Jon Garmendia
infraganti

ASIER URIBE

Euskal errefuxiatu baten seme izanik, Parisen sortu zen. Baina Donibane Lohizunen hazi eta Ameriketara eramango zuen kirolean, zesta-puntan, trebatu zen. AEBetatik Mexikora egin zuen jauzi, pilota mundutik poxi bat urruntzeko asmoz Euskal Herrira itzuli zen arte. Halere, berehala hasi zen Donibane Lohizuneko zesta-punta eskolan entrenatzaile.

Badira, kontuak azaldu eta ezkutukoa agertzeko, hitzek baino gaitasun handiagoa duten begiradak, askotan, galderei isiltasunarekin erantzuten dakielako pertsonak. Eta indarra sumatzen duzu begi horietan, energia, gertakariz betetako bizitza baten testuinguruan, eta, imajinazioa landuz, edozer zailtasuni aurre egiteko kuraia antzematen diozu pertsonaiari. Horixe da Asier Uriberekin hizketaldi luze bat eduki osteko sentsazioaren laburpentxoa. Ez da erraza berak bizitako guztia lerro gutxi batzuekin azaltzea.

Duela 47 urte sortu zen Parisen, hiru anaien artean erdikoa da, eta Frantziako hiriburuan sortzearen arrazoiaz galdeturik korapiloa askatzen hasi da: «Asnières-sur-Seine Paris kanpoaldean dagoen komuna batean sortu nintzen. Aita bizkaitarra nuen, Sondikakoa, eta ama andoaindarra, baina Nafarroako herri ttipi batekoa jatorriz, Desoio, Los Arcos ondokoa. Aita errefuxiatua zen, ihes egin behar izan zuen frankismo garaian; amak, nola ez, jarraitu egin zion, eta bizimolde berri bat eraiki zuten sorterritik kanpo». Asierren aita Sabino Uribe zen, ETA erakunde armatuaren bost sortzaileetarik bat, duela gutxi zendua, eta berekin eraman ditu hurbilekoei kontatu gabeko sekretuak. «Gure etxetik jende asko pasatzen zen, errefuxiatuak haiek ere, gu ttipiak ginen eta begi zabalik begiratzen genien, baina ez ginen egoten haien elkarrizketak entzuten, bazkari haietan orduak eta orduak pasatzen zituzten helduek hizketan. Oinarrizko gauzak kontatu dizkigu aitak; ez zen hiztuna alde horretatik».

Aitak ezin zuen muga pasa, eta sorterriko haizerik sentitu gabe egon zen urte luzeetan, baina familiak etxekoak hurbilago izan zitzaten Paristik Donibane Lohizunera hurbildu ziren Uribetarrak. «Aitaren familia ez genuen ezagutzen; gainera, ez ziren ados aitaren ideiekin eta horrek urruntasuna ekarri zuen, baina amaren aldetik Andoainen genuen familia eta hara egiten genituen joan-etorriak, aitarik gabe noski. Ni Donibane Lohizunen hazi naiz, baita anaiak ere; bertakoa naiz. Eliza ondoan bizi ginen, Tourasse karrikan, eta gaztaroko oroitzapen ilun samarrak ditut; hau da, auzoan seinalatuak geunden, autoko kristalak apurtzen zizkiguten, gurpilak zulatu, baita ‘ETA hors de France’ (ETA Frantziatik kanpora) zioten pegatinak itsatsi ere. Abertzaletasuna ez zegoen begi onez ikusia, eta ikastolan ibiltzen ginen gu gainera...».

Donibane Lohizuneko ikastolak berriki bete ditu 45 urte, eta Asier lehen promozioko ikaslea zen. «Adin orotako haurrak elkarrekin geunden orduan, ikastola lehen urratsak ematen ari baitzen. Dukontenia parkearen ondoan zegoen gela bat zen gure ikastola; ez geneukan mahairik ere eta lurrean egoten ginen jarrita, orotara 15 bat ikasle». Egun, 120 bat haur daude ikastola horretan, gehienak herrian berean bizi direnak, baina Asier mintzo den garaian herri desberdinetako haurrak biltzen ziren Donibane Lohizunen. «Jende asko ahalegindu zen ikastolak martxan jartzen, eta zailtasun ugari izan zituzten: eraikina lortzea, legeak... Gu tokiz toki ibili ginen hastapenean; Dukonteniatik Harriet-Baitara joan ginen, eta, gero, Quartier de Lac auzora. Hendaiakoak eta Baionakoak elkartuta seigarren maila arteko ikastola irekitzea lortu zen; gu 8 ginen, eta akordatzen naiz neska batek utzi zuela ikastola, eta legeak erraten zuenez 7ko gelarik ezin zela egin, urtebetez ezin izan genuela hirugarren maila eman. Ondotik Kanbon ireki zen maila guztiak segurtatzen zituen ikastola. Oroitzen naiz nola Marie-Jose Basurco idazlea Volkswagen kamioneta baten gidari Hendaiatik ateratzen zen, gu Donibanen jaso eta hara eramateko, berak egiten zuen bazkaria eta gero bueltan ekartzen gintuen etxera».

Zesta-Puntako profesionala

Ikastolatik Sainte Marie eskola frantsesera pasa zen Asier, eta kosta egin zitzaion integratzea; halere, aurrez egindako lagunekin heldu zion bere bizitzako pasio eta ofizio izan denari, pilotari, zehazki zesta-puntari. «Ikastolan egin nituen bi lagun hurbileko, Idoeta anaiak, Gaizka eta Zuria. Haien aita ere errefuxiatua zen, Jesus Idoeta, abokatua, kultur munduarekin lotura handiak zeuzkana. Oroitzen dut Oteizarekin arrano beltzaren xedean ibili zela adibidez. Hark eramaten gintuen harat eta honat. Dantza ikastaroetan apuntatu gintuen, baina ez ginen batere dantzari onak eta pilotaren mundura eraman gintuen gero. Zesta-puntan jokatzen ikasi genuen, eta Zuria eta ni Frantziako txapeldun izan ginen; gainera, eman ziguten medailaren ordez Jesusek txapel bat egin zigun, ‘Txapeldunak’ idatziarekin, polita izan zen hori».

Zesta-puntarekin hasi bazen… hasi zen, hau da, gaur arteko bidean ondoan izan du xistera handia, eta puntista ona izan zela erratea gutxi da bere bilakaera ikusita: Donibane Lohizunen jokatzen hasi zenak AEBetan eta Mexikon amaitu zuen bere karrera, profesional gisa. «15 bat urte neuzkalarik argi neukan puntista bezala aritu nahi nuela, bestalde, frontoi anitz zeuden Ameriketan garai hartan; gaur egun bi baino ez dira gelditzen. Hemen eskolak zeuzkaten amerikarrek, beraiek ordaintzen zuten entrenatzailea, materiala... dena. Eta niri, 18 urterekin suertatu zitzaidan aukera, eskola horietako arduradun batek kontratu bat proposatu baitzidan».

Gazterik, ausardiaz jokatu zuen Asierrek, etorkizunaren galderei erantzuteko intentziorik gabe, eta, Lapurdin lotura anitz bazituen ere, aukera baliatzeko deliberoa hartu zuen. «Urtebeterako kontratua neukan, eta abentura bat bezala bizi nahi nuen. Hamabost frontoi zeuden, gehienak Floridan, eta besteak Rhode Island, eta Connecticuten. Han jokatzen genuen guk, kinieletan. Zortzi bikote ginen eta tanto batera ziren partidak. Txandaka aritzen ginen, eta behin zortzi bikoteak pasata tantoak bikoitza balio zuen; zortzira iristea zen xedea». Hori entzun eta soldataren berri galdegin diogu. «Ongi irabazten genuen, garai hartarako dezente, nahiz eta zergak kentzen zitzaizkion gero. Baina 1988 zen eta nire soldata 2.300 dolar ingurukoa zen; gero, kinieletan irabazitakoarekin beste 1.000 dolar gehitzen genizkion».

Missouri estatuko bigarren hiri garrantzitsuenean sortu zen lehen frontoia, Saint Louisen, 1904an. Mende bereko 70eko hamarkadan sekulako booma bizi izan zuen Jai Alai bezala ezagutzen den jokoak, eta ohikoa zen jende ezaguna ikustea milaka zaleren artean eserita: John Travolta, Paul Newman edo Ernest Hemingway, adibidez. 1975eko abenduaren 27an Miamiko frontoian ikusle errekorra izan zen, 15.500 elkartu ondoan, baina ohikoa zen 6.000-8.000 lagun biltzea. Modako tokiak bihurtu ziren frontoiak. Pilotariek bilduko zituen IJAPA elkartea sortu zuten, ehun inguru ziren. Baina 80ko hamarkada erditsutan beherakada etorri zen, eta 1988an hiru urte iraun zuen grebak AEB osora zabal zitekeen kirola ezerezera kondenatu zuen. «Ni AEBetara iritsi nintzen urte berean izan zen greba hori, eta oroitzen dut frontoiak Rhode Island, Florida eta Connecticuten egotearen arrazoia legeak zirela, apustuak baimenduak baitziren estatu horietan. Las Vegasen ere egon zen frontoi bat, baita Nevadako Renon ere. Gaur egun Miami eta Danian daude gelditzen diren biak. Jokatzea tokatu zitzaidan niri, eta partida asko frontoi itxiarekin jokatu ziren, apustuen sistema bertan behera ez zedin gelditu. Badago pelikula bat garai hartako errealitatea biziki ongi erakusten duena, ‘Jai Alai Blues, frontoiko kontakizun bat’». Gorka Bilbao eta Zigor Etxebarriak eginiko filma ikusteko aholkua luzatzen digu Uribek orduko katramila ulertzeko manera gisa, eta, bide batez, jokoaren arrakasta eta euskal pilotarien bizimodua ulertzeko ere bai.

Hamabost eguneko oporrak izaten zituen Asierrek, eta Donibane Lohizunera itzultzen zen familia ikustera. Horrela ibili zen lau urtez, 1992an Mexikora joateko proposamena ukan zuen arte. «Acapulcora joatea proposatu zidaten, baina proiektu bat zen soilik, eta forma egokitasunez zaintzeko ezin nintzen jokatu gabe egon; beraz, Tijuanara joatea erabaki nuen, hango intendentea zen Julian Goenetxea gure entrenatzailea izana baitzen. Sekulako aldaketa izan zen, Danian 6.000 ikusleren aurrean jokatzetik Tijuanako frontoi kaxkar hartan aritzera... Azkenean, 1994an Acapulcora joan nintzen. Hango frontoia berri-berria zen, Ipar Euskal Herriko pilotari bakarra nintzen hastapenean, baziren hegoaldeko batzuk eta mexikarrak besteak. Han belauna apurtu nuen bi aldiz eta gelditu beharra izan nuen. Diru aldetik, halere, izugarria zen poltsikora eramaten genuena. Salinas de Gortariren agintaldia zen, korrupzioak zipriztindutako presidentea; pesoa eta dolarra parez pare zeuden, eta, jakina, ez genuen zerga edo halakorik ordaintzen, material guztia doan geneukan... Etxera 1997an itzuli nintzen, belauna xehatua neukala, eta pilotatik pixka bat urruntzeko desiraz».

Baina ez zen hala izan, barnean zeukan harrak ahalmen gehiago zeukan buruko pinpirinek baino, eta lehengora itzuli zen lehen tentaldian, Donibane Lohizunen zesta-puntako eskolan lan egitera. «Hilabete gutxi neramatzan hemen, eta ez zegoen zesta-punta eskolarik; beraz, entrenatzaile izateko eskaintza luzatu zidaten. Frantses izena zeukan elkarte bat bazen, eta beti politikaren erdigunean kokatua zen pilota. Bazen Gaztenak ere, Amerikako interesetarako ari zen eskola. Eta Chistera ere sortu zuten, beste elkarte bat. Hala, gure buruari erraten genion: Donibanen ezin dira hiru elkarte egon! Horrela, elkarrizketaren bidea ireki genuen, baina Chisterak ez zela sartuko erran zuen eta Luzaz Gazte sortu genuen. Azkenik, denak elkartu gara eta orain Luzean da Donibane Lohizuneko zesta-punta eskola. 8 eta 16 urte bitarteko 60 bat haur daude, eta pala, joko garbi eta halakoekin 300 orotara».

Euskal Herriko xistera klubaren (www.xistera.eus) koordinatzaile ere bada Uribe Ipar Euskal Herrian. Lan itzela egiten du haurrekin. Eritasun arraro bat duen semea du, Kepa. Mukobiszidosia du, eta Asier eta bere emazte Anne-Mariek urtero antolatzen dute jaialdi bat gaitz hori dutenen alde Donibane Lohizunen, ehunka pertsona giro onean biltzeaz gain, etekin handiak biltzen dituena premia dutenentzat. •