Mikel Ibargoien
infraganti

Nekane Arzallus

Retabet.es GBCko presidentea da Nekane Arzallus. Duela bi hilabete hartu zuen kargua klubaren unerik gogorrenetariko batean eta ari da pixkanaka egoera bideratzen. Halere, emakumea eta presidentea dela da albistea askorentzat. Izan ere, ACBko talde bateko presidentea den bigarren emakumea besterik ez da. Lehenengoa Pepita Merce izan zen, 83-84 denboraldian CB L’Hospitalet gidatuta.

Z orionak Nekane, bazen garaia emakume bat gizonezkoen talde bateko presidente izateko». Hitz horiek esan zizkion Matxalen Ziarsolok (Bera Bera eskubaloi taldeko kapitaina) Nekane Arzallusi Retabes.es GBCko presidente izendatu zutenean. Ziarsoloren hitzak oraindik orain kirol munduan dagoen egoeraren adierazle dira, non gizonezkoak nagusi diren. Zer pentsatua eman zioten Arzallusi: «Nik prozesua normaltasunez bizi izan dut. Burua lana ondo egitean eta aurrera ateratzean izaten dut eta normalean bestelako kontuei ez diet jaramonik egiten, baina horrelakoak entzundakoan ohartzen zara gauzez, eta, egia esateko, garrantzitsua da, berdintasunaren bidean beste aurrerapauso bat suposatzen du eta».

Miguel Santos, Gorka Ramoneda eta Alvaro Bilbao izan ziren kargu berean Arzallusen aurretik. Kasu horietan presidentearen sexua ez zen albiste izan, oraingoan, aldiz, bai: «Ez luke albiste izan behar emakume bat ACBko saskibaloi talde bateko presidente izateak. Emakumeok gizonezkoen gaitasun berberak ditugu, eta, hortaz, prest gaude kargu horiek hartzeko. Dena den, guk lan berbera egin arren, beti demostratu behar dugu gehiago, eta, halaber, egia da jendeak gure jarduna gertuagotik jarraitzen duela. Gaur egun horrelako gauzak zalantzan jartzeak ez du zentzurik».

Duela bi hilabete inguru hartu zuen presidente kargua. Aurretik klubeko presidenteordea zen, baina egun duen ardura oso bestelakoa da, eta, ondorioz, epe laburrean Arzallusi bizitza erabat aldatu zaio: «Orain ni naiz enpresekin, erakundeekin, babesleekin eta komunikabideekin bilerak egiten dituena eta aurpegia eman behar duena. Gainera, aurkezpenak, ekitaldiak… gauza pila bat egoten dira eta denetara iristea ez da erraza». Konpromiso horietako bat, hain zuzen, ACBko batzarra da eta bera noski, han izan zen. Gainerako ordezkari guztiak gizonezkoak ziren eta aitortzen du hasieran nahiko arraro sentitu zela. «Zure ingurura begiratzen duzu eta pentsatzen duzu: ‘Jesus, ni naiz emakume bakarra’. Halere, nik argi dut nor naizen eta zeren ordezkari moduan nindoan, eta nire buruarengan sinesmen osoa nuen». Ondo hartu zutela, eta, oro har, gainontzekoen tratua egokia izan zela kontatzen du, haatik, jasan behar izan zuen betiko txiste errazik: «‘Emakume bat hemen barruan, orain zuek aginduko duzue’. Horrelako komentarioren bat entzun behar izan nuen. Dena den, ez zitzaidan iruditu asmo txarrez eginak zirenik eta ez nintzen inondik ere gutxietsia sentitu. Halere, egia da 2015. urtean izanik horrelako komentarioak saihestu egin beharko liratekeela».

Kalean jasotako berotasuna

Bestelako galdera zentzugabeak entzutea ere egokitu zaio, esaterako, ea aldageletara joango den: «Galdera horren aurrean nire erantzuna argia da, baietz. Atea joko dut sartu aurretik, baina sartuko naiz. Presidente moduan nire eginkizunetako bat da jokalariekin harremana edukitzea eta aldageletara joan eta haiekin hitz egiteko beharra ikustean normal-normal egingo dut. Ez dut ulertzen zergatik jartzen diren zalantzan kontu horiek».

Kalean jaso duen berotasuna ordea, azpimarratzekoa da, esker oneko hitzak besterik ez ditu jaso: «Jende ezezagun mordoa gerturatu zait zorionak eta animoak emateko eta ikaragarri eskertzen dudan zerbait da; nire lana egiteko indar handia ematen dit». Kontseilukideek erakutsi dioten berotasuna eta konfiantza ere ez ditu ahaztu nahi, izan ere, haiek izan ziren Arzallus kargurako proposatu zutenak Alvaro Bilbaok dimisioa aurkeztean. Era berean, Miguel Santos, bere bultzatzaile nagusia izan dena ere gogora ekarri du: «Niretzat Miguel oso pertsona garrantzitsua izan da. Beti izan du konfiantza handia nigan eta hori ikaragarri eskertzen diot. Berak lan egiteko duen gaitasuna sekulakoa da, eta gauza asko erakutsi dizkit berarekin lan egin dudan urteetan. Presidente izendatu nindutenean ere oso hitz garrantzitsuak esan zizkidan: ni neu izateko eta nire irizpideak jarraitzeko».

Arzallusek kirola betidanik maitatu duen arren, dagoen lekura iristeko behetik gorako ibilbidea egin du. Lehenengo urratsak kirolari moduan eman zituen. Berari futbolean jokatzea gustatzen zitzaion, baina inguruan emakume talderik ez zegoenez 14 urterekin saskibaloian jokatzen hasi zen Lizeo taldean: «Pepelu Mujika eta Julen Madina izan ziren nire entrenatzaileak. Ondoren, Kote Olaizolarekin Donosti Las Banderas taldean aritu nintzen. Baina lesioekin oso zorte txarra izan nuen eta 18 urterekin Bilbora unibertsitatera joatean utzi egin nuen».

Trebetasuna, baina, ez du galdu. Izan ere, argazkiak atera ostean horiek egiteko erabilitako baloia jaurti du saskira eta ez du hutsik egin: barrura. Urte mordoa igaroagatik ondo gogoan ditu jokalari zeneko garaiak: «Orduan ez zen ohikoa emakumeek kirola egitea eta mari-mutil bat nintzela esaten zidaten. Nik argi nuen ezetz: kirola gustuko nuen emakumea nintzen, ez besterik, baina orduan hala zen. Jokatzeko genituen baliabideak ere beti ziren txarrenak: aire librean jokatzen genuen euria, haizea edo hotza izan, eta ia ez zen inor etortzen gu ikustera».

Betidanik erakarri du kirolak

Ordutik hona egoera dezente aldatu da. Bilakaera hori gertutik jarraitu du bere alabarekin –Nora Azurmendik Alcobendas taldean jokatzen du eskubaloian– . «Alabak zorionez nik izan ez nituen baliabideak izan ditu. Halere, egia da gizonekin alderatuta egoera oso bestelakoa dela».

Bilbon zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Hirigintzan espezializatu zen eta behin ikasketak amaituta lanean hasi zen. Ogibide horretan jardun zuen hamar urtez, baina, ondoren, aita hiltzean, familiako negozioan sartu zen anaiari laguntzeko: «Egia esan, zuzenbide ikasketak aitak gomendatuta egin nituen. Abokatu lana ez zitzaidan, gainera, gehiegi gustatzen. Niri betidanik erakarri izan nau kirolak eta kirolarekin loturiko zerbaitetan jardun nahi izan dut».

Kirol munduko bigarren ibilbideak 2005ean du abiapuntua, izan ere, orduan barneratu zen mundu horretan, ezustean. Miguel Santosek Realeko hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu zuen eta emakume bat nahi zuen bere taldean. Haren lagun batek gomendatuta hots egin zion Arzallusi: «Miguelek emakume bat nahi zuen bere taldean, baina ez argazkian ateratzeko soilik, proiektuko kide garrantzitsu izateko baizik. Nik aurretik ez nuen ezagutzen, baina deitu egin zidan. Deia oporretan nengoela jaso nuen, ordu eta erdiz egon ginen hitz egiten, eta, familiarekin adostu ostean, baiezkoa eman nion. Kanpaina martxan zegoenez hurrengo egunean Donostian nintzen lanean». Hautagaitza hura ez zen irabazle suertatu, baina, halere, Arzallus eta Santosen arteko lotura bizirik mantendu zen.

Garai hartan Miguel Santos GBC saskibaloi taldeko presidente ere bazen eta Arzallus beti zegoen eskatzen ziotenean laguntzeko prest: «Niri betidanik ikaragarri gustatu izan zait kirola, eta, beraz, eskatzen zidatenean gustu handiz laguntzen nien. Gauza txikiak egiten nituen: pabiloiak muntatzen lagundu, kartelak behar zirenean eraman, enkargu batzuk egin... Horrez gain, gure familiako enpresak –Urtira– diru ekarpen batzuk ere egiten zituen».

2007an heldu zitzaion Santosen bigarren proposamena: bere lantaldean sartzeko eskatu zion. Kluba sozietate anonimo bilakatu zen, eta, administrazio kontseilua aldatu behar zutenez, bertako kide izatea eskaini zion. Baiezkoa izan zen Arzallusen erantzuna orduko hartan ere. Hala sartu zen GBCko egituran.

Kluba barrutik ezagutuz

Duela hiru urte eman zuen hurrengo aurrerapausoa, orduan izendatu baitzuten klubeko presidenteorde. Zeregin horretan jardun du hiru urtez eta, nahiz eta une gogor asko igaro dituzten, aitortzen duenez oso esperientzia aberasgarria izan da arlo guztietan eta gauza asko ikasteko baliagarri suertatu zaio. «Presidenteorde izateak klubaren funtzionamendua barru-barrutik ezagutzeko aukera eman dit. Kluba desagertzeko zorian izan zen iragan denboraldi amaieran eta oso momentu latzak pasa genituen. Zaragozan galdu eta maila galdu genuenean egoerari buelta emateko gaitasunik ez genuela izango uste nuen. Pentsatu nuen zortzi urteko etapa amaitu zela, baina, azkenean, egoera iraultzea lortu dugu ikaragarrizko lana eginda. Niretzat ikaragarria da orain gauden moduan egotea, lehen mailan eta proiektu bideragarri batekin, alegia».

Alvaro Bilbaok lan kontuengatik presidente izateari uko egin zionean administrazio kontseiluak aho batez proposatu zuen Arzallus kargurako: «Alvarok kargua utzi eta haren lekua nik hartzea proposatu zidatenean zalantzak izan nituen, egoera ez baitzen batere samurra. Nik nire buruarengan banuen konfiantza, baina gauza asko hausnartu behar dira neurri horretako erabaki bat hartu aurretik. Dena den, ikusi nuen aurrerapauso bat emateko garaia zela eta hala egin nuen».

Arestian aipatu moduan kluba kinka larrian zen Arzallusek kargua hartu zuenean, baina pixkanaka ari da egoera bere onera eramaten. ACB Ligara igoera lortu zuten bi taldeek ez zuten bertan jokatzeko izenik eman arazo ekonomikoak tarteko eta talde horietako baten lekua hartuta jarraitzen du talde donostiarrak maila gorenean. Arlo ekonomikoak makina bat buruhauste eman dizkio Arzallusi baina azaltzen du erakundeen aldetik beste planteamendu bat dagoela eta babesle nagusia lotzeak ere arnasa eman diela. Haatik, kontuak orekatzea da oraindik orain bere lehentasun nagusia: «Aurreko urteko eta aurtengo aurrekontuak orekatuta daude baina zuloa atzetik dator eta hori konpontzea da orain nire zeregin nagusia. Egungo testuinguruan dirua lortzea askoz zailagoa da, baina lan eginda lortuko dugu».

Kirol arloari dagokionez jokalarien joan-etorriekin izan da mugimendurik udaran. Dena den, osatu duten multzoarekin gustura dago: «Talde ona osatu dugula uste dut, baina aurten maila ez galtzearekin konformatzen gara, nahiz eta zerbait gehiagorako taldea dugula uste dudan. Trantsizio urte bat izango da».

Bestalde, kirolak egungo gizartean duen eraginaren jakitun da Arzallus, eta, zentzu horretan, kirol arloan lortzen diren lorpenez aparte, argi dauka kluba zein irizpide eta baloreen arabera gidatu nahi duen: «Laguntasuna, leialtasuna eta talde lana izango dira nire gestioaren ardatzak. Taldea familia bat izatea nahi dut eta oinarri horiekin aurrera eginda gauzak errazagoak izango direla uste dut. Gizarte honetan jende askok bere burua besterik ez du begiratzen, baina hori ez da bide egokia». Taldeari erreferentzia egiten dionean ez da jokalari eta teknikariez soilik ari, gainerako langileak ere taldearen parte ditu Arzallusek. Are gehiago, taldearen oinarri dira berarentzat: «Lan ikaragarria egiten dute inoiz aurpegi txarrik jarri gabe. Balio handiko jendea da».

Ildo horiei segika eta bere izaerarekin –oso pertsona apala, adeitsua, gertukoa, pazientzia handikoa eta bere buruarengan konfiantza duena da– emaitzen gorabeherez harago seguru kluba norabide egokian zuzenduko duela. Era berean, bide urratzaile eta erreferente izaten jarraituko du. Retabes.es GBCko presidente izateaz gain, Gipuzkoako Golf Federazioko presidente ere bada, anaiarekin batera familiako enpresa eramaten du, eta, halaber, berriki Metadeportek Estatuan kirolaren industrian eragin handiena duten emakumeen zerrenda bat argitaratu du eta tartean ageri da Arzallus, seigarren postuan. •

 

Emakumeak kirol taldeen gidari

Kirol mundua betidanik egon da gizonezkoei atxikita. Duela urte batzuk emakumea eta kirolari izatea salbuespena zen eta gaizki ikusita ere bazegoen. Hala, gustatzen zitzaien hura egiteagatik, kirola praktikatzeagatik, hain zuzen, astakeriak jasan behar izan zituzten zenbait emakumek. Dena den, asko eta askok bere eskubideen alde gogor borrokatu zuten. Orduan hasi ziren bidea irekitzen, eta, egoera gero eta hobea den arren, gaur-gaurkoz parekidetasunetik urrun egoten jarraitzen du, izan ere, emakume kirolariek gizonezkoek baino oihartzun eta baliabide gutxiago dituzte.

Emakumeek kirol taldeetako erabakitze guneetan duten presentzia aztertzen jarriz gero ikusten da egoera antzekoa dela. Gutxi dira klubetako zuzendaritza edo administrazio kontseiluetan sartuta daudenak eta egoera are eta argigarriagoa da presidente kargua betetzen duten emakumeak zenbatzen hasita. Halere, egon badaude, eta egon dira.

Nekane Arzallus izan da horma hori hausten azkena Retabe.es GBCko presidente kargua hartuta. Bere kasua aldaketarako printza bat da, Retabe.es GBC gizonezkoen talde bat izateaz aparte, Gipuzkoa mailan erreferente argia delako.

Bestalde, aipagarria da Gipuzkoako beste bi saskibaloi talde garrantzitsuenen presidenteak ere emakumezkoak direla. Carmen Muguruzak hainbat urte daramatza IDK Gipuzkoa EHU taldea gidatzen. Maier Lizasok, berriz, aurreko urtean hartu zuen Iñaki Uriaren lekukoa Iraurgin. Iraurgik apustua egin du azken urteetan emakumeak zuzendaritza karguetan sartzeko, baina Lizaso da presidente izatera iritsi den lehenengoa. Lizasok barru-barrutik ezagutzen zuen kluba, izan ere, 12 urtetik 21era bitarte taldeko jokalaria izan zen. Halaber, azken urteetan teknifikazioko entrenatzaile moduan jardun zuen. Aurten, gainera, emakumezkoen maila gorenean arituko da Iraurgi eta erronka zaila bezain polita du aurrez aurre.

Futbola da gaur egun jarraitzaile gehien dituen eta eragin handiena duen kirola, eta bertan ere izan da emakumezko presidenterik. Teresa Rivero izan zen Lehen Mailako talde baten lehendabiziko emakumezko presidentea. Bere gizona, Jose Maria Ruiz Mateos, Rayo Vallecanoko akziodun nagusia zen eta hark hautatu zuen emaztea presidente 1994.urtean. Kirol arloan urte oparoak bizi izan zituen Rayok Riveroren agintaldian, eta, hala, egindako lana saritzeko zelaiari presidentearen izena jartzea erabaki zuten bazkideek. Gerora, ordea, senarraren enpresek eta klubak pilaturiko zorren ondorioz egoera gaiztotzen hasi zen, eta, azkenean, 2011. urtean Rayo Vallecanoren akzioak saldu egin zituen Ruiz Mateosek.

Gure taldeei dagokienez, Athleticek eta Realak denbora gutxian bada ere izan dute emakumezko bat presidente moduan. Ana Urquijo abokatuak 2006an hartu zuen Athleticen gidaritza Fernando Lamikizek dimisioa eman eta gero taldea egoera zailean zela. 1990ean Jose Julian Lertxundi presidente zela Athleticen zuzendaritza batzordean sartu zen lehen emakumea izan zen Urquijo, eta, Lamikizekin, presidenteorde ere izan zen. Urquijo 2007ra arte egon zen presidente karguan; Fernando Garcia Macuak hartu zuen bere lekukoa.

Realak izandako emakumezko presidente bakarra Maria de la Peña abokatua da. De la Peña ere dimisio baten ostean –Miguel Fuentesena– iritsi zen klubaren arduradun nagusi izatera, 2007an. Denboraldia amaitzeko oso gutxi falta zela eta taldea kinka larrian zela hartu zuen aginte makila, baina ezin izan zuen egoera zuzendu eta Reala Bigarren Mailara jaitsi zen denboraldi hartan.

Horiek dira adibideetako batzuk. Beraz, ikus daitekeen moduan, gutxi izanagatik izan badira presidente izatera iritsi diren emakumeak. Hori bai, 2015. urtean egonagatik argi dago oraindik zaila dela emakumeak kirol taldeen arduradun gisa ikustea. Ondorioz, bide handia dute egiteko.