Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Mark McNamara hil da Kirran surfean ari zela

Munduko surf txapelketa amaitu berri zen leku berean hil zen txapeldun ohia.

Australiako longboard txapeldun ohi Mark McNamara pasa den astean zendu zen Kirran surf egiten ari zela. McNamara, Gold Coasteko uretan hil zen bihotzekoak jota.

Azken asteetan albiste izan den tokian, Coollongatako hondartzan, jazo zen ezbeharra. Munduko txapelketa amaitu eta bi egunera, martxoaren 15ean, munduko surflari onenak lehian izan ziren leku berean hil zen McNamara.

Superbank urautsi famatuak eskaintzen duen azken sekzioan (Kirra) surfean ari zela bat-bateko infartua izan zuen McNamarak. Sorosleek hondartzara atera eta suspertzeko ariketak egin zizkioten, baina surflariaren gorputzak ez zuen erantzuten eta anbulantzian ospitalera eraman zuten. Tweed Heads ospitaleko medikuak eman zuen 51 urteko surflari ezagunaren heriotzaren berri.

Mark McNamara longboardzaleen arteko mito bat zen; izan ere, longboard txapelketetan emaitza onak eginak zituen eta Australiako txapeldun ohia ere bazen. McNamara Gold Coasten bizi zen eta Burleigh Longboard Club elkarteko kidea zen.

Greg Tilley, BLC elkarteko zuzendariak, hitz hauekin deskribatu zuen Mark McNamara: «Elkarteko gaztetxoekin entrenatzeko prest zen beti, baita ahalmen urriko haurrekin itsasoratzeko ere. Uretan jaio zen, baina uretan zuen abileziaz aparte, tipo aparta zen».

Mark McNamararen kasua ez da lehena. Munduko txapelketa bat izan eta egun gutxira leku berean hil diren surflariak ez dira maiz albiste izaten, askotan pertsona ezagunak ez direlako, baina batzuetan gertatzen dira horrelakoak.

2005ko abenduaren 2an, esaterako, Pipelinen (Hawaii) munduko surf txapelketa esanguratsuena hastear zela, Malik Joyeux 25 urteko Tahitiko surflariak bizia galdu zuen ordu batzuk beranduago munduko surflari ezagunenak lehian ikusi genituen urautsi berean. Antza, buruarekin taula jo ostean konortea galdu eta itota hil zen.

Beste adibide bat jartzearren, Teahupooko urautsian orain hamabost urte izandako ezbeharra aipa daiteke, kasu honetan ere Tahitiko surflari batek bizia galdu baitzuen.

2000. urteko Tahitiko munduko txapelketa tragedia batekin hasi zen. Briece Taerea bertako surflari eta lehiakideak bizia galdu zuen egun gutxi batzuk lehenago Teahupoon bertan surf egiten ari zela. Olatu bat azpitik pasatzen ari zela aparrak arrezifearen kontra bota eta kolpearen ondorioz bi egun egin zituen koma egoeran, hil aurretik. Taerea, munduko surf txapelketan parte hartu ahal izateko lehian ari zen.

Honi buruzko guztia: Surfa