Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Ezjakintasuna nagusi

Gaztetxoak ginenean, nebak eta biok egundoko une lotsagarriak igarotzen genituen gure amaren ateraldiak zirela-eta. Egoten ginen gure gauzetan murgilduta eta bat-batean, inolako abisurik gabe, masturbazioaz hitz egiten hasten zitzaigun, eta ondoren galdezka, jakina. Amak, beti amak, masturbazioa ez ezik, hirugarrenekin izan daitezkeen hartu-eman sexual mota guztiak ere ekarri ohi zizkigun elkarrizketara, eta koitoa aipatzearekin batera izugarri nabarmentzen zituen «preliminarren» gozamena eta, bereziki, kondoien beharra. Gu, gorriaren gorriaz non sartu ez genekiela, izugarri haserretzen gintzaizkion «bere gauzekin» jazartzen gintuela-eta.

Egun, ostera, maitasun eta harrotasun handiz oroitzen ditut amaren ahalegin saiatu haiek seme-alabak ez zitezen ezjakinak izan; ez zezaten sufritu, ez zezaten sufriarazi; seme-alabek ez zitzaten beren harremanak, oro har, gezurrezko edota besteren fantasietan oinarritu; inolako zalantzarik gabe jakin zezaten sexua hain dela gauza natural eta osasungarria, lagunartetik kanpo gurasoekin ere hitz egin daitekeela. Beti eduki izan dut ondoan iturri emankor eta fidagarria, eta beti jakin izan dut amaren tema eta umorea gure deserosotasuna gainditzeko salbuespena zela ia.

Urte asko geroago, gaztetxoekin sexuaz naturaltasunez mintzatzeari dagokionez, berrespena ekarri du “Sexualitate eta kontrazepzioarekin loturiko mito eta errealitateei buruzko azterketa” izenekoak. Sinesgaitza izan arren, egungo informazio-iturri andana kontuan hartuta, garai bateko mito eta uste ustelek beren horretan segitzen dute gaztetxoen eta ez hain gaztetxoen artean, transmisio desinformatu baino desinformatuagoan. Ondorioz, baita arriskuek ere. Horrez gain, maitale perfektua izateko presioa, zorrotza eta astuna berez, badirudi areagotu baino ez dela egiten ari; ez naiz harritzen, jendarte hipersexualizatuan bizitzeak ez baitu laguntzen, sexua helburu bakarreko ekintza-mota bakar gisa erakusten eta ulertarazten duen jendartean, gainera. Gehiago galdetu behar diogu gure buruari, hori saihestearren inolako baliabide edo egitura orokorturik ezartzen eta hedatzen ez duen jendarteak, gaztetxoek hainbeste behar eta hain gutxi eskatzen duten informazio hori beren kasa eskura dezaten uzteko joera garbia duenak, zer espero dezakeen etorkizunean hainbeste konturi dagokionez… betiko rolen, jarrera eta jokabideen, desberdintasunen eta frustrazioen katea luzatzea ez bada.