«Batzuentzat askatzailea izan da, beste batzuentzat gogorra»
Kriminologiaren Euskal Institutuak «Tortura eta beste tratu txar batzuei buruzko ikerketa Nafarroan 1979tik gaur egun arte» txostena aurkeztu zion astelehenean Nafarroako Gobernuari. 1.068 kasu egiaztatu dira lan horretan. Torturatuen Sareko Ainara Gorostiagak eta Jorge Txokarrok ikerketaren emaitza eta prozesua bera baloratu dituzte NAIZ Irratian.

1981eko otsailaren 13an esan zuen Joxe Arregik «oso latza izan da». Bere ziegakideei esan zien, akituta, torturatua izan ostean eta bertan hil baino pixka bat lehenago. 30 urte beranduago, beste hitz bat, «aztnugal», sinatu zuen bere deklarazioan Jon Patxi Arratibelek Guardia Zibilaren esku pairatzen ari zena jakitera emateko. «Aztnugal», «laguntza», alderantziz. Arregiren esaldia eta Arratibelen hitza iltzatuta geratu ziren euskal gizartean, baina beti ofizialtasunetik urruti.
Arregirenak ofizialtasunerako urratsa egin zuen 2017an, Lakuak Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketari bere zigilua jarri zionean. Eta gauza bera esan daiteke, astelehenetik, Arratibelen kasuan, nafar Gobernuak harena eta beste 1.067 tortura kasu jasotzen dituen “Tortura eta beste tratu txar batzuei buruzko ikerketa Nafarroan 1979tik gaur egun arte” txostena jaso zuenean.
Ikerketaren emaitza eta puntu horretaraino iristeko prozesua baloratzeko NAIZ Irratian izan ziren atzo Ainara Gorostiaga eta Jorge Txokarro, Nafarroako Torturatuen Sareko kideak. «Ofizialtasunak garrantzi handia dauka. Urte pila daramagu ikerketa profesional eta independente bat eskatzen, jakiteko torturak Nafarroan zein tamaina izan duen», adierazi zuen Txokarrok, nabarmenduz «urte askotan zehar oztopo asko» izan dituztela.
Txostenak, beraz, «hito bat» markatzen du. «Ofizialtasun honekin egiaren bidean jartzen gara. Egin behar dugun bidearen hasieran». Bide horretan Nafarroa osoan zehar aurkezpenak egiten ari dira eta torturaturen bat duten Nafarroako herri guztietako udaletan mozioak sartzen ari dira «aitortza eta erreparazioaren bidean» udalerri horiei «konpromisoa» eskatuz.
Hilabete barru Nafarroako Parlamentuan txosten osoa ezagutaraziko dute, astelehenekoa txosten exekutiboa baitzen, eta bertan alderdi politikoek euren jarrera azaltzeko aukera izanen dute.
Punitibismotik aldenduta
Egia jakiteko bide horretan, Nafarroako Torturatuen Sareak ez du bide judiziala jorratzea aurreikusten. «Punitibismotik ihes egiten dugu. Pentsatzen dugu horrek ez gaituela lagunduko. Iraganean lotuta geratuko ginateke. Elkartetik ez dugu hori bultzatuko, baina gero norberak, modu indibidualean, legitimitate osoa du halako prozesu bat martxan jartzeko», zehaztu zuen Txokarrok.
Txostena osatzeko prozedura aipatu zuten biek. Izan ere, pairatutako torturak birgogoratzeak eragin ezberdinak ditu pertsona bakoitzarengan. «Oso bizipen ezberdinak ikusi ditut», adierazi zuen Gorostiagak. «Batzuentzat prozedura askatzailea izan da. Testigantzatik ateratzean esaten zutenak ‘hustu egin naiz, behar nuen hau kontatzea. Urte pila neramatzan hau gordetzen eta indartsu atera naiz’. Beste kasu batzuentzat gogorra izan da, asko nahasten zaituelako».
Horretarako psikologo talde bat ere badu sareak, denak babestuta senti daitezen. Beste batzuek hasieratik esan dute ez zutela parte hartu nahi ez zutelako bizipen horretatik berriz pasatu nahi.
Egia jakin, mendekurik gabe
Amaitu gabeko txostena da. Oraindik informazio asko dago biltzeko eta jarraipena eman behar zaio. «Domino bat izan daiteke. Asko etorri zaizkigu esanez ez dakitela torturatuak izan diren edo ez eta kontatzen digutenean esan diegu baietz, hori tortura dela», azaldu zuten.
Txokarroren hitzetan, txostena «ezin da kaxoi batean geratu». Azaldu zuenez, Nafarroako Torturatuen Sarearentzat «premiazkoa» zen nafar Gobernuarekin «poliki-poliki zein aterabide eman ahal zaion erabakitzea». Hori dela-eta, etorkizunean ere «diskrezioz» lanean jarraituko dutela aipatu zuen.
Izan ere, dokumentazio eta salaketa fase batean murgilduta daude oraindik: «Aitortza gizartetik ari gara jasotzen, instituzioetatik poliki-poliki. Hau ez da lineala, erradiografia osoa daukagunean jakin nahi dugu zer gertatu den. Torturaren atzean zer egon den. Egia jakin, mendekurik gabe».

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
