Nerea GOTI
infraganti

CASILDA MARAÑON, MOZORROEN DAMA

Casilda Marañonek mozorro ugari diseinatu ditu pentsaezinak ziruditen elementuak erabiliz eta hainbat sari ere jaso ditu. Zaborra apaingarri bilakatzea arte bat da, are gehiago goi-mailako joskintza gogora ekartzen duten mozorroak sortzen badira. Lanari arima jartzen dio. Onenean egongo litzateke injustiziak bihotza apurtu ez balio.

U rte asko igaro dira jada Casilda Marañonek lehendabiziko mozorro hura diseinatu zuenetik. Zaila da zehaztea gaurdaino zenbat izan diren. Kreazio ugari dira, askotarikoak, bakoitza bere berezitasunekin. Hala ere, gehienek ezaugarri batzuk dituzte komunean, birziklatzera bota ohi diren elementuekin eginda daude eta begi bistakoa da goi-mailako joskintza gogora ekartzen dutela. Ondo josten ez dakien batek nekez egin ditzake jantzion egiturak, formak, burukoak, kapelak... Baina Casildak badaki josten, eta, gainera, gustuko duela ere onartzen du.

Casildaren mozorroek badute beste ezaugarri nagusi bat, bakoitzak istorio bat du atzean: une zehatz batean sortutako mozorroa izan zen eta kontakizun hori jantziari itsatsita geratu da. Marañonek dioenez, hamarkadetan zehar «oroitzapen ugari» gorde ditu, «gozoak». Dionez, «ilusio handiko momentuak» bizi izan ditu joskintzari esker.

Urte batzuetan hiru mozorro egitera ere heldu da, baina kopuruak ez du kezkatzen, ezta jasotako sari ugariek ere. Eta badira batzuk, bai bizileku duen Amurrion, bai inguruko herrietan, bai Bilbon bertan ere. Helburua ez da inoiz mozorroak eta sariak pilatzea izan, baina hor daude.

Casildak azaltzen duenez, benetako gozamena aurkitzen du irudimenari eragiten, urtero mozorro ezberdin bat asmatzeko prozesuan, apurka-apurka kreazio berri bat sortzen, hari forma ematen... Eta, gainera, «gauzak egitea» berarentzat «terapia» baten modukoa da. «Mozorroa egiten disfrutatzen dut. Jantzi eta esaten dut: ‘irabazi ala ez polita da eta kito’», kontatu du amurriarrak.

Casildak zehaztu duenez, Arabako Errioxako Kripan herrian jaio zen, eta, jaiolekua ahazten ez badu ere, txikitatik bizi da Amurrion, eta, hortaz, amurriarra sentitzen da. Amurrion bertan ezkondu zen eta bi seme-alaba ditu, eta, kontatzen duenez, saltsa askotan laguntzen du.

Egun Gure Esku Dago herri ekimenean aritzen da, baina 30 urte daramatza Casildak Apdema Adimen Ezintasuna duten Pertsonen aldeko Arabako Elkartean. Aisialdirako talde bat antolatzea pentsatu zuten eta Eugenio Pinedo lankideak boluntario gisa aritzeko eskatu zion, kontatu duenez. Baiezko hura eman izanaz ez da inoiz damutu. Casildaren iritziz, Apdemarekiko hurbiltasunak eta elkarteko kideekin izandako bizipenek «sentsibilitate berezi bat» utzi dute etxekoen artean. Gainera, Apdemako neska-mutilak bere «fan onenak» direla nabarmentzen du harro Casildak.

Mozorroak egiteko, material batzuk behin baino gehiago erabili izan ditu, «baina modeloak beti dira berriak». Casildak ez dio bere abileziari garrantzi handiegirik ematen, «honetarako jaioa» dela onartu arren. Hori bai, atzamarretan dituen maskurrak erakusten ditu. Ez da erraza zenbait elementu manipulatzea. Plastikozko ontziak moztea, forma ematea... zaila da, lan handia eskatzen du, «baina ona izan naiz beti eskulanekin eta gustuko dut jostea».

Zauriak egiteraino

Askotan mozorroak janztea bera ere ez dela batere erraza onartu du Casildak, batzuek pisu handia dute, arrastaka eraman behar den dandarra dute askotan, burukoak ere bere pisua dauka, bolumena... «eta ondo jantzita eraman behar da». Irribarretsu komentatu du zauriak ere egin izan dituela mozorroa janzteko trantze horretan. Casildak berak jantzi izan ditu mozorro batzuk, baina ez berak bakarrik, aparteko modeloa baitu etxean bertan; azaldu duenez, «planta dotorea» ematen die amaren kreazioei Judith alabak.

Arto hostoak

Artoaren hosto marroixka sikuekin egindako mozorro eder bat erakutsi digu Casildak, eta urrak eta bestelako fruitu lehorrak tratatzeko hartutako lanak kontatu dizkigu. Gogoratu du mozorroarekin desfilatu zuten egunean baserritar batzuei jantzia egiteko «ortua izorratuta» utzi behar izango zutela esaten entzun ziela.

Plastikozko ur botila, edalontzi eta mahai-tresnak, latak, osasun langileen erabili eta botatzeko maskara eta mantalak, laranjen sareak, kafe kapsulak, arto hostoak, fruitu lehorrak, jogurt botilatxoak, ziazerba hostoak... erabili izan ditu mozorroak egiteko. Elementuok etxean bertan pilatzen ditu, gauzez betetako poltsak erakutsi bitartean azaldu digunez. Materialok biltzeko orduan laguntza handia izan du beti bai etxean, bai auzokideen partetik... «Diogenes sindromeak jota nagoela ematen du batzuetan!», kontatu du solasaldiari irribarre bat ipiniz.

Etxeko ateak berehala zabaltzen dituen moduan, zabalik dauka Casildak mozorroak gordetzen dituen etxeko sotoa ere ikusi nahi duenarentzat. Nabarmentzen duenez, mozorroak janzteko dira, ez gordeta egoteko, eta, horregatik, behin baino gehiagotan utzi dizkie hurbilekoei.

Mozorroak sortzen gozatu izan du beti, baina begi bistakoa da kreazio bakoitza azaltzen ere disfrutatzen duela, mozorroak eta jantzi zituztenen irudiak erakusten, bakoitzak atzean daukan historia azaltzen. Casildaren bizitzaren zati handi bat konta daiteke argazkioi begira, eta arabarrak ez ditu sentimenduak ezkutatzen.

Semearen argazki kutuna

Argazki bilduma potoloan, plastikozko edalontziekin egindako mozorro bat daraman haur bat ageri da. Aspaldiko kreazio hori Alfredo Remirez Casildaren semeak jantzi zuen ikastolako jai batean. 1990. urtea zen, eta mozorroa ez zen batere erosoa 7 urteko haur batentzat. «Alfredok behin eta berriro kentzeko eskatzen zidan, eta nik apur bat gehiago aguantatzeko esaten nion!», kontatu du amurriarrak, argazki bildumari begira.

Argazkiz betetako zorro potoloak irudi ederrak pilatzen ditu. Orriak pasatu eta bakoitzarekin oroitzapenak, anekdotak, gogoetak... botatzen ditu, baina, mahai gainean, sarri laztantzen duen argazki handi bat dauka Casildak, Alfredo semearena.

Ez da memoria txarrekoa Casilda Marañon eta solasaldirako ere tonu gozoko pertsona da, txispa handikoa, frankoa... Kontatzen duenagatik, nabari da martxa handiko emakumea izan dela. Hala ere, onartzen du ez dagoela bere unerik onenean. Sentimenduak pilatzen zaizkio, eta atzean ez dago arrazoi bakar bat, bizipen ugari eta kontrajarriak baizik.

Alfredo semea, @erreharria Twitter sare sozialean, Darocan du preso. Egin dituen “delituak”, honakoak: txio bidez presoen urrunketa salatzea eta 2005ean Amurrioko jaietan euskal preso baten irudia erakustea. Elkartasun adierazpen horiek eraman dute kartzelara, eta, uneotan, senideek 800 kilometro egin behar dituzte bisitako.

Semeari askatasuna kendu dion bidegabekeriaren aurreko ezintasuna, kartzelak eta urrunketak sorrarazten duten kezka, ingurukoen eta ez hain ezagunen partetik jaso duen elkartasuna... gehiegi dira emozioak une batzuetan, baina begiak dir-dir jarri dizkioten negar anpuluak eskuarekin garbitu eta argazki bildumara itzuli da kontakizunarekin jarraitzeko. Nabarmendu duenez, sekulako maitasuna eta laguntza izan du, eta horren zati handi bat itzultzen dio Alfredori asteroko bere gutunean. Bidali behar dion etxeko lorea erakutsi digu, baita gutun-azalean bidali behar dizkion egunkari zatiak ere.

Askatasun eskea mozorro bidez

Mahai gainean dagoen beste argazki bat hartu du segidan. Mozorro gorri bat da, bere pamela eta guzti, eta plastikozko mahai-tresna zuriekin apainduta dago. “Julen libre” lelodun eranskailua dauka bularrean, eta “Alfreedom” dioen lelodun banderatxoak osatzen du jantzia. Egin duen azken mozorroa da deskribatu berri duguna. Lehen pertsonan bizi izan duena azaltzeko egin du Casildak Alfredo semearen eta Julen herrikidearen aurkako prozesuak salatzeko.

Ez da azken hori mezu zehatz bat zabaltzeko Casildak egindako mozorro bakarra. Hala, 1998an “Egin” egunkaria itxi zutenean, ez zuen birritan pentsatu: egunkariaren lehen orrialdeekin mozorro bat egin eta “Egin kalean” izena jarri zion. «‘Egin’ itxi zuten urtean ez nintzen mozorro lehiaketara aurkeztu. Urte hartan aldarrikatzera irten nintzen kalera», gogoratu du.

Beste askotan inprobisazioa izan du bidelagun mozorrotzeko orduan. Mozorro horiek ere ez ditu ahazteko. «Sortzailetzat dut nire burua», adierazi du Casildak, eta kontatu du nola behin mozorrotzeko ganbarara jo eta arropa zaharrekin jantzi ziren. Modu batera ala bestera, mozorrotzea bada eskura daukazunarekin itxura aldatzea, eta hor dago «magia» neurri handi batean. Horregatik, kontatu digu behin antzerki talde batentzako jantziak egiteko eskaera jaso zuela eta ez zuela onartu. Ideia ez zen berez txarra baina zortzi jantzi egin behar izateak xarma kentzen zion egiten duen horri; mozorro bat egiterako orduan, Casildak ez du ez mugarik ez bete beharrik, eta horretan aurkitzen du hainbeste asetzen duen hori.

Buruan badu zerbait datorren urtera begira, baina oraingoz ez du pistarik eman nahi. Ume mozorro bat egin nahi du, eta, lan horretan, irudimenak ez du etenik. Bidean, uneotan zaborra den hori apaingarri bilaka daiteke. Bihotzaren zati bat etxean du, modelo, eta, bestea, Darocan, urrunegi baina hurbil. •