Nerea GOTI
infraganti

ISAAC TORRE

Hogei urte baino gehiago daramatza Isaac Torrek olatuen gainean irristatzen laguntzen duten bodyboard taulak egiten. Mungiako Arin Bodyboards Factory enpresan hamar urte daramatza jada. «Mundu bat» dute atzean koloretako taulok, eta burua eta eskuak baliatuz Torre da mundu hori moldatzen duena, gozamenerako eta bizitzak salbatzeko.

Isaac Torrek hamar urte inguru daramatza jada bodyboard taulak Arin izenarekin fabrikatzen. Olatuak ezin dira menderatu, baina esan genezake gizakiak asmatu duela olatuen indarra baliatuz itsaso gainean mugitzen, eta bodyboarda horretan laguntzen duen kiroletako bat da. «Olatuekin lotutako kirola da bodyboarda, baina ez du batere zerikusirik surfarekin. Snowboardarekin eta eskiarekin gertatzen den antzeko zerbait gertatzen da, biak elur gainean praktikatzen badira ere, ez baitute elkarrekin zerikusirik. Bada, bodyboardarekin eta surfarekin antzera: biak olatuen gainean praktikatzen diren kirolak badira ere, oso ezberdinak dira», azaldu du Torrek.

Sopeloztar honek kirol praktika honekin duen harremana aspaldikoa da. Bodyboarda praktikatzetik Brasiletik bodyboard taulak inportatzen zituen enpresa batekin lan egitera egin zuen salto. «Gurera heldu ziren lehen bodyboard taulak ziren. Banatzaile modura inportatzen genituen», kontatu duenez. Bodyboard taula horietako bat lixatzen hasi eta apurka-apurka fabrikatzera pasatu zen. Shaper bihurtu zen, izen horrekin ezagutzen baitira taulak fabrikatzen dituzten profesionalak.

Mungian dago mundu osorako Arin izenarekin bodyboard- taulak egiten dituen tailerra, eta duen proiekzioa ez da makala, Portugaleko beste enpresa batekin batera, Arin Europa osoan bodyboard taulak fabrikatzen dituen bakarra baita. «Gama altuan saltzen den gehiena Taiwan eta Indonesiatik etortzen da, Europan bi fabrikatzaile soilik gaude», nabarmendu du.

Kirol modalitate honetan profanoa den batek pentsa lezake taula formetatik harago ibilbide luzeegirik ez dagoela, baina, Torreren esanetan, «hau mundu bat da», eta “mundu” horretan komeni da kontuan hartzea rider (bodyboarda praktikatzen duen kirolariari ematen zaion izena) bakoitzaren luzera, pisua eta nolako olatuak hartzen dituen. Pentsa daiteke taula guztiak ia berdinak direla, baina ez da horrela.

Zertarako nahi, hura erosi

Bodyboardean aritzeko hiru estilo daude: prone (etzanda), dropknee (hanka bat belauniko) eta stand up (zutik). Hasierako biak dira zabalduenak, batez ere etzanda praktikatzen den estiloa, baina materiala ere kontuan hartu behar da.

Bi «kalitatetan» fabrikatzen ditu Arin enpresak materialari erreparatuta: polietilenoan eta polipropilenoan. Bi horietatik lehena da basikoena, eta, bigarrena, egokiagoa, «arinagoa delako, zurrunagoa, ez du ura xurgatzen. Gama altuagokoa da».

Bodyboard taula bat aukeratzerako orduan, Torrek garrantzi handia ematen die hartzen diren olatuen ezaugarriei. «Oso olatu handiak hartzen badituzu flex apur bat behar duzu, kontrolatzeko; hori dela eta, behe gamako bodyboard taula bat har dezakezu malguagoak direlako eta gehiago frenatzen direlako. Hau da, kontrol gehiago ematen dute», azaldu du. Beste taula batzuk, aldiz, arinagoak dira, abiadura ziurtatzen dute. Torrek azaltzen duenez, «hondartzetan, normalean, maila bat daukan jendeak polipropilenozko taula erosten du, eta, gazteentzat, polietilenozkoa».

Surfarekin konparazioa berehala sortzen da olatuak aipatzean. Azaltzen duenez, gurean eta Kanaria uharteetan badaude surflariak sartzen ez diren olatu batzuk, eta, aldiz, bai rider-ak. «Haitz hondoko olatuak dira, indartsuagoak, tuberoagoak, eta zailagoak dira surferako», azaldu du. Adibide gisa zehazten du Lemoizko zentralaren inguruan badagoela «oso olatu potente bat», eta hor bodyboard-ak baino ez dira sartzen.

Arinek toki ezberdinetan saltzen ditu taulak, gehienbat Euskal Herrian, baina baita Estatu espainolean, Estatu frantsesean, Italian, Marokon... ere. Partikularrei eta dendei saltzen dizkiete taulak, batez ere Iberiar penintsulako iparraldean, Galiziatik Donostiaraino. Bartzelonan ere badituzte bezeroak. Enpresaren web orrialdearen bidez eskaerak jasotzen dituzte, gehienbat neurriko taulak egiteko, «baina ez nahi beste», komentatzen duenez. Gama altuko taula batek 200 euroko batez besteko salneurria du, eta 100 euro ingurukoak dira gama baxukoak.

Berehala gozatzen da

Hondartzetan mugimendua dago, taulak han eta hemen ikusten dira, baina kirol modura «apur bat geldituta» ikusten du Torrek bodyboarda. Bere iritziz, «ez da asko egin bodyboardaren alde. Surfak eskola asko sortu ditu, jende askok praktikatzen du. Bodyboarda hor dago, baina ez du goranzko joerarik, goi mailako markek ere ez dute bultzatzen», azaldu du.

Hori bai, Torrek bodyboarda jende askoren ahalmenen neurrirako kirola dela nabarmentzen du. «Praktikatzen duzun lehen egunetik, bigarrenetik gehienez, disfrutatzen duzu. Lehen edo bigarren olatuak hartzen has zaitezke, surfean uda oso bat behar duzunean zutik jarri eta gozatzen hasteko». Zehaztu duenez, teknika badago, maniobrak badaude, baina... «olatuak hartzea eta gozatzea surfean baino askoz errazagoa da, egingarriagoa: hegatsak erabiltzen dira, besoak erabiltzen dira, atseden har dezakezu...».

Itsasoan, olatuen gainean gozatzeko aukera emateaz gain, taulek hainbat aukera eskaintzen dituzte salbamendu arloan, eta hor Arinek esperientzia handia dauka, batez ere itsasoan lagungarri izan daitekeen materialen diseinuan. Hala, Bizkaiko Gurutze Gorriarekin eta salbamendu enpresa eta erakundeekin harreman zuzena du Arinek. Torrek dioenez, «aukera asko daude». Adibidez, uretako motorrentzako esku-oheak eta flopy edo salbamendurako tutuak fabrikatzen dituzte. «Munduko fabrikatzaile bakarrak» dira hainbat elementutan, baina, argitzen duenez, Arinek produktu horien stock-ik ez du, «mundu honetan aritzen den jendeak gauza berriak eskatzen dituelako, eta, beraz, probak egiten jarraitzen dugu, dagoena hobetzen, moldaketak egiten». Horregatik, harreman zuzena dute itsas salbamenduan aritzen direnekin, diseinu berriak egiteko ezinbestekoa delako dituzten beharrak entzutea, planteatzen dituzten aldaketak egin eta elementuak moldatzeko.

Duela gutxi Greziako Lesbos uhartera Arinen fabrikatutako materiala eraman zuten, Donostiako erakunde batek eskatuta. Erronka zen ahalik eta bizitza gehien salbatzea egoera zehatz batean, eta horri erreparatuta irtenbide bat bilatu zuten. «Salbamendurako tutu batek pertsona bati laguntzeko balio du, baina, 50 edo 200 lagun daramatzan itsasontzi batean arazoak badaude, tutu bat botatzen duzu eta ez duzu ezer egiten«, azaldu du. Horregatik, Arinen flotagailu eta sokekin egindako sistema bat asmatu zuten, erreskateak iraun bitartean jendea bertara heltzeko moduan egon zedin.

Salbamendurako erabiltzen diren tutu berriak garatzen ari dira. «Lehengoak izorratu egiten ziren eta orain berriak prestatzen ari naiz, askoz hobeto funtzionatzen dutenak: mosketoiak eta gauzatxo teknikoak eramaten dituzte, krokadura hobeak... Funtzionatu egiten dute eta asko saltzen dira». •