2018/04/14

NAHIA

Ruandan sortu zen duela 26 urte, eta, bera sortu zelarik, bere ama zendu zen. Txikia zela Urruñako familia batek adoptatu zuen eta bertan hazi da: besteen ispilura, gizon itxuraz; bere baitan, itxura horrekin tirabiran. Azkenean, baina, den bezala bizitzeko apustua egin du, emakume baten azalean. Ez da erraza izan, bai beharrezkoa.

Jon Garmendia
0414_nahia2

Zuriz jantzita jaso gaitu eta bere azal beltzak distiratsu egiten du eguzkipean. Altua da Nahia, biziki garaia, eta aurkezpenak egin bezain laster itxuraren kontuarekin hasi dugu elkarrizketa. «Zoritxarra da bai, gizartean itxurakeria da nagusi, estetikak anitz agintzen du, eta nolabait esklabo bihurtzen gaitu, den-denak, baina naturala behar luke izan horrek guztiak».

Gelditu gabe hasi da hizketan eta indartsua iruditu zaigu bere hitz jarioa. «Ea azaltzen naizen» ahul bat tartean bota du eta azalpenari eutsi dio gogotsu. «Ni gizon gorputz batean sortu nintzen eta gizon bat bezala ibili naiz urte luzez, nahiz eta banekien emakumea nintzela. Ez nintzen gizon bezala ulertzen, ez nintzen gizon ezagutzen, baina jendeak kanpotik ikusten duena itxura da, eta itxura janzkerak egiten du askotan. Zuek, adibidez, ez duzue aldarrikatu beharrik zer zareten, karrikan ibiliko zarete eta jendeak jakingo du gizonak zaretela, arropagatik edo itxuragatik bereiziko dute zailtasunik gabe. Hori garrantzitsua da beti, asko errazten du bizitza. Azken batean besteen begietan bizi baikara eta haiek ezarritako etiketa gure gain eramaten dugu beti». Entzutea eta ulertzea oso garrantzitsua dela azpimarratzen digu, bera nola bizi den jakiteko enpatia pixka bat beharrezkoa dela iradoki digu, eta berari buruzko erreportajearekin ikasi egingo dugula sumatu dugu supituki.

Esajerazio batean bizi

«Nik ez dut erranen dotore eta garbi janzten naizela neska naizela erakustearren, baina badago kasu horretan dagoen trans pertsonarik, femeninoa den irudia agertu behar dutelako edo maskulinoa bestela; pertsona batzuek nabarmendu egin behar dute itxurarena, hau da, agian esajerazio batean bezala bizi behar dute, beste guztiei agertzeko zer diren, ikusgarritasuna ere garrantzitsua baita. Nire kasuan maite dut eder agertzea, kokina naiz, gustuko dut margotzea, orraztea, maite dut nire presentzia zaintzea, eta niretzat egiten dut lehendabiziko; hori azpimarratu egin nahi dut. Gero, besteentzat egiten dut. Horregatik pentsatzen dut naturala izan behar duela irudiarenak, itxurakerian eta superfiziala den zerbaitetan erori gabe betiere».

Lapurdiko kostan bizi da Nahia, Ziburun, eta ezaguna da bertan, baina Muak.es plataforma digitalari eskaini zion erreportajea eta gero toki anitzetan egin da ezagun. «Muak erakusleihoa izan da niretzat, nire errealitatea kontatzeko bide bat, eta ez da erabaki erraza izan, baina urrats bat eman nahi nuen aitzina, konplexurik gabe bizitzeko desira dut; herri ttipi batean bizi naiz eta badakit begiradak iltzatzen direla nigan, jendeak begiratu egiten nauela eta zer naizen galdetzen diotela ondokoari. Zergatik horrela naizen galdera etortzen da gero, eta ez dut erantzunik eman beharrik, nik bizi egin nahi dut, eta naizena izan, nahi dudana izan». Gordin agertzen digu bere errealitatea, eta emozioz betetako isiltasuna sortzen da gure artean, halere, arnas pixka bat hartu, eta kontakizunari ekin dio Nahiak, bere bizi-historia gordina gardentasunez kontatuz. «Nahia ez da nire egiazko izena, gizon izenarekin sortu nintzen orain dela 26 urte, eta gizon itxura neukan orain dela gutxi arte. Afrikan sortu nintzen, Ruandan, baina Lapurdira ekarri ninduten ttipi-ttipia nintzela; adoptatua naiz. Nire aita biologikoak ez ninduen berarekin atxiki nahi Ruandan, ni sortu nintzenean ama hil egin zen, eta banituen sei anaia eta bi ahizpa gehiago. Hori da nire lehen haustura bizitzarekin. Gerora bizitza zoriontsua izan dut, edo behintzat afekzioz betetakoa, baina badago hor nonbait, nigan ezkutatuta agian, nola azaldu ez dakidan drama handi bat».

Zail gertatzen da halakoen aitzinean ezer pasako ez balitz bezala galderekin jarraitzea, eta luze iraun duela iruditu zaigun isilune baten ondoan haria berrartu du Nahiak. «Urruñako euskaldun familia batean hazi eta hezi naute, nire familia hori da, eta ni euskalduna naiz. Tamalez ez da hobekien hitz egiten dudan hizkuntza, baina, bueno, praktikatzeko aukera gutxi izaten dudalako aipatzen dut hori; dena ulertzen dut eta ongi moldatzen naiz, nahiz eta egunaren zati handiena frantsesez pasatzen dudan».

Ongi hitz egiteko gako bat lasai sentitzea dela iradoki diogu, sobran dagoen aholkua dela ohartuz, baina plazerez estutu du esku hori. «Hori da problemarik handiena, ordea, lasai sentitzeko konfiantza behar da, ezagutza, eta gure gizartean ez da horretarako bidean pazientzia sobera. Jende anitz bizi da azaleko kontuei lotuta, deus interesgarririk gabe; gainera, interesgarria den zerbait behar ote duen ere buruari galdetu gabe. Adibidez, gau batean ateratzen banaiz festa egiteko intentzioarekin, eta jende berria ezagutzen badut, beti-beti-beti gertatzen zaizkit egoera deserosoak. Eta egoera horiek ez dira baitezpada begirada itsaskorrekin edo bizkarretik errandako hitzekin sortuak; ez, hezkuntzari, moralari, ezezagutzari edo gizartearen errealitateari egozten dizkiot nik».

«Orain naiz nire egiazko ni»

Besoak zerurantz luzatu, arnasketa luze bat egin eta oroitzapenen kutxa zabalduko duela ohartarazten digu. «Gauaren ingurumarian, jende berriarekin harremantzean puntu bat iristen da non galderak azalekoak diren; puntualizatu nahi dut batzuekin gertatzen dela, ez denekin noski, baina segituan dakit batzuk ez daudela eroso, badutela kezka zerbait buruaren barnean, edo urduri daudela bestela. Ez dakitelako nola hitz egin niri, eta horrek anitz zailtzen du harreman normal bat. Badira galdetzen didatenak ea operatua naizen, horrelaxe, hitz egiten hasi eta gutxira, eta noski, erantzun hori lagunei baizik ez diet ematen, bestela inoiz ez dut erantzuten. Modu batean da… ni hasiko banintz galdetzen… zuk zakil handia duzu ala ttipia? Hau da, intimitatea intimitatea da beti, norberari baino ez dagokion eremu loretsu bat».

Eguneroko horretan dituen zailtasunak bata bestearen gibeletik kontatzen dizkigun arren, irribarrea eta alaitasuna eskaintzen ditu Nahiak orobat. «Betidanik ezagutzen nauten lagunek erraten didate ongi ikusten nautela, orain egiazko ni naizela, ez zutela zalantzarik lehen, hau da, bazekiten neska nintzela baina orain osoki naiz emazte bat. Hala ikusten naiz».

Prozesu bat izan zen ordea, eta biziki luzea, hala aitortu digu arrapaladan, generoa, identitatearen inguruko galderak bata bestearen gibeletik ukan zituelako berak. «Duela urte gutxi izan zen nire erabateko aldaketa, ordura arte gustuko nituen neskek entzuten zituzten musika eta aldizkariak, baina ez nuen ulertzen nire barnean zegoenaren dimentsioa, bestalde, mozorroak bezala ikusten nituen emazte jantziak. Baina behin bizarra kendu nuen, ilean trentzak egin nituen eta lagunartean kamisetarik gabe agertu nintzen, eta denek erran zidaten emaztea iduri nuela. Eta hara! Hor aurkitu nuen nire egiazko ni, ez dut erran nahi kasualitatea izan zenik, baina bai inflexio puntua».

Ez da pauso erraza

Sakon eta baikor mintzo delarik sekulako energia atzematen zaio. «Batzuek erraten didate aholkuak eta abar eman behar nituzkeela besteentzat; hormonak hartu edo ez, operatu edo zer egin… baina nahiko lan badut nirekin. Nik eman nahi diedan aholku bakarra da izateko haiek direna, aske ateratzeko karrikara, nahi duten bezala». Keinu bat egiten digu, aipamen horretan zerbait ahantzi balu bezala. «Urteak pasa arau femeninoagoa naiz ni, laserrarekin tratatzen dut bizarrarena, azala finagoa dut, borobilagoa naiz, baina niri identitatea interesatzen zait; nor naizen jakin eta naizen bezala bizi. Ez da batere erraza, eta nik xantza ukan dut, nire gisako errealitatea duten pertsona batzuek ezin dutelako lanarengatik nahi luketen bezala jantzi, lana beharrezkoa baita bizitzeko eta ezin baduzu zu zaren bezalakoa izan… nola egin?».

Ez dirudi erantzun errazeko galdera bat, ez. «Adibidez, laster diskoteka bat inauguratzera noa Parisera, eta hiri handia da Paris, anonimotasunaz gain aukera anitz eskaintzen dituena. Aspaldiko lagun batek egin zidan gonbidapena, atiko horietan modan jartzen ari diren diskoteka bat da, jende anitza izango da bertan, eta glamour ikuspuntutik badu xarma, halako giro batean trans pertsona batek eroso egin dezake lan, zerbitzatzen edo marketinean edo…Baina, aldiz, arras zaila da errealitate orokorra».

Aurrez lan desberdinetan aritu bada ere, Frantzian ezaguna eta biziki errespetatua den Vincent Faget abokatuaren idazkaria da Nahia. «Gustura egiten dut nire lana, anitz ikasten dut eta pozik nago» aitortzen digu, eta lanean hasi zenean ez zela orain bezala janzten irribarre batekin luzatzen digu. «Behin zuzenki galdetu nion nagusiari: ‘etor naiteke emazte jantziekin?’. Eta berak galdetu zidan: ‘baina nola emazte jantziekin?’. Ba horixe bera, emazte bat bezala. Etortzeko erran zidan, eta ikusiko genuela gero. Uste dut Faget jauna kontent dagoela egiten dudan lanarekin, abokatu langintzan konfidentzialtasuna eta errespetua oinarrizkoak direla erraten du berak, bezeroekiko arreta, adeitasuna, hor langilearen bizitza pribatuak ez duela zerikusirik, eta nik uste dut egin beharreko lana ongi egitea dela inporta duen bakarra, beste guztiak ez du tokirik». •

«Ni gizon gorputz batean sortu nintzen eta gizon bat bezala ibili naiz urte luzez, nahiz eta banekien emakumea nintzela. Ez nintzen gizon bezala ulertzen, ez nintzen gizon ezagutzen»

«Badira femeninoa edo maskulinoa den irudia agertu behar dutenak; nabarmendu egin behar dute itxurarena besteen begietara. Agian, esajerazio batean bezala bizi behar dute»

«Behin bizarra kendu, ilean trentzak egin eta lagunartean kamisetarik gabe agertu nintzen. Denek erran zidaten emaztea iduri nuela. Eta hara! Hor aurkitu nuen nire egiazko ni»

«Gau batean ateratzen banaiz festa egiteko intentzioarekin, eta jende berria ezagutzen badut, beti-beti-beti gertatzen zaizkit egoera deserosoak. Gehienak, ezezagutzari lotuak»