NAIZ.INFO
GASTEIZ

Herrizaingo Sailaren arduradun kargua hartu du Idoia Mendiak

Orain arte Justizia eta Herri Administrazio sailburu eta Lakuako Gobernuaren bozeramale izan den Idoia Mendiak, Herrizaingo Sailaren ardura ere hartu du bere gain datorren urriaren 21ean egin behar diren hauteskundeetara arte. Lakuako Gobernuan pisu politiko gehien duen sailburua da orain Mendia.

Idoia Mendiak Herrizaingo Saila ere bere gain hartu du. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Idoia Mendiak Herrizaingo Saila ere bere gain hartu du. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ajuria Enean egindako protokolozko ekitaldi labur batean, Idoia Mendiak Herrizaingo Sailaren ardura hartu du gaur, Patxi Lopez lehendakariaren aurrean.

Ekitaldian izan direnen artean, Lehendakaritzako Idazkari Nagusi Manuel Salinero edota orain arte Barne sailburu izandako Rodolfo Ares daude. Iragan asteazkenean iragarri zuen Aresek karguari uko egiten ziola PSEren hauteskunde kanpainan lan egiteko. Erabakiaren berri eman ondoren, kritika ugari jaso zituen Aresek, alderdi gehienek leporatu ziotelako bere alderdiaren interesak lehenestea. 

Idoia Mendia Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio sailburu izendatzen duen dekretua irakurri du Lopezek ekitaldian eta ondoren, Mendiak kargua zin egin du.

Bertan bukatu da ekitaldia eta ez Aresek ez Mendiak eta ez Lopezek ez dute adierazpenik egin izan nahi izendapenaren inguruan.

EAEko Aldizkari Ofizialak gaur bertan argitaratzen du Mendiaren kargu hartzea.

Hauteskundeetara arte, Mendiak Herrizaingo Saila du bere gain, eta datorren urriaren 21eko hauteskundeei dagokien prozesu administratiboa gidatu eta antolatzeko lehentasunarekin.

Historian Ertzaintzaren ardura hartzen aurreneko emakumea da Mendia eta gainera Lopezen Gobernuan pisu politiko gehien duen sailburua da.