Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

ROBERTO LANDA «MUNDINA»

Roberto Landa Armentia du grazia, baina Gasteizen, Euskal Herri osoan, «Mundina» ezizenez ezagunagoa da. Aspaldiko partez, haren marrazkien erakusketa bat ikusgai dago, «Gaztegin» gazte gehigarriaren azalen originalez osatua. Barre egin beharra dagoela dio, aldarrikatu eta salatzeko ere bai. «Gauzak egiten» segitzen du, han-hemenka.

Meza-mutil ohia. Blusa ohia. Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kide ohia. Fronte Islamiar zuri-urdineko zale amorratu ohia. “Una hora tarde” programako esatari ohia. MaZeta taldeko muralista ohia. “Deia”-ko marrazkilari ohia. “Gaztegin” astekariko marrazkilari ohia. “Ardi Beltza”-ko marrazkilari ohia. “Kale Gorria”-ko marrazkilari ohia. Gogoratzen ez zaizkion beste argitalpen batzuetako marrazkilari ohia. «Ohia. Ohia. Ohia. Lohia. Lagunkohia. Matohia. Morrohia. Leohia. Marrohia. Buruberohia...». Horrela aurkezten zuen bere burua marrazkilari gasteiztarrak duela zenbait urte.

Dioenez, Roberto Landa Armentia izen-deiturak zituen mundura jaio zenean, eta horiekin sinatzen zuen. Baina “Egin” egunkariaren ostiraleko gazte gehigarriaren azalak egiten hasi zenean, 92an, Iskariote Mundina ezizena erabiltzen hasi zen, Kortaturen “La familia Iskariote” abestia oso gogokoa baitzuen, batetik, eta aita Mundina, landareen gaineko irratsaioa egiten zuen apaiz katalan baten eraginez, bestetik, «bi trago edanda alamena ematen hasten nintzenean, haren antzera hitz egiten nuela esaten zidaten eta. Hala uste dut, behintzat».

Uda honetan, ostegunetik larunbatera bitartean, ikusgai egongo da Mundinaren “50 gramos de amonal y ardor juvenil” (50 gramo amonal eta gazte garra) erakusketa Gasteizko Orbain kultur elkartean, Juan Mari Atutxa Lakuako Herrizaingo sailburu ohiaren esaldi sonatua gogora ekarrita. «Badakit ‘Gaztegin’-en marraztu nuela, ez naiz gogoratzen noiz, ordea. 90eko hamarraldian izan zen, nonbait, grunge mugimenduaren garaian. ‘Egin’ egunkariaren gazteentzako gehigarria zen ‘Gaztegin’. Ostiraletan agertzen zen. Musika, politika, gazte jarduerak, ekintza-errepresioa-ekintza, salaketa, artea, manifak eta ostiak, eta umorea, umore asko, gauzak in the streets nola zeuden kontuan izanda», idatzi zuen erakusketaren aurkezpenerako.

Arte erakusketak muntatzen lan egiten du orain. Eta marrazten jarraitzen du. «Egiten ditut gauzak, baina nire kabuz. Egun onak ditut eta lana berez ateratzen da, baina beste batzuetan ezer ere ez. Boladak izaten dira», dio. Hala Bedi irratiko “Desde el abismo” musika programan ere parte hartzen du, «baina musika jartzen baino Brexit-aren edo Rajoyren gainean hitz egiten ematen dugu denbora gehiago». Ez da egin duen irratiko lehen programa, ordea. 90eko hamarkadan “Una hora tarde” egiten zuen, «tertulia espainiar» baten parodia, eta «Monty Python taldearen eraginez-edo», “umore ingelesera” jotzen zuten. «Egun ez luke funtzionatuko, telebistako tertulia fatxak ikusita». Ondo gogoan du “Egin” itxi zutenean programa berezia egin zutela: “Nosotros los demócratas”. Ondo gogoan du, halaber, bera kalean geratu baitzen. «ETAkoak ginen, nonbait, jakin ere gabe», eta Jabier Salutregi “Egin”-eko azken zuzendaria joan den urrian kartzelatik atera zela gogoratu du. Irratian ez ezik, tarteka zenbait tabernatan –edo, jaietan, Gasteizko txosnetan– ere jartzen du musika.

Gaztetan hasi zen marrazkigintzan, bere aitak etxean zituen lamina batzuk kopiatuz. Ondoren irakasle batekin hasiko zen marrazki-teknikak ikasten, eta 80ko hamarkadaren bukaeran, irakasle haren bidez, “Deia”-n lan egiten hasiko zen. Han epaiketen gaineko informazioak ilustratzen zituen. Baina etapa profesional hura «infografia erredakzioetara iritsi zenean» bukatu zitzaion. BBB Batxilergo Bateratu Balioaniztuna bukatutakoan, Arte Aplikatuak ikasten hasi zen, diseinu pixka bat, dekorazioa, zeramika... «Bi urte eman nituen pentsatzen egiaz dekorazioak bost axola zidala, eta, zeramikak, errespetu handiz esanda... baita ere». Goizeko lehen orduetan arte barrokoaren gaineko diapositibak ikustea baino interesgarriagoa iruditzen zitzaion “Egin” irakurtzen kalean geratzea.

Goiz haietako batean, Mundinak ikaskide zuen Bilboko lagun batek proiektu baten berri jakinarazi zion, “Egin”-en gazteentzako eranskin bat prestatzen ari zirela, hain zuzen. Handik gutxira “Gaztegin” jaio zen, haren azala Mundinak sinatuta. Simon iratxoa sortu zuen eranskinaren maskota gisa (aurrerago Simona ere sortuko zuen), eta, azalaz gainera, komiki zerrenda bat ere egiten zuen.

Luze gabe, beste pertsonaia batek kenduko zion protagonismoa Simon iratxoari: Juan Mari Atutxa Lakuako Barne sailburuak, eta zenbait urte geroago, hark Baltasar Garzon epaile espainiarrarekin partekatuko zuen protagonismo hori. «Beharbada, Atutxa gehiegitan agertzen zen azalean edo artikuluetan», aitortu du Mundinak, «baina ez zegoen ahoa zabalduko ez zuen asterik, eta gauza jakina da zer-nolako perlak botatzen zituen».

Solasaldian hamaika pasadizo kontatu ditu, “Egin”-eko lankide batzuekin Etxarri Aranatzen Guardia Zibilak kontrol batean geldiarazi zituenekoa kasu, guardia batek gazte bati zaplaztako bat jotzen zion unean. Autotik jaitsi eta Mundinaren marrazkiak ikusita –tartean “Gaztegin”-eko Simon pertsonaia Guardia Zibilaren kontrol batean agertzen zena–, sarjentuak esan omen zion: «Zuok euskaldunok horrela jartzen duzue txapela [buruan azkoin bat hariztatzeko keinua eginez], eta guk honela [alde batera okertuta]. Ea hurrengoan ondo marrazten gaituzun».

Hedabideetan egindako lanaz gain, hamaika kolektibo eta ekimenen kartel, pankarta eta muralak egiten zituen. Esate baterako, blusa kuadrillaren batentzat, jaialdiren baterako... baina batez ere Amnistiaren Aldeko Batzordeentzat, Gasteizko Gaztetxearentzat eta bestelako herri agerpenentzat, hala nola intsumisoaren aldeko mugimenduarentzat. Nola ez, ba, bera ere intsumisoa izaki.

Mundinaren irudien ezaugarri nagusiena umorea da, itxuraz behinik behin. Baina umorea salaketa eta aldarrikapenerako tresna gisa erabilita, dioenez. «Nik ez nuen entzuten nuena bakarrik marrazten, ikusten nuena batik bat baizik, eta edozein egunetan ikusten nituen poliziak edo ertzainak gazteren bat jipoitzen, esate baterako». Halako astakeriak salatu beharra zegoen, baina «barre ere egin beharra zegoen, bestela...».

Garai hartako polizia indarkeria gogoratuta, uste du egoerak ez duela hobera egin, eta gaur egungo “Mozal Legea” eta Iñigo Cabacasen kasua aipatu ditu: «errepresio bera, polizien korporatibismo bera...».

“Gaztegin”-eko etaparen ostean, MaZeta talde muralista sortu zuen lagun batzuekin. Askotariko lanak egiten zituzten, tabernetan edo diskoteketan, batzuk artistikoagoak, beste batzuk funtzionalagoak.

Bestetik, komiki lehiaketaren bat irabazi zuen, arlo horretan gauza gutxi egin omen duen arren. Edonola ere, 2008an “Animalien ihauteria” argitaratu zuen Saure argitaletxearen eskutik. Liburuko marrazkiak ez ezik, testua ere berak eginikoa da.

Eta ez da harrigarria, Mundina ibili izan den giroa kontuan izanda, zenbait musika talderen disko azalen bat ere egin izana, hala nola Soziedad Alkoholikaren “Ratas” albumarena edo Salvate Si Puedes eta Trikitixa Kontrairo taldeen beste zenbaitenak.

“Ardi Beltza” eta “Kale Gorria” gogoratuz bukatzen da Mundinaren erakusketaren aurkezpena: «Horiek ere itxi zituzten. Eta horietan ere marrazten nuen. Etorkizun oparoko karrera zapuztu zidaten. Kar, kar, kar....».

Mundina aspaldikoa. •

Orbain kultur elkartea

«Zuk zeuk egin» filosofia, punkaren eta rockaren kontrakultura ikertu, hedatu eta aintzatesteko

Orbain elkarteak ez du oraindik ere urtebete, baina bertako kideek ez dute denbora alferrik galdu. Iazko irailean antolatu zuten lehenengo jarduera, aurkezpenik behar ez duen Lucio Urtubia anarkista nafarraren hitzaldia. Espero izatekoa zen jende asko joango zela eta espero baino askoz gehiago bildu zen, prestatu zuten aretoa lepo bete eta lagun askok kalean geratu behar izan baitzuten. Orain elkartearen lokalean Fernando Landa Mundina marrazkilariaren erakusketa dago, baina lehenago AR LA Gasteizko artista kolektiboaren erakusketa, bi dozena kontzertu, hitzaldiak, antzerki saioak eta bestelako adierazpen kultural eta artistikoak antolatu dituzte.

Elkarte kulturala da Orbain. Haren asmoa Gasteizen kulturari bultzada berria ematea da, behetik eta autogestiotik. Elkarte kulturala, zalantzarik gabe, baina nolabait esateko, berariazkoa. Haren helburu eta eginkizuna punkaren, rockaren eta Euskal Herrian haien inguruan sortu den kontrakulturaren aintzatespena, azterketa eta sustapena dira. Eskorbuto, RIP edo La Polla Records taldeek utzitako ondare kultural, politiko eta soziala aztertu nahi dute, «Cicatriz, Cock Sparrer, Sex Pistols, Potato edo Ramonesek utzi zigutenarekin berotzen jarraitzen dugulako». Orain dela 30 urtetsu herri honetan musika taldeen inguruan sortu zen fenomenoak Euskal Herrian berezko ezaugarriak izan zituela uste dute, garapen desberdina izan zuela, alegia, Euskal Herrian beste leku batzuetan izan ez den osagarri ideologiko nabarmena hartu baitzuen.

Izan ere, musika giro hartan irrati libreak, gaztetxeak, fanzineak... sortu ziren, mugimendu kultural askotariko eta zabal bat; bistan denez, modu iraunkorrean sortu ere, gaur egun bizi-bizirik dirau eta. Diotenez, nabarmena izan zen, halaber, herri honetako gatazka politikoaren eragina, hala nola harekin lotutako edo haren aldamenean garatutako hamaika borrokena. Eta gaur egun dagoen guztia, geratu dena edo haren ondorioz sortu dena ulertzeko, oso garrantzitsua iruditzen zaie lehen zer zegoen jakitea.

Hutsune bat bete dute

80 bazkide dira Orbainen, sumatzen zuten hutsune bat betetzen laguntzea erabaki zutenak. «Azken urteotako kultur politikak negargarriak izan dira, eta hala salatu izan dute hemengo artistek eurek. Instituzioek ekimen kulturalak lagundu behar dituzte, jakina, denak, modu orekatuan eta kultur politika zentzuzkoagoak eginez. Baina gauza asko dago egiteko eta ezin gara diru laguntzen zain eseri», dio Orbaineko presidente Iker Zubiak. Elkartearen lokalean topatu du GAUR8k eta beren ibilbideaz eta proiektuez solasalditxoa egiteko prest agertu da.

Ikerrek dioenez, erreminta bat jarri nahi dute zerbait esateko duen jendearentzat, musika, antzerki, argazki edo marrazki bidez zerbait esan nahi eta baliabiderik ez dutenentzat, lokala eta elkartearen babesa eskainita. Elkartea, «jakina», irabazi asmorik gabea da, loturarik gabea, hau da, menpekotasunik gabea, eta “Zuk zeuk egin” filosofiari atxikia.

Orbainen azken ekitaldia atzo bertan izan zen, RIP taldeko kide Jul Bolinaga zenaren omenezko kontzertuaren DVDa aurkeztu baitzuten. Eta aurrera begira ere ez dirudi beren erritmoa moteltzeko asmorik daukatenik. Dagoeneko aurreikusita dauzkate beste hainbat ekimen, hala nola, irailerako, punkaren eta rockaren munduan emakumeek izan duten presentziaren edo, hobeto esateko, ez-presentziaren gaineko astea. Besteak beste, aztergai izango dute generoarekin eta homosexualitatearekin lotutako gaiek izan duten garapena, jarrerari eta abestien letrei dagokienez, aste osoan zehar hitzaldiak, erakusketak, bideo proiekzioak eta kontzertuak eskainiz. Azkenik, “Lokal 0” izeneko proiektuaz dihardu Ikerrek. Musika, antzerki eta oro har arte adierazpenetan hasi berriei zuzenduta dago, elkartea entsegu lokala balitz bezala erabil dezaten, baina jendaurrean.

“Gaztegin”-en azalen erakusketari dagokionez, zalantzarik gabe egin beharrekoa zela dio Ikerrek, Orbainen filosofiaren adierazgarri baita. “Gaztegin” euskal gazteriaren informazio iturri nagusia izatera iritsi zen, «badakizu, orduan ez zegoen sare sozialik». Garzonek “Egin” itxi zuenean, hutsune handia sortu zen. Geroztik betetzen joan da, baina urte haietan egindako lan haren guztiaren balioa nabarmendu beharra dagoela uste du Ikerrek.