NAIZ

Grebalarien aldeko elkartasun Aske Gunea Deustuan

Martxan da Urtzi Martinez eta Jon Telletxea grebalarien aldeko elkartasun Askegunea. 10.00etan hasiera eman diote Deustuako Done Petri plazan bost ordu iraungo duen elkarretaratzeari.

Grebalarien aldeko elkartasun Aske Gunea martxan da. (via twitter @uriola.info)
Grebalarien aldeko elkartasun Aske Gunea martxan da. (via twitter @uriola.info)

«Urtzi eta Telle aske!» leloa irakur daiteke Deustuako Done Petri plazan burutzen ari diren elkarretaratzeko pankarta nagusian. Goizeko 10.00etan eman diote hasiera bost orduz luzatuko den ekimenari eta eragile ezberdinak parte hartzen ari dira.

Aske Gunearen hasiera ekitaldian nabarmendu dutenez, elkartasun ekimena izango da. Grebalariak Aske! plataformako kideek Askegunearen izaera «errepestatzeko» eskatu diete parte hartzaileei eta «Poliziari bizkarra emateko» eta «probokazaioetan ez sartzeko».

14.00etan kontzentrazioa masiboa egingo dute. Kalejira zaratatsua eta muralen margoketa ere burutzen ari dira Urtiz eta Telleren egoera salatzeko. Goizak aurrera egin ahala jendetza batzen ari da Deustuan eta eragile politiko, sozial eta sindikal andanak beren elkartasuna agertu diete bi gazteei.

Musikari ezberdinak ere elkartasun keinuak egiten ari dira goiz guztian zehar.

Urtzi Martinez eta Jon Telletxea, gazte deustuarrei 2012ko greba jardunaldi batean ustez istilu batzuetan parte hartzeagatik bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zieten. Urriaren 2an kartzelan aurkezteko epea bukatu zitzaien eta 'Grebalariak Aske!' plataformak adierazi zuenez, bi gaztek desobedientziaren bidera joko dute, eta Aske Gunea osatzera deitu dute Urriaren 11an Deustuko San Pedro plazan.