Maddi Txintxurreta Agirregabiria
infraganti

AMAIA OLASOLO

Amaia Olasolok literaturarako jauzia eman du estreinakoz, «Por fin lo sé. En busca del propósito de vida. Una extraordinaria historia de autosuperación y reinvención» liburuarekin. Mathilde Denoir protagonista paristarraren azaletik, norbere buruaren garapena bilatzen duen fikziozko nobela da, bizitza oztopoz betetako bidaia dela ulertuta.

Zilarrezko bitxiak jantzita eta bizitzan zehar ikasitakoa soinean agertu da Amaia Olasolo. Izan ere, ez da gutxi bidean ikasi duena, eta, dioenez, ikasteko falta zaiona ere ez. Berak egindako zilarrezko eraztundun eskuarekin zorabiatu du kafea, Gasteizen kutuna duen kafetegi batean. Arrasaten jaioa, Gasteiz du orain bizitoki, baina hara-hona ibili da Arabako hiriburura iritsi aurretik. Madrilen, Parisen eta Düsseldorfen bizi izan da.

Olasolok dio pertsona guztiok daukagula «patu» bat, guztiok jaio garela egiteko batekin, eta egiteko hori beste inork baino hobeto gauzatzeko gai garela. Alabaina, patu bat izanagatik ere, bizitza ez da, Olasoloren iritziz, helmugara iritsi arte segi daitekeen marra lineal bat; kontrara, pertsonok marra sigi-sagatsu batean alderrai ibiltzen garela dio, korapilatu egiten dela, eta patua bera ere aldakorra izan daitekeela, bizitzaren igaroan hartzen diren erabakien eta bakoitzaren familiaren, lagunen, esperientzien menpeko. Zenbat aldiz begiratu ote dugu atzera eta pentsatu: «ez nuen erabaki hori hartu behar». Baina orainaren talaia tranpatia denez, eta tronpatzen ez denak ez duenez ikasten, ahultasunak aldarrikatu eta korapiloak deslotu behar direla uste du Olasolok. «Ideiak ez dira landuta sortzen, garatu egin behar dira».

Bizitza frenetiko bezain interesgarria izan du Olasolok, oztopoz eta erabaki on zein txarrez betetakoa, eta “Por fin lo sé” liburuan islatu ditu bere bizipenak, «jendeari laguntzeko asmoz». Fikziozko nobela da “Por fin lo sé”, baina bertan kontatzen diren esperientzia asko idazleari berari gertatutakoak dira. Horregatik, Amaia Olasolo ikustean, badirudi liburuan lerro-artean idatzita dagoena irakur zenezakeela, eta dejà vu baten gisa, Mathilde Denoir liburuaren protagonista ikus dezakezu istant batez, kafe berbera Pariseko taberna batean zorabiatzen.

Olasolorentzat garrantzitsua da pertsona bakoitza den moduan agertzea, «mozorrorik gabe», eta halaxe kontatu du bere bizitza eta Mathilderena, normalean esaten ez diren gauzak ere lehen lerrora ekarrita. Izan ere, liburu zuzena eta irakurterraza da, eta orrietan deskribatzen direnak edonork bizi ditzakeen egoera arruntak dira. Errealitatetik gertu egonagatik, norbere burua ezagutzera eta auzitan jartzera bultzatzen dute.

Liburua idaztea beste ikaskuntza bat izan da Olasolorentzat, eta bere helburua jendea laguntzea den arren, ez da autolaguntza gisa ezagutzen diren liburu horietako bat, fikziozko nobela baizik: «Istorio baten bidez errazagoa da irakurleak bere burua liburuan gertatzen diren gauzekin identifikatzea eta erabaki nuen fikzioa egitea. Asko egiazko gertaerak dira, bai niri bai nire ingurukoei gertatutakoak».

Hamar urteko epean bizitako esperientzien zurrunbiloaren kapitulua ixteko eta orri berriak zirriborratzeko egin zuen liburua idazteko hautua: «Erabaki nuen minarekin bukatzea, eta osatu egin behar izan nintzen. Hortik atera zen liburu bat idazteko ideia». Balentriaz beteta idatzi du, zenbaitetan bere burua biluziz, liburuko orriak bere ispiluak bailiran.

Mathilde Denoir

«Gaizki bukatu diren saiakerekin bizitzen ikasi dut, beldurrekin eta dezepzioekin, baina horiek guztiak esperientzia gisa ulertuz». Olasolok idatzitako esaldi horrekin laburbildu daiteke liburuaren funtsa.

Mathilde Denoir eleberriko protagonistaren bizitza gatazkaz betetako bizitza da. Fabienekin ezkonduta dago, ez nahi bezain gustura, eta Ipar Euskal Herrira bere bi ahizpekin egindako bidaia batean gizon bat ezagutzen du. Momentu horretatik aurrera bere bizitzako ibilbidea auzitan jartzen hasten da eta bere buruari galderak egiten hasten da, jakin nahian zein den egiaz nahi duen lana, alboan izan nahi duen pertsona, zer den zoriontsu egiten duena. Horren bila, aurkikuntza eta jakintzazko bide luze bat abiatzen du, eta bere burua ezagutzera eta etengabe biziberritzera bideratzen ditu indar guztiak.

Etengabeko introspekzioaren kontakizunaren bitartez, irakurleari egunerokotasuneko oztopoak gainditzeko adibide praktikoak ematen dizkio, baina gidaliburu bat ez denez, eleberrian ematen diren erantzunak ez direla edozeinentzat baliagarri aitortu du autoreak. Horren ordez, fikziozko bizitza baten bitartez, irakurleari «pistak» ematen dizkio bere barne gatazkei aurre egiteko: «Nire helburua da irakurleren bat Mathilderen antzeko egoera batean baldin badago, egoera horietan ez dezala berak bezainbeste sufritu, Mathilderen prozesua oso gogorra izan baita. Hala ere, esan beharra dago bidea helmuga bezain garrantzitsua dela, edo garrantzitsuagoa. Mathilde eta Amaiarentzat oso zaila da hori onartzea. Nire mezua argia da: aurkitu zure bidea, zure konponbideak. Nire bideak lagundu zaitzake, baina bakoitzak berea garatu behar du».

Gasteiz eta Parisen arteko elkarrizketa darabil ahoan Amaia Olasolok. Madame Kiwi izena jarri zion bere kabuz abiatu zuen bitxigintza enpresari, baina, zailtasun ekonomikoak medio, enpresa itxi behar izan zuen, bitxiak egiten jarraitu zuen arren. «Jantzita ditudan eraztuna eta brotxa nireak dira», esan du bitxiak erakutsiz. Antzekoa gertatu zitzaion Mathilde Denoirri Madame Joelle tankera berdineko enpresarekin. Biak ala biak euren lanak utzi zituzten bitxigintzan buru-belarri aritzeko, jakinda ekonomikoki bizi-maila jaitsiko zutela, eta biek itxi behar izan zituzten enpresen ateak. Ilusio handiz ireki zuen Olasolok bitxitegia, eta liburuan Mathilderen ahotik kontatzen du momentu horretan nola sentitu zen. «Eta orain zer?» galdetu zion bere buruari. «Nik espero nuen gauzak hobeto ateratzea. Momentu horretan txikitu egin nintzen. Baina, horrelako egoeratan zure burua berrasmatu behar duzu, zer egin nahi duzun erabaki eta momentuko dolua kudeatu», esplikatu du.

Emakumea eta dolua

Emakume espirituala da Amaia Olasolo. Hiri handietara ohituta dago, baina naturara jotzen du emakume izaera esplikatzeko. «Haurrak izateko gai denez», emakumea «sortzailea» dela dio, natura sortzailea den gisara, baina emakumea harreman horretatik aldendu dela iritzi du Olasolok, eta horrek eragin zuzena izan duela egungo «emakume prototipikoa» eraikitzerako orduan. «Naturarekiko lotura galdu egin da. Harreman hori berreskuratu behar dugu, guretzako ona delako», esan du.

Natura albo batera uztearekin batera, emakumea gizontasunak ezarritako bide orria jarraitzera mugatu dela iritzi dio. Liburuaren hitzaurrean, Germana Martinen hitzak jaso ditu idazleak: «Gutako askok ahalegin guztiak jarri ditugu aginpide patriarkalak betetzerako orduan: karrera profesional bat izatea, ekonomikoki independenteak izatea, egiten dugunarekin arrakasta lortzea, eta abar. Eta lorpenak eta helmugak biltzen diren toki horretara iristen garenean, galdetzen diogu gure buruari: zertarako balio du horrek guztiak?». Olasolok gehitu du: «Ahalegindu gara gizonen patroien barruan gure bizitza antolatzen, eta gure burua ukatu dugu, emakume izaera existituko ez balitz bezala. Hori gizonen aldeko interesek eragin dute. Denak zaku berean sartu gabe, noski».

Emakume izaerarekin lotuta, eleberrian argi azaltzen da Mathilderen sentimenduen eta bere bizitzan zeharkatu dituen gizonen sentimenduen arteko desoreka. Aurpegi askotako doluaren mamua Mathilderen gorputzean iltzatzen da, eta indarrak batu behar ditu dolu horiei aurre egiteko, bere gizonezko bikotekideek, kasu askotan, aise gainditzen duten bitartean.

Dolua, iragankorra baina hezigaitza, eleberriaren beste protagonista bat da. Olasolok argitu du dolua ez dela bakarrik «gertuko bat hiltzen denean jasaten dena»; bikotekidearekin harremana haustean, zure burua lana uztera behartzean, bertatik kaleratua izatean... «Dolu horiei buruz ez da hitz egiten, baina askotarikoa izan daiteke dolua». Hala ere, doluak bezainbat konponbide daude, eta Mathilde Denoir guztiak kudeatzen saiatzen da; korapiloak askatuz gero eta libreago izan arte.

Argitaletxerik gabeko ekoizpena

Eleberria irakurtzeko asmoa duenari abisua bota dio Olasolok: «irakurriz gero, ez zaitu berdin uzten». Idazlearen hitzetan, hiru irakurle mota egon daitezke: «Lehenik eta behin, identifikatzen dena, liburuari esker gauzak beste modu batera ulertzen ahalegindu eta bizitza beste modu batera bizitzera animatzen dena. Bigarrenik, liburua gustatu ez zaiona. Eta, hirugarrenik, liburua gozatu bai, baina hausnarketa hori egiten ez duena».

Irakurlea bat edo beste izan, Olasoloren helburua da liburua ahalik eta jende gehienarengana iristea, «ahalik eta bihotz gehien ukitzeko». Nobela azkar kaleratu nahi zuenez, argitaletxerik gabe argitaratzeko hautua egin zuen, editorialen zain ez egoteko. Hartara, liburua abenduaren 31n «askatu» zuen. «Urte berria, bizitza berria». Nobela eskuragarri dago Ayala, Mayner eta Elkar liburu dendetan eta baita Amazon atarian ere.

Liburua idaztea terapia moduko bat izan da arrasatearrarentzat, eta badirudi ez dela literaturaren psikologiatik aldenduko. Bigarren nobela bat dauka buruan, «bizitzarekin eta heriotzarekin» zerikusia izango duena. •