Jon ORMAZABAL
PILOTA

Kantxan irabazitako aukera izango du Jakak Donostian

Zabaletarekin, Artola-Mariezkurrenaren aurka jokatuko du; Olaizola-Albisu /Altuna-Rezusta, beste finalerdia.

Beti ez da horrela gertatzen, era askotako aldagaiak erabiltzen dituzte enpresek pilotari hau edo bestea aukeratzeko, baina oraingoan urte osoan zehar Erik Jakak kantxetan erakutsitako maila onak saria izan du eta lizartzarrak bere ibilbideko lehen udako torneoa jokatuko du Donostian abuztuaren amaiera aldera. Aspeko ordezkariek eta pilotariak berak nabarmendu bezala, kantxetan irabazitako aukeraz gozatzeko aukera izango du aurrelariak etxean.

«Oso pozik nago, azkenean honetarako egiten dugu lan. Iruditzen zait urtean zehar irabazten joan naizela eta enpresak sari txiki hau eman dit. Ea orain disfrutatu eta partida on bat egiten dudan», azaldu zuen gipuzkoarrak.

«Urtea oso emankorra izaten ari da niretzat, oso maila altuan eta onean jokatzen ari naizela iruditzen zait eta eman didatena nik irabazi dudan aukera dela iruditzen zait. Gainera, ez dut uste hala ikusten dudan bakarra naizenik», gaineratu zuen.

Jakak Jose Javier Zabaletarekin osatuko du bikotea, oraindik bere eskuin eskua erabat osatu gabe jarraitzen duenarekin –gaur erabakiko du bihar Ezkarain itzuliko den– eta Artola-Mariezkurrenaren aurka jardungo dira, hilaren 28an jokatuko den bigarren finalerdian. Berriozarreko gazteak ere bere eskuina mindurik du, baina pentsatzekoa da biak Donostian jokatzeko moduan izango direla.

Bikote mistorik ez

Lehen finalerdia, aldiz, egun bat lehenago jokatuko da, abuztuaren 27an, eta bertan Olaizola II.a-Albisu eta Altuna II.a-Rezusta bikoteak arituko dira. Azken bi hauek Bilbon ere elkarrekin arituko dira.

Iaz bikote mistoen aldeko apustua egin zuten Donostiako feriarako eta Olaizola II.a-Albisuk lortu zuten garaipena, baina aurten Aspek eta Baikok ez dute, oraingoz behintzat, formula hori erabili nahi izan –Lekeition, Elgoibarren eta Logroñon erabil dezakete oraindik aukera hau– eta bakoitza bere pilotariekin lehiatuko da. Hori bai, Zarautzen egin bezala, bikoteak gurutzatuko dituzte finalerdietan eta enpresa bakoitzak ez du finalista bat bermatzen.

Finala, larunbat arratsaldean

Feriako jaialdi gehienak gauez jokatuko dira, baina zenbait bueltaren ondoren, binakako torneoko finala abuztuaren 31n jokatuko da, larunbat arratsaldean. Data hau ez da azken unera arte zehaztu, enpresek ez zutelako finalak San Mamesen Athleticek eta Realak jokatuko duten derbiarekin bat egiterik nahi. Azkenean, badirudi lehen hiru jardunaldietako ordutegiak errespetatuko direla eta futbol partida ostiralean, hilaren 30ean, jokatuko dela.

Hala ere, Antiguako pilota torneoko finalak aspalditik daude jarrita abuztuaren 31rako eta horiek kontuan ez hartzeak ez dirudi erabaki egokiena.

Buruz Buruko errebantxa izango da

Ohikoena Gasteizen jokatzea bada ere, aurtengoa ez da Buruz Buruko finalaren errebantxaren partida Donostian jokatuko den lehen aldia. Orain lau urte ere jokatu zen Atano III.ean antzeko partidarik: orduko hartan Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea aritu ziren, nahiz eta finalean, min hartuta, leitzarrak finaleko bere lekua Mikel Urrutikoetxeari utzi behar izan zion.

Binakako torneoko bigarren finalerdi eta finalaren artean jokatuko dute Irribarriak eta Urrutikoetxeak partida berezi hau, K-Pilota Txakolinaren Erronkaren barruan. Kasu honetan, partida honen garailearen enpresarentzat izango dira zuzenean 600 botilak.

«Zaila da errebantxa ona irtetea, ze garai honetan, daramagun trotearekin ez dago entrenamendu askorik egiterik, baina jokatutako aurreko biak, nahiz eta galdu, politak irten ziren. Zaila izango da finala adinako partida izatea, baina saiatuko gara», esan zuen Irribarriak. J.O.