Beñat Zaldua
Donostia
Elkarrizketa
Joxerra Etxebarria
UEUko irakaslea

«Garrantzitsuena katea ez zela eten izan zen»

Joxerra Etxebarriak 25 urte eskas zituen Donibane Lohizuneko lehen UEUko jardunaldietan parte hartu zuenean. Han ezagutu zituen, besteak beste, Koldo Mitxelena edo Karlos Santamaria, aspalditik euskara eta jakintza lotzeko lanean murgilduak. Katea eten gabe, haien lana jarraitu eta «aurrera segitzeko motibazioa» aurkitu zituen Etxebarriak uda hartan.

Joxerra Etxebarria, UEUk eskainitako omenaldian (UEU)
Joxerra Etxebarria, UEUk eskainitako omenaldian (UEU)

Nola gogoratzen duzu 1973ko lehen UEU Donibane Lohizunen?
Esperientzia berri baten hasiera bezala gogoratzen dut. Niretzat oso garrantzitsua izan zen han bizi izan nuena. Asko motibatu ninduen lanean segitzeko. Orduan oso giro berezia zegoen euskal unibertsitatea sortzeko eta ekitaldk hark motibazioa eman zigun.

Lehenengo urteetan ikasle eta irakasle bezala ibili zinela azaldu duzu noizbait. Azaldu dezakezu lehen urte haietako UEUren funtzionamendua?
Horrelakoa zen, txikia. Orduan interesatuak geunden guztiak bi gauza horiek egitera gindoazen. Batetik, beste irakasleen lanak entzun eta ikastera, oinarri bat behar genuelako. Bestetik, gutariko bakoitzak bere unibertsitateko arloan egiten zituen ahaleginak besteei kontatzera, jakin zezaten zer egiten genuen. Horrela zen eta horregatik izan behar ginen, nahi eta nahiez, ikasle eta irakasle, ikasketa prozesu bat zelako, bide berri bat bilatzen ari ginelako denon artean. Naturala zen.

Zer izen edo zein egoera datorkizu burura lehen urte haiek gogoratzean?
Asko, normala den bezala. Nik lehenengo urtean 25 urte nituen, imajinatu gaztetxoa nintzela. Nire erreferentziak, nahi eta nahiez, aurrekoak izan behar ziren. Eta izen oso handiak etorri ziren, gero euskararen historian eta unibertsitatearen historian nire ustez oso funtsezkoak izan diren pertsonak. Batzuk hildakoak, esate baterako, Karlos Santamaria, Luis Villasante, Koldo Mitxelena... Mito batzuk zirela esango nuke, zaharrak baina asko zekitenak eta eskaintzeko asko zeukatenak. Bestetik, belaunaldi berriak zeuden, nire adinekoak, 25 eta 40 urte bitartekoak, euskal kultura pil pilean zegoen momentu hartan gauza berriak bilatzen genituenak. Eta gero, tarteko belaunaldi bat, oraindik ere bizirik daudenak. Esate baterako, oso garrantzitsuak izan ziren Ipar Euskal Herriko euskaltzaleak; haiek abiatu zuten, hango euskal astetik abiatu zen UEU. Nire ustez garrantzitsuena izan zen katea ez zela eten; kate bat bazetorren lehenagotik, unibertsitatean interesa zutenak, esango nuke gerra aurrekoak, gero bazegoen tarteko belaunaldi bat eta, azkenik, gu ginen, gazteak.

Noiz lortu zuen UEUk heldutasuna?
Nik esaten dudana da heldu, inoiz ez garela heltzen. Unibertsitatearen munduan, ikerketaren munduan, jakintzaren munduan, beti ari gara etengabeko prozesuan. Eta gelditzen bada, galtzen da. Beraz, heldu, heldu, ez dakit zeozer heltzen den, baina heltze bidean gaudela bai. Hasieran ez zen estrukturarik. Hasierako hitzaldi moduko saio hartatik, unibertsitate klasikoago baten egitura hartzera joan zen. Sailak, espezialitateak eta abar. Ekitaldi batzuk beti egiten dira unibertsitate osoarentzat, baina gero lanak, normalean, espezialitatekoak izaten dira. Hori eboluzio bat da eta horretan gaude. Pena bakarra da heldutasun prozesu horretan ofizialtasunik ez dugula lortu, benetako zerbitzu osoa izateko azpiegitura falta zaigu. Baina badugu, hala ere, azpiegitura garrantzitsu bat. Prozesu bat da dena.

Zeintzuk dira etorkizunerako gelditzen diren erronkak?
Etorkizunerako erronka hasierako galdera berbera da. Udako Euskal Unibertsitateak hiru elementu dauzka izen berean: udakoa, euskalduna eta unibertsitatea. Eta gure sorrerako helburua azkeneko bi elementuekin bakarrik gelditzea zen, alegia, Euskal Unibertsitatea. Ez bakarrik udakoa, urte osokoa. ‘Udako’ hori kentzea eta ‘Euskal’ hori osorik izatea falta zaigu, euskara hizkuntza nagusi bezala izango duen unibertsitatea nahi dugu eta harremanetarako hizkuntza nagusia izango duena, nahiz eta guztiok dakizkigun beste hizkuntza batzuk. Hori da helburua, ikusiko dugu ea lortzen dugun. Garrantzitsuena bizirik egotea da eta gu bizi bizirik gaude.