Maider Iantzi | 7K
Elkarrizketa
Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea
Eskultorea eta marrazkilaria

«Islatu nahi genuen mezua hain zen indartsua, ez zegoela ia zalantzarik. Ez da ohikoa»

«Ez gara asko hitz egitekoak», abisatu digute elkarrizketa hasi aitzinetik. Aurrera egin ahala, ordea, gero eta emozionatuago eta animatuago daude, gustura beren lana azaltzen. Ohartarazi dutenez, kaxa hagitz minimalista da, baina ez dio eskultura izateari uzten. «Kaxa hori bera 5 metroko altueran egiten badugu plaza erdian, zoragarri geldituko da». Gainera, diziplina guztiak biltzen dituen ontzia da. Barruan daramana, leherkari bat da.

Gosekoekin batera bazkaldu eta kafe orduan batu zaizkigu eskultorea eta marrazkilaria. Bazkalondoren ere, gosariak.

Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea. (Conny Beyreuther)
Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea. (Conny Beyreuther)

Ez gara asko hitz egitekoak», abisatu digute elkarrizketa hasi aitzinetik. Aurrera egin ahala, ordea, gero eta emozionatuago eta animatuago daude, gustura beren lana azaltzen. Ohartarazi dutenez, kaxa hagitz minimalista da, baina ez dio eskultura izateari uzten. «Kaxa hori bera 5 metroko altueran egiten badugu plaza erdian, zoragarri geldituko da». Gainera, diziplina guztiak biltzen dituen ontzia da. Barruan daramana, lehergailu bat da. Gosekoekin batera bazkaldu eta kafe orduan batu zaizkigu eskultorea eta marrazkilaria. Bazkalondoren ere, gosariak.

Nolakoa izan da zuek bion arteko elkarlana?
Iñigo Arregi:
Osagarriak izan gara, Juan Luis margolaria delako eta ni, gehienbat, eskultorea. Lagunak kolorearen aldeko apustu ausarta egiten du: ia ezabatu egiten dira tarteko ñabardurak. Lengoaia oso zuzena da. Aldiz, niretzat, ‘inportanteagoa’ da materiala. Nire ilustrazio guztiak erliebeak dira eta eskultura osagai inportante bat daukate. Denak zuri-beltzean dira, bat izan ezik, gorria egin dudana. Lana, bere osotasunean, oso aberatsa da. Segituan nabaritzen da ez daukagula estetikoki zerikusirik batak bestearekin, baina kontzeptuz bai. Juan Luis eta ni mutikotan hasi ginen artista bezala, urtetan eduki dugu estudio bera eta oso ondo ezagutzen eta osatzen dugu elkar. Nik uste produktu honetan igartzen dela. Oso pozik gaude biok, oso ondo geratu dela uste dugu.

Nolako esperientzia izan da testuen gainean margotzea eta eskultura egitea?
I.A:
Normalean abstraktuagotik mugitzen gara. Baina sormena motiboren bategatik izaten da beti. Orduan, letrak inportanteak dira. Hortik sortu dira irudiak.

Juan Luis Goikolea: Orban batetik hasita ere, erreferentziazko puntu bat dut, figurazioa. Zalantzak nituen katua sartu ala ez, eta sartu dut…

I.A: Hori komentatu nion nik: «Ez baduzu hor katua egiten…». Lan egiteko dugun modua oso subjektiboa da eta oso zaila da azaltzen. Adibidez, eroetxearen inguruko kantuan ilustrazio bat egin dut orrialde bikoitzean. Modulo bat dago ezkerrean eta beste bat eskuinean. Batuta daude erditik eta inork ez daki zein den alde ona. Txaluparen abestian, sartzen den itsaso mingain bat egin dut. Esperantza seinale bat da, zuri askorekin. Kantuan azaltzen da ontzi batean gaudela eta dena erori dela, ez dakigula nora goazen… eta dramatismo hori irudian dago. Ezkerrean hutsunea dago, ziurgabetasuna, eta beste aldean flotatzen duen elementu bat, mugikorra eta gainerako gauzetatik bereizia. Denak dauka bere zentzua; orain, azaltzea…


Iñigo Arregiren ‘Belengo‘.

J.L.G: Ezin da azaldu. Sentitzea da gehiago. Bakoitzaren izaeraren arabera modu batean edo bestean interpreta daitezke irudiak eta interpretazio guztiak dira baliagarriak. Aberastu egiten dute norbera. Kontua hori da, bakoitzak obra batetik teoria bat ateratzea eta zerbait desberdina ukitzea bere barruan.

[Solasean ari garela, Gosekoak bertze saio bat egiten ari dira argazkilariarekin eta mahaia trukatzeko eskatu digute. Hala igaro gara txoko intimo eta erromantikotik leiho ondoko argitasunera].

Nola egin duzue lan?

[Bat hizketan hasi eta bertzeak jarraitzen du. Solasean ere batak bertzea osatzen du. Badirudi pertsona bakarra ari zaigula hizketan].

Biak batera, elkar osatuz: Bakoitza bere estudioan aritu da, baina gero batak bestearen lana ikusten genuen. Biok bakarrik ez, Goserekin ere elkartzen ginen. Polita izan da elkarren arteko erlazioa, oso aberasgarria. Sarrirekin ez dugu harreman hori izan, dagoen lekuan dagoelako, baina argitaratu gabeko letra horiek, altxor hori eskura izatea… Ez dakizu nola eman forma… Diziplina eskatzen du. Eskuragarriagoa izaten saiatzen zara.

Kosta zaizue?

Bai [diote biek]. Baina errutinatik ateratzen den guztia aberasgarria da.

J.L.G: Ni, adibidez, erakusketa bat egiteko oso urduri jartzen naiz. Bete-betean sartzen naiz. Baina orduan ateratzen da obra benetan. Azkenean exijentzia puntu bat duzu. Ezer ez duzunean askoz libreagoa da eta bilatzen joaten zara… eta gauza bat ateratzea oso zaila da. Ehunetik bat ateratzen da.

I.A: Gidoi bat jarraitzera behartuta zaude, baina askatasunaren barrenean. Izan ere, nahi duguna egin dugu.

J.L.G: Zoragarria da denek ontzat ematen dutelako zure lana. Oso hurbileko harremana dugu denok, hortaz, ez zaigu asko kostatu batera lan egitea.

I.A: Belaunaldi desberdinetakoak izan arren, kulturalki sintonia bera dugu eta horrek batzen gaitu.

Juan Luis Goikoelearen ‘Askatasuna’.

Emaitza ikusi duzuenean, zer sentitu duzue?
I.A: Nik izugarrizko euforia. «Honek funtzionatzen du», esan nuen. Aniztasunaren barruan, batasun itzela dago.

J.L.G: Atera denarekin denak konforme gaude.

Zein material erabili dituzue?
I.A:
Nik kartoia, tinta eta lapitza.

J.L.G: Nik lan digitalari heldu diot berriro. Garai batean halako lanak egin nituen, baina baztertuta nituen pixka bat. Proiektua proposatu zidatenean, berriz hartu nuen. Marrazki batzuk digitalki egin ditut eta beste batzuk eskuz, ohiko pinturarekin, gero digitalki moldatuz.

Zer iradoki dizuete testuek eta musikak?
I.A:
Letra harrigarria iruditu zait. Bereziki batzuk oso gogorrak dira: ‘Belen’, ‘Txalupa’… Sentsazio horiek estetikoki iradokitzen dizutena handia da. Uste dut arnasa asko behar dutela. Izugarrizko erakusketa egingo nuke horiekin: 3x3ko obrekin, 4x4koekin… Hori da daukadan lehendabiziko pertzepzioa.

Musikari dagokionez, Goseren musika etxekoa egiten zait. Bere ildoaren barrenean freskurari eusten dio. Azkeneko kanta, ‘Belen’, ikaragarria da. Zutik hasi eta eserita bukatzen duzu. Hori dena ilustrazioetan islatzen da nolabait.

Beraz, ilustrazioak egiteko neukan argumentu guztiak gainezka egiten zuen, zentzu guztietan. Gehiago egingo nuke. Momentu batean zerbait egitea proposatzea ere pentsatu nuen, zerbait pertsonala. Denbora pasatzen utzi, proiektu hau ahazten utzi, eta hemendik urte batera edo bira birplanteamendu bat egitea. Hor gelditzen da.

‘Belen’ekin bi ilustrazio borobil daude. Eta horien muina da abestian kontatzen den guztia tanke baten kanoi barrutik ikusten ari naizela. Oso gogorra da. Ideia hori iradoki zidan eta horregatik dira borobilak.

Bakoitzak ahal izan duen guztia jarri du.
[Biek aho batez]: Proposamena jaso eta lehendabiziko minututik. Bileratik atera eta segituan hasi ginen ‘goazen hau planteatzera, eskultura lan bat egin behar dugu, dena bilduko duen ontzi bat…’. Hori lehenengo egunean atera zen. Eta ordutik proiektuan sartuta egon gara. Egun osoa honetan pentsatzen.

I.A: Guretzat proiektu garrantzitsua izan da. Ez ilusionagarria, interesgarria… Baizik eta inportantea.

J.L.G: Eta daukan garrantzia eman nahi izan diogu. Gauza serio batean gure aldetik dena jarri dugu ailegatu garen lekura ailegatzeko. Uste dut lortu dugula.

I.A: Bai, bai. Niretzat bai. Funtzionatu egiten du. Emaitza ikusi nuenean, hamar bat eman nion. Nahi nuena da. Hustu egin naiz. Gainera, iruditzen zait ilustrazioak (eta bien ilustrazioez ari naiz) freskoak direla. Batzuetan, gauza bat garrantzitsua dela pentsatzen duzuenean, behin eta berriz moldatzen duzu. Nire kasuan, egindako lehendabiziko lana gelditu da. Eta hori balio bat da.

J.L.G: Ni ilustrazio batzuekin ekin eta ekin ibili naiz, baina azkenean lehenbizikoa gelditu da.

I.A: Islatu nahi nuen mezua hain indartsua zenez, ez zegoen ia zalantzarik. Ez da ohikoa. Grafikoki oso indartsua gelditu da. Maketazioa nire semeak egin du, Beñatek. Arkitektoa da eta Dublinen bizi da.

J.L.G: Diseinu lanetan dabil eta horren ilusioa du.

I.A: Espazio zuriak utziz, liburua oso arin gelditu dela uste dut. Lanak nola arnasten duen… Asko gustatu zait. Kaxari eskultura itxura eman diogu. Mozketa bat du, orduan, erdi zabalik gelditzen da eta barruan Juan Luisen ilustrazioa ikusten da. Azala oso neutroa da, soila, nire eskulturak bezalakoa, baina koloreen eztanda bat dagoela sumatzen da. Irekitzeko gogoa ematen du, ikusten ari naizenak nola segitzen duen jakiteko. Ireki eta berriro iluna agertzen da. Han daude kantuen izenburuak, liburuaren azala… Emozionatuta hitz egiten dut, gogo biziz, zoratzen nagoelako nola atera den ikusita.