Naiz.info
Donostia

Annette Bening, Oliver Stone eta Hirokazu Kore-eda, inaugurazio ekitaldiko gonbidatuen artean

Cayetana Guillen Cuervok eta Unax Ugaldek aurkeztuko dute Zinemaldiko inaugurazio ekitaldia eta bertan izango dira, besteak beste Annette Bening, Michelle Yeoh, Oliver Stone, Terry Gilliam, Hirokazu Kore-eda eta Masaharu Fukuyama.

Annette Bening-ek Donostia Saria jaso zuen 2004an. (Imanol OTEGI/ARGAZKI PRESS)
Annette Bening-ek Donostia Saria jaso zuen 2004an. (Imanol OTEGI/ARGAZKI PRESS)

Irailaren 20an abiatuko da Zinemadiko 61. edizioa. Urtero bezala, iluntzeko 21.00etan abiatuko den inaugurazio ekitaldiak emango dio ofizialki hasiera zinema jaialdiari. Aurtengo gala Cayetana Guillen Cuervok eta Unax Ugaldek aurkeztuko dute, Patxi Barcoren zuzendaritzapean.

Zinemaldiak iragarri ditu dagoeneko bertan izango diren aurpegi ezagun batzuen izenak. Donostiako Kursaalean izango dira, besteak beste, Annette Bening, Michelle Yeoh, Oliver Stone, Terry Gilliam, Hirokazu Kore-eda eta Masaharu Fukuyama.

Aurtengo edizioa Juan Jose Campanellak irekiko du ‘Futbolín’ animaziozko film berriarekin eta Euskal Herrian izango dela baieztatu du antolakuntzak.

Zinemaldiko lehenengo asteburuan Donostian izango dira baita ere Barbara Goenaga eta José Coronado aktoreak, ‘

Las brujas de Zugarramurdi’ filmarekin batera Alex de la Iglesia eta Carmen Maura (aurengo Donostia Saria) eta filmeko gainerako aktoreak Mario Casas, Hugo Silva, Javier Botet, Carolina Bang, Santiago Segura, Pepón Nieto eta Carlos Areces. Guztiak filmaren belodromoko emanaldian ere izango dira.



Roger Michell zuzendariaren presentzia ere baieztatu du Zinemaldiak, Sail Ofizialean aurkeztuko baitu bere azken ‘Le Week-end’. Bertan izango dira filmeko protagonistak ere:Jim Broadbent eta Lindsay Duncan.

Sarreren salmenta handitu egin da

Zinemaldiak jakinarazi duenez, sarreren salmentak gora egin du 2012ko edizioarekin alderatuta. Behin behineko datuak eskaini ditu antolakuntzak eta dagoeneko 55.866 sarrera saldu dira, iaz baino 5.866 gehiago.

Lehen agortu zirenak Aitor Merinok zuzendutako ‘Asier eta Biok’ eta ‘La vie d´Adele’ filmeenak izan ziren.