Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Hurley Australian Open: Kanoa Igarashi eta Isabel Nichols nagusi munduko junior lehiaketan

Junior kategoriako txapelketa garrantzitsuen sasoia da Australian. Joan den astean Sydneyko Manly hondartzan izan zen txapelketako irabazleak Kanoa Igarashi eta Isabel Nichols izan ziren. Orain, Newcastleko kostaldean daude munduko junior lehiakide onenak.

Pasa den asteburuan amaitu zen Australiako ekialdean, Manly hondartzan, egin zen surf txapelketa. Txapelketa berean Junior eta QS (Qualifying Series) kategorietako lehiaketak egin ziren, eta horietan bietan gainera, nesken zein mutilen txapelketak egin zituzten; beraz, lau txapeldun izan ziren guztira.

Artikulu hau, ordea, gaztetxoen txapelketaren berri emateko da. Izan ere, Open kategoriako beste txapelketa garrantzitsu bat ere izango da aste honetan bertan eta datorren astean bi txapelketen berri emango dugu atal honetan bertan.

Sasoi honetan, Australiako gazteek udako oporrak dituztela-eta, junior mailako txapelketa ugari izaten da Australian. Hogei urtetik beherako lehiakideek zenbait mundu txapelketatan parte hartzeko aukera izaten dute horrela eta irabazleak 1.000 puntu eskuratzen ditu junior mailako mundu mailako rankingerako.

Sydney iparraldean egin berri duten txapelketa junior kategorian aurten egin den mundu mailako hirugarren txapelketa izan da. Lehena Australian bertan izan zen, urtarrilean, Carve Pro Junior, Maroubrako eskualdean, eta irabazlea Ethan Ewing Gold Coasteko surflari gaztea izan zen.

Urteko bigarren Pro Junior txapelketa, berriz, Hawaiiko Oahu uhartean izan zen, urtarrileko azken astean, Sunseteko eskuin olatu indartsuan, eta irabazleak Dax McGill eta Seth Moniz neska-mutil hawaiiarrak izan ziren.

Pasa den astean Manlyko hondartzan izan zen Australian Open of Surfing Pro Junior txapelketako irabazleak Kanoa Igarashi estatubatuarra eta Isabel Nichols australiarra izan ziren. Metro bateko olatu narrasetan lehia bizian aritu ziren hogei urtetik beherako munduko surflari onenetako asko.

Igarashi, 17 urteko gaztea, gailendu zen mutilen atalean. Huntington Beacheko surflaria Harry Bryan australiarraren kontra aritu zen finalean. Lehenak 16,83 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin, eta bigarrenak, berriz, 13,90 puntu baino ez zituen bildu.

Txapelketa zaila izan zela azpimarratu zuen Igarashik: «Hemen junior kategoriako munduko surflari onenetako batzuk daude, eta, noski, nire surfa maila bat gorago igo beharra izan dut».

Igarashik bere aurkari eta laguna ere kontuan izan zuen saria jaso ostean: «Harry zoriondu nahi dut. Txanda bakoitzean guztia ematen aritu da. Elkarrekin bidaiatu eta egon izan gara, baina orain artean ez genuen txanda batean topo egin. Horrexegatik bere kontra jo eta su aritzea esperientzia interesgarria izan da».

Nesken atalean bi australiar izan ziren buruz buru finalean, Isabella Nichols eta Macy Callaghan. Alde handiz nagusitu zen Nichols; izan ere, txapelketako puntuazio onenak jaso zituen eta finalean ere ia bi hamarreko egiteko zorian izan zen.

19,47 puntu eskuratuta irabazi zuen Nichols gazteak. Sekulako emaitza da, baina neskato honek helburu handiagoak dituela azpimarratu zuen oholtzatik jaitsi ostean egin zioten elkarrizketan. Honela mintzo zen Nichols: «Junior mailako txapelketa bat irabaztea oso ondo dago, bikain, oso gustura nago, baina nire helburuak aurtengo urte sasoiari begira QS mailako itzulian ditut».

Otsaileko bigarren txapelketan parte hartzeko (mundu mailako zirkuituko laugarrena) apur bat iparralderago jo beharko dute australiar gazteek, Newcastleko kostaldera, hain zuzen ere. Merewether hondartzan izango da Hunter Business Boardriders Pro Junior txapelketa, otsailaren 12 eta 15 artean.

Australiako eta Hawaiiko txapelketen ondotik, Hego Amerikaren txanda izango da; izan ere, otsailaren 26 eta 28 artean Rip Curl Pro Junior Series txapelketa izango da. Lehenengo aldiz, junior kategoriako munduko txapelketa bat izango da Perun, San Bartoloko kostaldean, eta han izango dira hogei urtetik beherako munduko lehiakiderik onenak.

Honi buruzko guztia: Surfa