2018/06/16

URA ITURRALDE

Barakaldoko Baffest argazki jaialdian saritu dute Ura Iturraldek samariarren inguruan egindako lana. Tolosarra «erabat gustura» utzi duen lehen lana izan da Palestinan parean topatu zuen komunitatearekin egindakoa. Istorioen atzetik bidaiatzen du, kamera konpainia bakarra duela, kontatu gabekoak kontatzeko ahaleginean.

Amagoia Mujika Telleria
0616_ura2
Ura

Barakaldoko Udalak hirugarren urtez jarraian antolatu du Baffest argazki jaialdia. Aurten berezitasun nabarmena izan du, parte hartu duten sortzaile guztiak emakumeak izan direlako. Ura Iturralde (Tolosa, 1979) izan da sortzaile berrien saria jaso duena. Hasiberriaren saria jaso du eta berak halaxe sentitzen du bere burua, abiatzen bezala. «Argazkiak ateratzen urte batzuk daramadan arren, benetan gustura geratu naizen lehen lana Baffesten aurkeztu dudana izan da, samariarrena», aitortu du.

Betidanik gidatu dute bere bi pasioek; argazkilaritzak eta bidaiatzeak. Baina duela bospasei urte arte ez ditu biak parean jarri. «20 urte nituenetik bidaiatzen dut kamera aldean hartuta. Baina zortzi urtez kopia-denda batean aritu nintzen lanean eta oporrak baliatzen nituen bidaiatzeko. Bidaiatzea eta bidaietan argazkiak ateratzea lanbide duela bospasei urte bihurtu nuen. Horregatik diot hasiberria naizela».

Baffest jaialdian “Azken samariarrak” lana aurkeztu du, saritua izan dena. «Palestinan topatu nituen, bidean. Ez zen aurretik pentsatuta neukan lan bat. Nik normalean helburu garbi batekin bidaiatzen dut, oso ondo zehaztutako gidoi batekin. Normalean oso garbi izaten dut landu nahi dudan gaia eta aurretik gai horren inguruko sekulako ikerketa egiten dut. Palestinara, baina, beste gai baten atzetik abiatu nintzen. Hasiera batean beduinoen bila joan nintzen. Ez nuen gatazkan sartu nahi –nahiz eta gatazka bizi izan–, zeozer desberdina egin nahi nuen, eta beduinoen bila abiatu nintzen, oso errealitate gatazkatsua bizi dutelako. Eta haien atzetik nindoala topatu nituen samariarrak», hasi da kontatzen Iturralde. Sekulako deskubrimendua izan zela aitortu du. «Ez nekien ezer samariarrei buruz, ez nekien existitu ere egiten zirenik. Txikitatik askotan entzun izan dut ‘samariar ona’ esamoldea, baina ez neukan ideiarik haiei buruz». Berehala konturatu zen, baina, samariarrek ezaugarri eta baldintza bereziak zituztela.

«Burbuila batean bizi dira»

«Burbuila batean bezala bizi dira eta ez dira gatazkan sartzen. Oso ondo moldatzen dira palestinarrekin eta israeldarrekin. Erabat aparteko mundu batean bizi dira, beren erlijioaren arabera. Baina ondo bizi dira. Garai batean samariarrak Jordania aldetik ibili ziren, eta, ondorioz, gaur egun hiru pasaporte dituzte: jordaniarra, israeldarra eta palestinarra. Israelen lan egiten dute eta Palestinan bizi dira. Eta sekulako etxeak dituzte. 750 pertsonako komunitatea da». Samariarrak, beraz, ondo ikusiak daude alde guztietatik. «Pentsa, Tel Aviveko aireportuan arazo mordoa izan nuen, bai sartzeko eta, batez ere, ateratzeko. Hiru ordu eduki ninduten galdetegi batean eta samariarrekin egon nintzela esan nienean poliziei, arazo guztiak desagertu ziren. Samariarrei buruzko galderak egin zizkidaten –esaten nuena egia ote zen ziurtatzeko– eta horiei esker libratu nintzen».

Fotokazetaritzaren eta argazki dokumentalaren arloan mugitzen da. «Ni beti istorio bila joaten naiz, jakin-minak gidatzen nau. Asko irakurtzen dut eta nire interesa pizten duten gai mordoa topatzen ditut. Baina egia da badirela kutunagoak ditudan gaiak; Palestina, Kuba, emakumeekin lotutako gaiak... Orain samariarrekin egin dudan lanaren haritik, gustatuko litzaidake gutxiengoen inguruko proiektu luze bat osatzea».

Samariarrak gutxiengo pribilegiatua dira. «Nik egun berezi batean topatu nituen samariarrak, Barkamenaren Eguna deiturikoan. 24 orduz sinagogan errezatzen egon behar dute, baraurik, eta ezin dute teknologiarik erabili. Gizonak eta mutikoak 24 orduz sinagogatik atera gabe egoten dira, eta, emakumeak eta neskatoak, kanpoan, sartu-irtenean eta hizketaldi lasaian. Emakumeak nahiko egoera onean bizi direla ikusi nuen; ikas dezakete, lan egin dezakete... Haien hitzetan aske bizi dira. Orain, gainera, konbertitutako emakumeak onartzen dituzte, eta lehen ez. Eta Ukrainara joaten dira emakume bila».

Aipatu bezala, bidaiek eta argazkilaritzak betidanik izan dute pisua Iturralderen bizitzan. «Oso txikitatik, telebistan bidaia erreportaje bat ikustean ni ere hara joango nintzela esaten nuen berehala. Argazkilaritza, berriz, betidanik gustatu izan zait. Artistikoa den guztiak betidanik erakarri nau».

Ikasketez diseinatzaile grafikoa da. «Kopia-dendan txori bat kaiolan bezala sentitzen nintzen eta hilabeteko oporrak baliatzen nituen kaiolatik alde egiteko. Zortzi urteren ondoren, lanik gabe geratu nintzen. Akordatzen naiz nagusiak lanik gabe geratuko nintzela esan eta segidan Leidor ondoko liburu dendara joan nintzela. Asia guztiko Loly Planet gida erosi nuen. Etxera joan eta amari esan nion ‘ama, lanik gabe geratu naiz eta hiru hilabetez nire kamerarekin Asiara joatea pentsatu dut’. Hor hasi nintzen argazkilaritzaren bidean saiatzen. Betidanik buruan neukan ideia bati serioago eutsi nion».

Nahikoa autodidakta dela dio, nahiz eta argazkilaritzarekin lotutako ikastaroak egin dituen eta egiten segitzen duen. «Madrila joan nintzen ikastaro batera, eta, hori tarteko, ‘Interviú’ aldizkarian argitaratu nituen nire lehen lanak. Amiantoa, Abiadura Handiko Trena... horrelako gaiak egin nituen ‘Interviú’-rako. Baina ez ziren nire gustuko lanak. ‘El Pais’ egunkarian eta Al Jazeera-n ere argitaratu izan dut. Baina, zalantzarik gabe, ‘7K’ igandekarian eta ‘Zazpi Haizetara’ bidaia aldizkarian argitaratzen dut nagusiki».

Bakarrik bidaiatzen du

Ura Iturraldek bakarrik bidaiatzen du normalean eta hala egitea gustatzen zaio. «Ni oso bakartia naiz bidaiatzen dudanean. Nahikoa konpainia daukat nire kamerarekin. Gai naiz banku batean eseri eta bi ordu bertan emateko, argi egokia etorri zain, norbait puntu zehatz batetik pasatzeko zain... atera nahi dudan argazkiaren zain, alegia». Samariarren erreportajea egiten, adibidez, 17 egun pasatu zituen. «Konturatu nintzen arratsaldeko bostetan argi bikaina egoten zela eta egunero garaitsu horretan joaten nintzen. Orduak eta orduak eman nituen haiekin».

Bakarrik bidaiatzen duen emakumea. Bistan da ertzak badirela. «Egia da asko zaindu dudala nire burua eta ez dut arazorik izan. Asian, adibidez, ez nuen inongo arazorik ikusten. Nire disgustu handiena izan da Thailandiara joan eta bertan Tolosa erdia topatzea. Thailandia oso masifikatuta dago. Baina Hego Amerikan, adibidez, gaua iritsi orduko ostatura joaten nintzen. Eta gauez atera nahi banuen, beti topatzen nuen norbaiten laguntza. Bakarrik ez nintzen ibiltzen. Rio de Janeiron, esaterako, gazteak joan ohi diren aterpetxe batera joan nintzen eta taldean ateratzen nintzen. Gauez 30 pertsonako taldea ateratzen ginen».

Ikara, benetako ikara, Mozambiken pasatu zuela aitortu du. «Ni nintzen han zegoen turista bakarra, zuri bakarra eta, gainera, emakumea. Dena gaizki. Egunez kaletik nindoala lau gizonezko atzetik segika nituela konturatu nintzen. Obratan zegoen eraikin batera sartu eta garrasika hasi behar izan nuen laguntza eske. Mozambiken ez nuen nire burua ondo ikusi eta beldurra pasatu nuen».

Fuji kamera txiki batekin agertu da hitzordura, oso kamera diskretua. Azkenaldian kamera horrekin bidaiatzen du, garrantzitsua baita oharkabean pasatzea. «Niretzat oso garrantzitsua da oharkabean pasatzea, jendearen artean lasai ibiltzea, inoren arretarik ez erakartzea...».

Aurretik bidaia eta egin asmo dituen erreportajeak asko prestatuagatik, unean uneko baldintzek eta egoerek agintzen dute beti. Samariarren erreportajearen aurretik Kuban egon zen Iturralde, bertako erlijio gutxituen inguruko lan bat josten. «Etsigarria izan zen. Hilabete bat eman nuen bertan eta 30 argazkirekin bueltatu nintzen. Palestinatik, berriz, 2.000 argazkirekin bueltatu nintzen».

Kubako erreportajeak aho zapore gazi-gozoa utzi zion arren, espero gabeko bidea egin zuen lan horrek eta Al Jazeera-k erosi zuen. «Nik pentsatuta nuen lan bat egitea Kuban eta ez zitzaidan atera. Beste gauza bat atera zitzaidan. Baina Al Jazeera-ri asko gustatu zitzaion eta erosi egin zuen. Ezin da inoiz asmatu». Hala ere, pozik dagoen arren, buruan dauka beti egin nahi zuen eta egitea lortu ez zuen argazki hori. «Oso exijentea naiz nire buruarekin».

Baffest jaialdiko sariak bultzada emango diola uste du, baina estutu ere egingo duela sentitzen du. «Samariarren erreportajearekin gustura geratu naiz eta asmoa dut hurrengo bidaia Iranera egitea. Ideia zehatz baten atzetik noa, oso zaila den proiektu bat dut buruan. Ea lortzen dudan. Noski, maila berdina edo handiagoa eskatu behar diot nire lanari. Ni berez oso zorrotza naiz nire buruarekin eta orain, sari horrekin, are zorrotzagoa. Berdin edo hobeto egin behar dut. Presio hori badaukat».

Aurtengo Baffest jaialdiak emakume argazkilarien gainean jarri du fokua. «Fotokazetaritzari begiratzen diot nik eta oso-oso emakume gutxi dabiltza alor horretan. Baina Tolosako argazkilaritza taldean ere oso emakume gutxi daude, eta ez dut ulertzen zergatik. Egia esan garrantzitsua da horrelako jaialdi batek errealitate hori lehen lerrora ekartzea».

Urrian joan nahiko luke Iranera. «Eta, normalean, zerbait buruan sartzen bazait, egin egiten dut. Orain bidaia hori prestatzen ari naiz, informazioa biltzen». •

«Lanik gabe geratuko nintzela jakin eta segidan liburu dendara joan nintzen, Asiako Loly Planet gida erostera. Etxera joan eta amari esan nion hiru hilabeterako Asiara nindoala»

«Bakarrik bidaiatzen dut. Asko zaindu dut nire burua eta ez dut arazorik izan. Mozambiken izan dut arazo bakarra; turista bakarra, zuri bakarra eta emakumea nintzen. Dena gaizki»