GARA
IRUÑEA

Barcinari emandako tartakada gogoratu du Mugitu-k

Duela hamar urte, abiadura handiko trenaren aurka protesta egiteko, Yolanda Barcina orduko Nafarroako lehendakariari Okzitaniako Tolosan tartak jaurti zizkioten; hura gogora ekarriz, egungo agintariek «lehengo lepotik burua» jarraitzen dutela salatu zuen, atzo, Mugitu mugimenduak. Agintarien irudiekin bete zituzten Iruñerriko markesinak.

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidente ohiari emandako tartakaden hamargarren urteurrenean, abiadura handiko trenaren proiektuari aurre egiteko desobedientzia aldarrikatzen duen Mugitu! mugimenduak Iruñerri osoko autobus markesinetako publizitate euskarri ugari manipulatu zituen.

Ekintza horrekin, ohar batean adierazi zutenez, duela hamar urte Okzitaniako Tolosan eginiko protesta ekimen hura gogoratu nahi izan dute eta, horrez gain, Pedro Sanchez presidente espainiarrak eta Maria Chivite eta Iñigo Urkullu lehendakariek «AHTren inposaketan duten erantzukizuna» azpimarratu nahi izan dute, horien irudiak tamaina handiko karteletan jarriz.

Hamar urte igaro badira ere, Mugituk ohartarazi zuen egungo agintariak «lehengo lepotik burua» dabiltzala, «tartean krisi ekonomiko lazgarri bat, pandemia global bat eta klima larrialdia zibilizazio krisi larria bilakatu arren». «Sinestezina bada ere, krisi ekonomiko eta ekologikoa areagotzen dituzten azpiegitura xahutzaileak eta txikitzaileak sustatzen jarraitzen dute, eta horiek eragiten dituzten kalteak jendeari ezkutatuz», gaineratu zuten.

Ildo horretan, gogor gaitzetsi zuten Estatu espainiarrak Euskal Herrian «AHTren hondorik gabeko zakurako egindako inbertsioen erdiak baino gehiago aurreikustea 2022rako (336 milioi euro EAEn eta 52 Nafarroan)». «Horrekin pozik ez eta –gaineratu zuten–, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak iragarri du covid osteko Europako suspertze-funtsetatik datozen 145 milioi euro bideratuko direla Nafarroan azpiegitura faraoniko hori finantzatzera».