ez da oraindik osatu. Lehen urratsa curriculumak aurkeztea da. Horretarako, egitasmo horretan parte nahi dutenek hilaren 31 dute azken eguna.
Ondoren, talde horretako arduradunek 15 curriculum onenak aukeratuko dituzte, eta horiek guztiek Alpinismo Taldean sartzeko proba batzuk (arroka, izotza eta eskia) egin beharko dituzte. Hain zuzen ere, urtarrilaren 10 eta 11n; Pirinioetan eta baldintzen arabera.
Eta, Escribanok aurreratu digunez, proba horietatik taldean jardungo duten alpinistak aukeratuko dituzte: «Promozio bakoitzeko sei lagun izango dira. Bi urtekoa izango da, eta alde teknikoa zein praktikoa landuko ditugu. Adinaren aldetik, erabaki dugu mutilak 18 eta 25 urte bitartekoak izatea. Eta neskak, berriz, 18 urtetik gorakoak (adin mugarik gabe)».
Informazio osoa: www.emf-fvm.com webgunean.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
