Julene LARRAÑAGA
infraganti

IKER VERGARA

Musika instrumentu bat bailitzan, ahotsa soilik erabiliz zarata, doinu eta erritmo desberdinak sortzeko gai da Iker Vergara. Euskal Herrian oraindik hain ezaguna ez den beatbox eszenan «Mufasha» izenez ezagunagoa, soinu kutxa harrigarria darama barnean bilbotar gazte honek.

Hikaren, Kabia Teatroaren eta Pabilioi 6 aretoaren “Gau arabiarra” antzezlana ikustera joan direnak aho bete hortz geratu dira obraren soinu bandarekin. Lan horretan zuzeneko musika eta doinuak entzuten badira ere, oholtzan ez da musika instrumenturik ageri. Horren ordez, gazte bat dago, ahotsa soilik erabiliz hainbat doinu zuzenean sortzen dituena. Gazte hori Iker Vergara da (Bilbo, 1988), Mufasha ezizenez ezagunagoa, eta beatboxerra.

Azken urteotan hip hop kulturaren baitan sortu den fenomeno harrigarrienetakoa da beatbox deiturikoa. Askok «ahots perkusio» moduan definitzen dute mugimendu hau. Finean, ahotsa soilik erabiliz erritmo, doinu eta zaratak sortzean datza, bai bizitza errealean existitzen diren doinuak imitatuz bai berriak sortuz ere. Ahotsa soinu kutxa bat bailitzan, bat-bateko abesti eta doinuak sortzen ditu beatboxerrak, giro doinuak eraikitzen ditu edota baita bestelako musika instrumentuak laguntzeko erritmoak ere.

Beatbox korronte musikala 1980ko eta 1990eko hamarkadetan jaio zen, Ameriketako Estatu Batuetako hiri handienetan, garai hartan loratu zen rap eta hip hop musika eszenari lotuta. Orduko rap eta hip hop talde askok, eskura baliabide gutxi eskura zituztenek batez ere, behar zuten soluzioa aurkitu zuten beatboxean. Hala, instrumentuak eta samplerrak ordezkatzeko eta beraien abestien erritmoak markatzeko ahotsa erabiltzen hasi ziren. Normalean, talde bakoitzeko kide batek markatu ohi zuen besteek jarraituko zuten erritmoa.

AEBetako mugetatik kanpo ere hedatzen joan da gutxika-gutxika diziplina honen presentzia, baita mugitzen duen jende kopurua ere, nahiz eta gurean nahiko fenomeno ezezaguna den oraindik. Euskal Herrian, Iker Vergara, Mufasha, dugu beatboxer entzutetsuenetako bat. Gaztea bada ere, bilbotar honek ibilbide oparoa egina du honezkero. Besteak beste, emanaldi asko emana da, eta beatbox txapelketa askotan emaitza apartak lortu ditu: 2009an, Estatu mailako beatbox lehiaketan hirugarren postua lortu zuen, eta, 2012an, Euskadiko txapelketan bigarren geratu zen. Bakarlari gisa ibiltzeaz gain, rap eta hip hop artista ezagun asko lagundu ditu oholtzan Vergarak: Violadores del Verso, Tote King eta Sotta, Jeru da Damaja, Markooz eta Lytos, eta abar.

Guztiz autodidakta

Hip hopari esker ezagutu zuen beatboxa, 2003an. «Garai hartan 16 urte besterik ez nituen, baina hip hop musika asko jarraitzen nuen ordurako. Disko bat entzuten nenbilela, kantu batean mutil batek ahotsa soilik erabiliz egiten zituen soinuak entzun nituen eta zeharo harrituta geratu nintzen. ‘Ahoarekin egiten ari da hori guztia? Nola liteke?’, galdetu nion neure buruari. Benetan harrigarria iruditu zitzaidan», kontatu du. Disko hartan entzundakoa burutik kendu ezinik, deskubritu berri zuen hori probatzeko arra sentitu zuen. «Etxean, nire kabuz praktikatzen eta entzundakoa errepikatzen hasi nintzen. Nire ahoan, diafragman eta birikietan bilatzen, soinu berriak aurkitu nituen». Halaxe hasi zen dena, «era naturalean eta gehiegi pentsatu gabe». Geroztik, ekinaren ekinez ikasi du. «Egin dudan guztia nire kabuz egin dut. Ez naiz inoiz musikako edo abesten ikasteko klaseetara joan; gainera, beatboxean formazio espezifikorik ere ez dago, momentuz behintzat. Etxean, nire kabuz praktikatzen ikasi dut dakidan guztia, zentzu horretan guztiz autodidakta izan naiz».

Batzuen iritziz, arte galdu bat da beatboxarena, gaur egun ordenagailuak edo sintetizagailuak direlako erritmoak markatzeko tresna aproposenak. Dena den, ezin ukatu inondik inora beatboxerren abilezia eta gaitasun apartak. Hori bai, berezko abilezia edukitzeaz gain, ordu askoko praktika ezinbestekoa dela dio Vergarak. «Ez dago bertute edo gaitasun espezifikoen zerrendarik honetarako, norberak bere gaitasunak deskubritu behar ditu, eta hortik aurrera bide bat edo beste bat jorratu. Ez dago beatboxer ona izateko errezeta magikorik. Balio duen bakarra, praktikatzea eta orduak sartzea da, izan ere, nahi ditugun soinuak ez zaizkigu aurrenekoan aterako», dio.

Berak egunero lauzpabost ordu ematen ditu entseatzen. «Normalean etxean, ordenagailuaren aurrean eta mikrofonoarekin aritzen naiz. Dena den, edozein leku eta une izan daiteke ona, ez baitakizu inspirazioa noiz agertuko den. Batzuetan, gutxien espero duzunean sortzen dira gauzak. Horrelakoetan, ateratzen dena mugikorrean grabatu eta gorde egiten dut, gero etxean lantzeko».

Soinuak eta musika instrumentuak imitatzean datza, finean, beatboxa, eta, horretarako, doinu asko batera sortu behar dira, edo sentsazio hori sortu behar zaio entzuleari bederen. Hala ere, giza ahotsak mugak ditu horretarako, eta belarria engainatu behar izaten da batzuetan. «Aldi berean soinu bat baino gehiago sortzen ari zaren sentsazioa eman behar duzu, baina, azken finean, doinu bat egiteari uzten diogu beste bat egiteko. Kontua da bi doinuen arteko tartea hain izaten dela laburra, giza belarriak batera ematen diren doinuak balira bezala hautematen dituela».

Bitxia badirudi ere, eztarriak ez du apenas lanik egiten beatboxean, baina bai mingainak eta ahoak. «Soinu espezifiko gutxi batzuk lantzeko soilik erabili behar izaten dugu eztarria. Hala ere, gutxi dira eztarria kalte dezaketenak; adibidez, baxu elektroniko baten hotsa imitatzea izan daiteke bat. Beraz, eztarria ere pixka bat zaindu behar izaten dugu, abeslarien antzera». Bestalde, giza ahotsak mugak dituela onartu du Vergarak. «Ez gara makinak, eta gure ahotsa ezin daiteke leku guztietara heldu. Sarritan, itsutsu egiten gara soinu edo zarata jakin bat lortzeko ahaleginean. Jo eta ke entseatzen egon arren, agian ez da inoiz aterako. Hala ere, bidean beste zerbait aurki dezakezu». Izan ere, hain justu horrek berak, helmuga jakin bat ez edukitzeak, bihurtzen du magiko beatboxinga, Vergararen iritziz: «Zehazki zer lortu nahi dugun jakiten ez dugunez, etengabe inprobisatzen aritzen gara. Oso diziplina irekia da; ez dago derrigor jarraitu beharreko biderik, eta horrek ematen dizu aukera zure bidea egiteko, etengabe probatzeko eta beti zerbait desberdina bilatzeko. Horrek askatasun handia ematen du».

Urteekin bere teknika hobetu duen arren, Vergarak ez du uste estilo jakin bat bereganatu duenik. «Batzuetan jendeak esaten dit, abesti bat entzun eta berehala identifikatzen duela nire estiloa. Beatboxer askorentzat hori sekulakoa da, baina nik gauza berriak eta desberdinak egin nahi ditut. Ez dut nire burua mugatu nahi». Hain justu, kontrako tendentzia ematen ari dela ikusten du Vergarak: «Irudipena daukat gaur egun jende askok norabide antzekoa hartu duela, tendentzia eta estilo berdintsuak ari direla nagusitzen, eta batez ere lehiaketetan ikusten da hori argien, gauza jakin batzuk baloratzen direlako gero eta gehiago. Normala da modak egotea, baina denok berdina ezin dugu egin. Hain justu, beatboxaren alderik onena bere aniztasuna da». Joera horren aurrean, inprobisazioa aldarrikatzen du Vergarak.

Diziplina anitza

Soinuak, melodiak, musika tresnen imitazioak edo gainean rapeatzeko erritmoak. Denetarik egin dezake Vergarak ahots soilarekin. Baina baita egunerokotasunean aurki ditzakegun hainbat soinu eta zarata ere, animali bat, kafe makina bat, edo tren bat abiadura bizian, esaterako. Askorentzat, eta ikuspegi tradizionalista dutenentzat batez ere, beatboxa musikari lotuta doan zerbait da, baina Vergara ez da pentsaera horretakoa. «Raparekin, breakdance dantzarekin, grafitiekin eta turntablism korrontearekin batera, hip hoparen bosgarren elementua da beatboxa, askoren ustez. Gainontzeko lau horiek zehatz-mehatz definituta dauden diziplinak dira, baina gurea oso fenomeno zabala eta anitza da. Gaur egun, beatboxa bera bilakatu da diziplina oso, eta ez du zertan hip hop musikarekin lagunduta etorri behar derrigor. Beatboxer batek lagun ditzake rap edo hip hop doinuak, baina egin ditzake beste gauza batzuk ere, egunerokotasuneko doinuen imitazioak, adibidez, nik egiten dudan antzera». Hala, gaur egun beatboxer askok hip hoparekin zerikusik ez duten emanaldiak eskaintzen dituzte.

Euskal Herrian fenomeno berri samarra izaki, oraindik gutxi dira beatboxer euskaldunak, baina gurean ere hazten ari den fenomenoa da. «Bilbon badago Boris izeneko beatboxer bat dezente mugitzen ari dena, eta Barakaldoko Rufok ere ibilbide oparoa egina du, orain beste saltsa batzuetan dabilen arren. Uneotan Euskal Herri mailan gu hirurok ari gara batez ere. Hala ere, kontuan izan oso eremu anitza dela gurea; ni orain antzezlan batekin ari naizen gisa, beste bat dantzari batekin ari daiteke, eta beste bat hip hop talde batekin. Beatboxa praktikatzeko ez dago modu bakar bat, bakoitzaren esku dago bere abilezia non eta nola erakutsi. Asko ezagutzen ez den eremua denez, asko dago probatzeko».

Azken urte hauetan bere gaitasunak txapelketa desberdinetan erakutsi izan ditu Vergarak. 2009an, espainiar Estatuko beatbox txapelketetan hirugarren postua lortu zuen, eta, 2012an, bigarren izendatu zuten Euskadiko txapelketan. Lehiaketak norbere gaitasunak erakusteko eta beste beatboxekin harremanetan jartzeko aukera ona direla uste du, baina konpetentzia eta lehiakortasun handia nabaritu du azkenaldian, eta ez da hori orain bilatzen ari dena. Hartara, txapelketak alboratu egin ditu, beste proiektu batzuetan zentratzeko. «Beatboxerra naiz, bai, baina zer egiteko gai naizen erakusteko ez dut derrigor beste beatboxer batekin lehiatu behar; nahiago dut pertsona horrekin arratsalde batean geratu eta bion artean zerbait sortu. Orain jendearekin eta jendearentzako gauzak egin nahi ditut, hori eskatzen dit barrenak; sortu egin nahi dut lehiatu baino gehiago».

Antzerkian, aurrenekoz

Sortzeko eta esperientzia berrietan murgiltzeko gogo horrek eraman du antzerkiaren mundura, “Gau arabiarra” antzezlanari esker. Arte eszenikoen arloan aurrez inoiz lan egin gabea, esperientzia berriak bizitza aldatu diola dio. «Benetako aurkikuntza izan da antzerkiarena; aktoreekin lan egiteak burua eta bihotza zabaldu dizkit, eta ezagutzen ez nuen mundu bat probatu eta bertan nire hondar alea utzi ahal izan dut. Gainera, niretzat erronka handia izan da ordubete baino gehiagoko emanaldi batean modu jarraituan aritzea, ez nago horretara ohituta. Egia esan, penaz bukatu ditut entseguak, baina badakit emanaldi gehiago etorriko direla eta elkarlanak jarraituko duela».

Antzerkiko esperientziak indarberrituta, gauza berriak probatu nahi ditu. «Beatboxer bezala emanaldi dezente egiten ari naiz eta rap talde batekin ere banabil kontzertuetan. Horrez gain, tailerrak ematen ere ari naiz. Orain, gainera, gitarra jotzen ikasten hasi naiz. Arraroa dirudien arren, etorkizunean gustatuko litzaidake beatboxa eta gitarra uztartzea. Nork daki, agian zerbait interesgarria atera daiteke». Beatboxa bere bizitzaren erdigune bilakatu bada ere, Vergarak argi dauka: hau zaletasun bat baino ez da. «Momentuz behintzat, honetatik bizitzea mundu osoan gutxi batzuen eskuetan dagoen pribilegioa da. Baina argi daukat beatboxa dela nire benetako bokazioa eta zoriontsu egiten nauena, beraz, ahal dudan bitartean, honekin jarraituko dut». •