Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

GORKA OTSOA DE ALDA

Bederatzi urterekin pintzel bat hartu eta, bere daltonismoari muzin eginda, ez du askatu, baina aldi berean beste arte diziplina gehienak jorratu ditu, musika eta kirolarekin batera. Herri baten diaporama edo maketa handia, museo bat, liburu bateko ilustrazioak, kalerako eskultura bat edo antzinako pieza baten erreplika izan daitezke haren lanbidea.

Ibilbide luze eta askotarikoa egin du 56 urtetan. Izan ere, diziplina anitzeko artista da, inondik ere, Gorka Otsoa de Alda artista gasteiztarra: pintura, eskultura, diseinua, ilustrazioa eta argazkigintza izan ditu bere artelanen euskarri. Azken 20 urteetan hainbat espazioren eta eszenografiaren diseinuak dira bere jardunaren lekuko, edo eraiki dituen dioramak, herri osoen maketa handiak, alegia.

Ezin uka, halaber, ibilbide luzea egin duela. Bederatzi urte zituela, eta etxean kontsultatu ere egin gabe, marrazkigintza akademia batean izena eman zuen. Ondo gogoan du bere lehenengo irakaslea, Gonzalo Bilbao pintorea: «Euskal gaiak jorratzen zituen aldizkari batean egiten zuen lan. Aldizkariaren azalak egiten zituen, Arrueren margolanen tankerakoak». Harekin ikasi zuen marrazten eta margotzen.

Ondoren Arte eta Lanbide Eskolan hasi zen modelo bizia eta eskultura lantzen, azken hori katedralerako piezak egitearen truke. Izan ere, 18 urterekin eguneko denbora gehiena eskulturari eskaintzen zion, goiz eta arratsalde. Gaur egungo Gotzaindegian leku bat uzten zieten Gorkari eta beste zenbait ikasleri, irakasle «santujale samar» baten begiradapean. Hark santuak biluzik modelatzen zituen gero gainean arropak janzteko, biluzik baina betiere sexu organorik gabe, eta hamaiketakoa egitera joaten zenean, hango «gasteiztar ganberroek» zakilak, barrabilak edo titiak modelatzen zizkieten. Eta irakasleak beti harrapatzen zituen. Han ematen zuen Gorkak eguna, eta gauez modelo bizia lantzen jarraitzen zuen

Batxilergoa bukatzen ari zela, Arabako Arkeologia Institutuan hasi zen marrazkilari. Hiru urtez egon zen indusketatan marrazkiak egiten. Horretan ziharduela, Arte Ederrak egiten hasi zen, eta karrera amaitu baino lehen, publizitate agentzia batean lan egiten.

Karrera amaitutakoan, Parisko Arte Ederren fakultatera joan zen, Arabako Aldundiaren beka bati esker. Ikasturte bi egin zituen Parisen, 1988an jaioterrira doktore tesia egitera itzuli zen arte.

Museogintza

Gasteizen, CINT Irudi eta Teknologia Berrien Zentroa sortu zen orduan, eta han komikiaren gaineko ikasgai bat sortu zuen beste ikasle bakan batzuekin. Zentro hura hazten joan zen eta diseinu zentroa eratu zuten, 200 ikasle izatera iritsi zena eta gero CETIC Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zentroa izango zena. Hura utzi zuenean, publizitate enpresa bat sortu zuen Gorkak; hala ere, eszenografiaren munduan «tarte» bat sumatu zuenean, arlo horretan hasi zen lanean, museoen espezializazioan.

Museoetan oso jende gutxik lan egiten duela dio. «Udalek dirua zutenean eta eraikin batekin zer egin ez zekitenean, museo bihurtzen zuten. Ateratzen zenuen diru hari esker, urte oso batez museoan bakarrik jardun zenezakeen», dio. Goierrin hiru egin zituen. Seguran, Erdi Arokoa; Idiazabalen, gaztarena, eta Ordizian, Goierriko Interpretazio Zentroa eta Elikadura eta Gastronomia Zentroa. «Idiazabalgoan lau hilabete eman nituen dokumentazioa jasotzen. Lau hilabete ordainduta, e! Artzainei bisitak egiten, inguruko mendietan ardiekin mugitzen, gazta fabrikak ikusten... Frantziara ere joan nintzen hango azokak ikustera». Mendatan, Baserriaren Interpretazio Zentroa egin zuen eta hori dela-eta AEBetako diasporako jendea ikustera joateko beka bat eman zioten, materiala erosteko, argazkiak egiteko...

Museoetan jarduteak beste behar batzuk sorrarazten zizkion. Esate baterako, maketa bat behar zuenean, ez zion inork egiten, baina bera maketa irakasle ibilia zenez Gasteizko Udalean, berak egiten zuen. Dagoeneko 30 bat egin ditu. Haietako bat, duela urte bi egina, 1750eko Ordizia nolakoa zen erakusten duen maketa erraldoia da.

Beraz, hainbat lan eta diziplina uztartuz egin du bere ibilbidea: liburu baterako ilustrazioak, kalerako eskulturak, maketa bat edota aztarnategi bateko zaharberritzearen erreplika bat. Egunotan aldare erromatar baten erreplika ikusgarria egiten ari da estudioan.

Margolari daltonikoa

Duela 20 urtetik, bere buruari ezarritako arau bati eutsi dio: urtero hiru hilabete beretzat hartzea, pintatzeko, eskultura edo argazkiak egiteko, lehen beti desorduetan egin behar baitzituen bere gogoko obrak.

Gorka daltonikoa da. Ez da oso ohikoa daltoniko batek koloreak lan tresna izatea, baina Gorka hala da, «Beethoven gorra zen bezala. Atzo emaztea eta alaba kolore batzuen tonuen gaineko argibideak ematera etorri ziren estudiora». Oro har ondo moldatzen da, ordea, pintura pote guztietan oharrak itsatsita. Gogoan du etxean bere amari etengabe koloreen gainean galdetzen zionean, han estudio bat zuen arren, sukaldean pintatzen baitzuen.

Aldi berean gauza asko egiteko gai dela erakutsi du aspalditik. Gehienak, ondo. Gaztetan txistua jotzen ikasi zuen, eta ondoren zeharkako txirula eta saxofoia. Parisen zela, fanfarre bat eratu zuen fakultateko hainbat herrialdetako lagun batzuekin: «Taberna batzuetatik bota egiten gintuzten, beste batzuetan ardo batera gonbidatzen». Ondoren, 80ko hamarkada amaieran, Gasteizen “Les petites filles” taldea osatu zuen hiruzpalau lagunekin, besteak beste Bingen Mendizabal eta Tito Aldama Hertzainak taldeko kide ohiekin.

Hori guztia gutxi balitz, kirolaria izan da gaztetatik. Lehenengo, gimnasia olinpikoa egin zuen; ondoren, igeriketa, eskalada… Horiek guztiak utzi egin zituen, eta orain maratoiak eta triatloiak egiten ditu. 40 urte bete zituenean, emazteak bizikleta bat oparitu zion, eta bi alabak koskortu ahala gero eta denbora gehiago eskain ziezaiokeen kirolari. Orain, urtean maratoi bi, sei maratoi erdi eta hiru triatloi egiten ditu: «Ondo datorkit bururako, bestela egun osoa emango nuke hemen». Pandemia hasi zenean, konturatu zen egun osoan lan egin zezakeela, baita «hori ez dela kaskoarentzat ona» ere. Bere entrenatzaileak esaten dionez, maratoi bat isilik egiten duen egunean, nabarmen hobetuko du bere denbora.

Ate irekien astea

Aspaldi luzeko beste ohitura bati ere eusten dio Gorkak, 1982an beste lau lankiderekin zuen estudioan egiten hasi zirenari: noizbehinka, astebetez estudioa zabaltzea. Urte hartan erakusketa bat prestatu zuten estudioan bertan, eta arrakasta itzela izan zuten. «Galeriaren munduak bere alde hotza du: artista bertan dago, eta hori ondo dago, baina ez dakizu nolakoa den atzekoa, sukaldea. Orain modan daude sukaldeak denen bistan jartzea, sukaldaria kristal baten atzean ikusgai egoten da, eta nik horixe egiten dut bizpahiru urtean behin». Estudioan erakusketa bat prestatu eta ateak zabaltzen ditu. «Gero erakusketa hori beste leku batera joaten da, baina orduan hemen jartzen dut, ‘Ate irekien astea’ leloa duen kartela eginda». Batzuetan musikariak eraman izan ditu inauguraziora. Jendeak, hartara, erakusketa ez ezik, artista lanean ere ikusten du, egun horietan Gorkak ez baitio lan egiteari uzten. «Ezagutza harremana askoz hurbilagoa da, are negozio harremana ere», aitortu du. Batzuetan pinturak, beste batzuetan eskulturak, objektuak edo denetarik jartzen ditu ikusgai.

Duela hiru urte “Etxea harresia ez denean” erakusketa egin zuen, eta hurrengo urtean Zuloa espazioan ere jarri zuen. Leku batean edo bestean desberdina dela dio : «Arte galeria batean espazioa desberdina da. Aldeko eta aurkako elementuak daude bietan, baina egia da hemen ere ondo funtzionatzen duela».

“Etxea harresia ez denean” erakusketak denetarik zeukan, «brikolajetik asko, maketa txiki asko… haserrez betetako objektuak, urteen joanaren halako narratiba sortzen doazenak. Izan litezke albisteen gaineko 3D elementu grafikoak». Erakusketan, Palestinako etxe jausi bat, Argentinako txabola bat, Haiti, Siria, Yemen, Bosniako hondamendi eta gatazkak gogorarazten dituzten irudiak, autobus markesina bat edo kartoizko kaxak zeuden ikusgai, «babes kontzeptua zein iragankorra izan daitekeen, etxerik gabeko bizitzak islatzen dituen hausnarketa grafikoa».

Aurten tokatzen zaio “Ate irekien astea”, eta egitea erabaki du, baina birtuala izango da. Beharbada, aldez aurretik hitzordua adostuta, jende kopuru txiki bat joan litekeela dio. «Ezaguna da», jarraitu du adar soinuan, «egiten ditudan pintxoak koadroak baino hobeak izaten direlako. Beraz, bilatzen ari naiz keinu hori egiteko modua». Bideo bat prestatzen ari da, jendeari etxera gauzak bidaltzeko «kaxa txiki moduko bat», Azul y Amarillok –Gorkaren irudi eta gauzen enpresak– 30 urte bete baititu aurten, eta Gasteizko Santa Maria kaleko estudioak, berriz, 20. •

 

AURRERA BEGIRAKO GOGOETA ARTISTIKOA

Aurrera begira zer proiektu dituen galdetuta, baietz dio Gorka Otsoa de Aldak, eta «presarik gabe» jorratu nahi lukeen gai bat ekarri du hizpidera. Publikoaren ikusi eta jokatzeko moduari egokitu beharra dagoela uste du. «Urte askoan artistek pentsatu dugu egiten genuena jendeak ikusi behar zuena zela, hori ikusi eta ulertzeko esfortzu bat egin behar zuela. Bakoitzak gure lengoaia asmatzen dugu inork ulertu ez dezan, horrela artistagoa zarela ematen du», dio ironiaz, «baina jendearen ikuskatu eta interpretatzeko prozesuak oso desberdinak dira gaur egun».

Dioenez, prozesu horiek askoz azkarragoak dira orain, bakunagoak, hizkuntza zuzenagoarekin… «Baliteke egokitu behar izatea, aurrekoak beren garaikideen prozedura, teknika eta irudikapen moduetara egokitu ziren bezala». Baina litekeena dela uste du, halaber, alde egiten ari den publikoa erakartzeko pauso eta proposamenak egin behar izatea, eta horretarako lan didaktiko handia egin beharra dagoela.

Bizkor mintzo da, eta nabari da garatuta daukala hausnarketa: «Nolabait 1980ko hamarkada hasierako garai hartara itzultzea litzateke, dena eginkizun zegoen garaira, hain zuzen. Helmuga bat zegoen, eta orain beharbada zailagoa da: orduan gezi asko genituen, eta itu bat, eta orain geziak baditugu, baina ez dakigu nola edo norantz mugitzen den itua».

Euskarri bisualekin komunikatzeko modura iristeko bidea zabalagoa dela dio, «eta zorionez horretarako aukera ere handiagoa da, jendea modu bizkorragoan komunikatzen da, baina aldi berean, horren ondorioz, produktuak iragankorragoak dira. Orain telefonoan argazki kamera duen edonor argazkilaria da, berriemailea, editorea... Artearen esparruak ez du mugarik, hain da zabala, eta aldi berean, alderantziz, esklusibo bihurtzen da, eta gu izaera artistikoa kutsa lezakeen lanik egin ezin dugun izaki jainkotiarrak. Kazetari bat idazlea izan daiteke, edo idazle bat kazetari, eta ez da ezer gertatzen, baina arte plastikoen munduan artista batek, irakaskuntzan izan ezik, beste zerbaitetan jardutea pixka bat lanbidea prostituitzea da. Orduan, gizartearekiko harremanak urriak dira».

Eta bere etorriari eutsi ezinik bezala jarraitu du: «Jendeak ez du etxean irudirik jarri beharrik, lehen posterrak jartzen genituen, baina orain ohetik jaikitzen garenetik telefonoan irudiak ditugu eta, ondorioz, arteen mundua asko aldatu da, horregatik diot berritu egin behar dugula. Gure solaskidea aldatu da, gu alda gintezke, baina mezu kanala ere errotik aldatu da. Horrek hausnarketa bat eskatzen du, ez?»

Horrenbestez, komunikazio elementu horiek ikusteko modu berriari egokitu beharra dagoela ondorioztatu du: «Beharbada aurrerago jo beharko genuke, aurreko elementuak nolakoak izan ziren eta nola joan ziren erretzen pentsatu, oraingoak noraino erreko diren aurreikusteko eta zeinetan pentsatu beharko genukeen jakiteko».

Kontu horri buelta batzuk eman dizkiola nabari dela diotsagu eta baietz dio, «baina ez daukat oso garbi, e!». •