Boga Boga, pertsiana jaistera derrigortua
Herri honetan ez da Boga Boga ezagutzen ez duenik. Gehiago edo gutxiago, denok izan dugu hura gidatzen zuen Maria Luisa maltzurraren berri, baita behinolako Lasa anaien hika-miken zein hogei urteotan Goenkalen izan diren gorabeheren notiziaren bat edo beste ere. 21. denboraldirekin, estatu espainoleko telesail zaharrena da «Goenkale» eta, ezustekorik ezean, aurtengo abenduan esango dio agur bi hamarkadotan etxe izan duen ETB1 kateari. Batzuen ustez, bazen garaia. Besteen iritziz, umezurtz geratuko da euskarazko fikziogintza. Telesailean lanean aritu direnek «Goenkale»-k asko eman duela eta gehiago eman dezakeela sinesten dute.

Goizeko zortzietarako piztuta izaten dira «Goenkale»-ko platoko argiak. Miramongo estudioan aurrera eta atzera dabiltza aktoreak, kameralariak, makillatzaileak... «Hemen beti gabiltza korrika, hamahiru eszena grabatzera ere iritsi gara eta, Madrilen, ohiko telesail batean eguneko hiruzpalau soilik grabatzen dituzte, pentsa zelako erritmoa daramagun!». Hala deskribatu ditu telesaileko produktore exekutibo Kimetz Susperregik kameren beste aldekoek daramaten bizimoldea.
Sorpresaz jaso zuen «Goenkale»-ko grabaketak otsailean amaituko zirelako albistea. «ETBtik esan digutena da otsailaren 9an amaituko ditugula 21. denboraldiko grabaketak eta horrekin amaitutzat ematen dela `Goenkale'-ren ibilbidea. Beti dago zer hobetu, baina guk uste dugu gauzak ondo egin ditugula eta sorpresaz jaso dugu albistea».
Urtarriletik aurrera, astean behin emango da telesaila eta, ezustekorik ez bada, abenduan amaituko da betiko. «2015 guztia dugu aurretik, azken gidoiak indartu ditugu jende gehiagorengana heltzeko asmoz eta guk jarraituko dugu ahalik eta hoberen lan egiten ahal dugun neurrian datuek hobera egin dezaten. Ez dugu esperantzarik galtzen».
Audientzia da, ETBtik helarazi dietenaren arabera, «Goenkale» baztertzeko arrazoi nagusia. Susperregik ez du beherakada ukatzen, baina argi du kate berriak sortu ahala eta, batik bat, LTDaren sarrerarekin, audientziaren tartatik denek jaso dutela zati txikiagoa: «1994an asko jota sei kate egongo ziren. Euskaraz egiten zen lehen fikzioetarikoa zen eta jendeak oso ondo hartu zuen. Lehen urteetako boomaren ostean jaisten joan da eta, 2010 inguruan digitalizazioa eta abar gertatu zirenean, jaitsiera nabarmena egon zen». Halere, «Goenkalek» egun ematen dituen datuak «nahiko onak» direla uste du. 2014ko batez bestekoa 2'5 inguruko sharea, dioenez: «ETBn, kirol emanaldiak kenduta, beti izan da audientzia gehien eman duen produktua».
ETB eta Pausokaren arteko koprodukzioa da «Goenkale». Talde teknikoan eta errealizazioan Pausokako 40 pertsona inguru dabiltza telesailean lanean eta urteko 30 aktore finko eta noizbehinkako 60-80 antzezle pasatzen dira Miramongo estudioetatik. ETBk 30 pertsona inguruko lantaldea jartzen du. «Printzipioz, `Goenkale'-n dabiltzan horiek lanik gabe geratuko dira. Ikusiko dugu ea beste proiekturen bat irteten den eta bidera ditzakegun beste norabait», dio Susperregik. Alde horretatik, EiTBtik fikzioa indartzeko ahalegina egingo dutela esan izan da eta, horren aurrean, notiziarik ez duela azaldu du Pausokako kideak: «Nik prentsan irten dena besterik ez dakit, ideia hori badagoela, baina niri behintzat ez didate ezer aipatu».
«Goenkale» desagertzeak galdera berriak jartzen ditu mahai gainean. Egongo al da fikzio berririk ETB1en? Susperregik dio «Goenkale»-k hutsunea utziko duela: «Pentsatu nahi dut ETBko pertsonen buruan bestelako proiektu eta ideiarik egongo dela. Fikzioa beti egin behar da, telebista kate batek fikzioa behar du gauzak beste era batera kontatu ahal izateko, baita entretenitzeko ere. ETBk fikzioa behar du, eta espero dugu fikzioa egiten jarraitzea».
Euskal antzezleen harrobia
Susperregik 8 urte zituela ezagutu zuen «Goenkale». «Garai hartan euskarazko fikzio bat egotea zerbait berritzailea izan zen. Bazeuden pertsonaia erakargarriak, Txapas, Maria Luisa, Tximas... Edo Boga Boga eta Barsobia bezalako agertoki mitikoak. Orio eta Tolosako kanpo agertokiak. Ginaren hilketa, Leoren iritsiera, Txapas eta Lutxiren arteko kontuak... Orain, Alizia, German, Kandido... Nik uste denok ikusi izan dugula inoiz. Bi hamarkada hauetan asko eman duen telesaila da. Herri honetan, gure baliabideak eta aurrekontuak eskasak izan arren, euskarazko fikzioa egin daitekeela erakutsi du eta ikusle asko urrutiko agintearen botoia sakatu gabe mantenduz gainera».
Bi hamarkadetan «euskal aktore gehienak» pasatu dira «Goenkale»-tik eta, alde horretatik, euskal antzezleen harrobitzat ere hartua izan da. «Euskal aktore batentzat bere herrian eta bere hizkuntzan lan egiteko aukera izan da `Goenkale'. Maiatzean egiten ditugun castingetara ehundik gora aktore etorri dira urtero eta horietatik 8-12 pertsonaia berri atera izan dira. Askorentzat hau izan da euren lehen esperientzia, hemen gorpuztu dira aktore gisa, `Goenkale' antzezle batentzat oso exijentea baita... Egunero 10-12 orri ikasi, hurrengo goizean Miramona etorri eta 5-6 sekuentzia grabatu eta berriro hurrengo egunerako gidoia ikasi beharra, ez da erraza; erritmo handian aritzen gara», dio. «Goenkale»-tik pasatu dira, besteak beste, Barbara Goenaga, Miren Ibarguren, Joseba Apaolaza, Aitor Luna, Ane Aseginolaza edota Iñaki Beraetxe. Baita Kontxu Odriozola ere, behin baino gehiagotan kalean geratu eta Maria Luisaren maltzurkeriengatik azalpenak eman behar izan dituena: «Maiz gertatzen da! Antzezle direla jakin arren, ikusleak bere etxeko telebistan ikusten du eta tramaren inguruan eta abar galdetzen dio, azalpenak eskatu... Orain gutxi Karmele Larrinagak kontatzen zigun Azpeitian geratu eta galderak egin eta egin aritu zitzaizkiola. Hori polita da, eta telesaila sinesgarria dela erakusten digu».
Euskarari ere asko eman diola uste du Susperregik. Euskara ikasle askok egin dute belarria telesailarekin, eta aipatzekoa da hitanoari eman zion presentzia ere. «`Goenkale'-k fikzioa euskaraz nola idatzi erakutsi digu, eredua izan da. Gidoilariek sekulako lana egin dute, platoan bertan euskara arduradun bat izaten dugu euskaraz esaten dena zuzena izan dadin. Hizkuntza zaintzen ahalegindu gara. Batzuetan naturaltasunarekin talka egin izan dugu, hau da, kaleko euskararen eta euskara zuzenaren arteko talka hori. Baina, `Goenkale'-n entzundakoari esker, esaldi asko natural bilakatu direla uste dugu, hor ere egin dugula gure ekarpentxoa».
Audientziaren «aitzakian»
Janire Estevezek 18 urte ditu. Psikologia ikaslea da, eta Alazneren papera egiten du «Goenkale»-n. Bera da telesailera sartzen azkenetarikoa. Errenterian hiru urtez antzerkia egiten aritu ostean irakasle baten gomendioz eta «gogo gehiegirik gabe» aurkeztu zen «Goenkale»-ko castingera. «Eta hartu egin ninduten», dio. Antzerkiaren xarma gogoko badu ere, telebistak asko irakatsi diola onartzen du: «Badakit beti gauza bera esaten dela, baina pila bat ikasi dut. Hasi nintzenetik [iazko irailean hasi zen] hona askoz gehiago dakit, hika ez dut behin ere hitz egin eta orain tarteka nahi gabe irteten zait, kamerak kontrolatzen ikasi dut, argiak...». Telesailean aritzeak antzezle izateko gogoa piztu diola dio, segurtasuna eman diola eta amaiera «penaz» jaso duela: «Ez niregatik; konturatzen naiz `Goenkale'-tik jende asko pasatu dela eta, segur aski, nire esperientzia hemen geratuko dela. Euskal telesail bakarra kentzea tristea da, audientziak behera egin badu kentzea normala iruditzen zait, ikus-entzuleek nahi izan behar dutelako telesailak aurrera egin dezan. Baina horren ordez beste zerbait jarri beharko luketela uste dut. Iruditzen zait gauza gehiegi kentzen ari direla. EITBk euskara sustatu behar du eta euskaraz ditugun gauzak kentzen badituzte... ez dakit zertan geratuko garen», dio.
Iritzi berekoa da Itziar Ituño ere. Nekane ertzainaren papera egin du 90eko hamarkada amaieran bi urtez eta, atseden baten ostean, 2005. urtetik gaur egunera arte. Euskaldun berria zen «Goenkale»-n hasi zenean eta antzezle zein euskara aldetik eskola izan duela dio. «Ikasi eta ikasi, horixe egin dut `Goenkale'-n. Baita lagunak ere, familia handi bat baikara». Amaiera zetorrela sumatzen zuela dio, Miramongo estudioetan bilerak biderkatzen ari zirela ikusi bezain pronto: «Beti esan izan da produktu garestia dela, baina aurten batzar asko egin dira.... Esan zigutenean, espero arren, kolpe galanta jaso nuen. Batez ere korrika eta presaka egin delako, eta nire ustez era eskasean emango zaio amaiera 21 urte hor egon den eta audientzia ikaragarria izan duen telesail bati».
Audientzia. Hori da, hain zuzen, EITBko arduradunek telesailari amaiera emateko erabili duten argudioa. Ituñok zalantzak dituela dio: «ETBren audientziak eskasak dira orokorrean, ez dago kalitate askorik programetan, eta `Goenkale' bera gero eta baliabide, diru eta aktore gutxiagorekin egiten jarraitu behar izan dugu. Horrek faktura pasatu du, egia da, baina jarraitzen du audientzietan lehenengo postuetan egoten. Nik pentsatzen dut baten bat ibili dela hor gogotsu eta lortu duela azkenean. Hori da nire teoria».
Larriena, ordea, «Goenkale»-ren ordezko fikziorik ez egotea litzatekeela uste du. «Zeozer potentea ez badute ipintzen, ez dakit zer gertatuko den ETB1ekin. Hori da arriskutsuena. Dirua egon badagoela uste dut, gauza gehiago ez badira egiten ez dutelako nahi dela, edo batzuen poltsikoak beti bezain beteak mantendu nahi direlako. Lekua badago, bai `Goenkale'-rentzat eta baita bestelako kalitatezko programentzat ere». Falta dena «horretarako borondatea» dela dio, eta epe luzerako estrategiak garatzea. «Eta hori erabaki politiko bat da».
Aktoreei dagokienez, aurretik «panorama beltza» dutela uste du Ituñok: «`Goenkale' barik hotz handia egingo du hor kanpoan». Bide beretik doa Martxelo Rubio ere. Telesailaren hastapenetan Jon Kepa, AEBetatik zetorren euskal jatorriko homosexualaren papera egiten zuen. Azken zazpi urteetan Kandido izan da. «Hasi zenean, hiru hilabeteko esperimentu modukoa izan zen `Goenkale'», dio, eta, arrakasta ikusita, gaur egunera arte iritsi dela. «Eskolaz eskola aritzen ginen hitzaldiak emanez, eta han sortzen zena... eromena zen», dio. «Goenkale»-k «gauza asko eta asko» eman dizkiola ziurtatzen du, antzezle batentzat aktiboan egotea eta egonkortasuna eskuratzea izugarria dela: «Beti prest egoteko aukera ematen dizu, emozionalki estabilitatea, baita ekonomikoki ere. Zeresanik ez, ofizioa ikasteko aukera». Rubiok ez zuen amaierarik espero. «`Goenkale' da ETB1i audientzia apur bat ematen diona, eta ez nuen espero. Gure kolektiboarentzat Fagor ixtearen pareko izan da. `Goenkale'-ren audientzia jaitsi egin da, bai, baina, portzentualki gehiago jaitsi da ETBrena. Hortik aurrera, norberak atera ditzala bere ondorioak».

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
