Mikel Zubimendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Ez dagoen tokitik ateratzerik balego?

Ez dakit absurdoaren aroan bete-betean sartu ote garen, arrazionaltasuna eta zentzu onaren neurrriaz erabat gabeturik edo ze demontretan gabiltzan. Saiatu arren, ezin ditut kontu batzuk ulertu, agian arrazoimenaren ahalmena aspaldi galdua dugu eta ez dagoen tokitik ateratzen saiatzen tematuta gabiltza, behin eta berriz eta beti berdin: piperrik ezin ulertuta. Saiatzen gara pentsamendu freskoa eta argia mantentzearren eguneroko ohikeria informatibotik distantzia hartzen, kasurik ez egiten, osasuna zaintzen, baina beti berdin, purrustak purrustategi eta eskaskeria lege.

Adibide bat: sindikatuen arabera, murrizketen txapeldun omen den Urkulluren Gobernuaren Lan eta Politika Sozialen sailburu berria, Angel Toña aski sonatua, langileen aldeko Robin Hood bat omen da. Ederra patatie! Lege injustu batek errepresaliatua, intsumiso bat espirituz eta, tira, arazorik ez du kargua betetzeko. Dena txikikeria, huskeria bat, gora gu ta gure pastela! Edo interes ezkutuak? Latza benetan. Itsusia oso.

Beste bi adibide: euskararen kargu instituzional txit goren-goren baten arabera, euskaraz ez dakitenek ez dute sufragio pasiborako eskubidea. Esatea ere! Eta apar festara hara non batzen den euskalgintzako beste guru bat esanez Nafarroan aldaketa euskaraz egingo dela edo ez dela egongo aldaketarik. Ze esango dut ba... ba gauzak horrela planteatuta, ez dela aldaketarik egongo. Hori, ziur.

Luza ninteke adibideetan, baina bego horretan, bere larritasunean. Noizbait hitz egin beharko da, serio demonio, euskarak euskalgintzarekin daukan arazo serio-serioaz. Atzorako hobe. Edo sindikatuen hainbat posizio eta praktikaz, biluzian, ahobizarrik gabe, behingoagatik.

Horrela ezin liteke. Horrela... «on n'arrête pas la connerie»... eta berdinean gabiltza, zentzu ona galdu izanaren, «n'importe quoi» esatea libre eta dohain dela iriztearen itzala luzatuz. Okerragoa: hori bada dagoen maila, gure herriaren arazoa, besteak beste, mailarik ez dagoela dela nabarmenduz. Eta ez dagoen tokitik ateratzerik balego?