NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoan eta Nafarroan behera egin du langabeziak martxoan; Araban eta Bizkaian, gora

Langabeziak behera egin du martxoan Hego Euskal Herrian otsailarekin alderatuta, baina jaitsiera Gipuzkoan eta Nafarroan bakarrik izan da, Araban eta Bizkaian gora egin du langabe kopuruak. Duela urtebetetik hona 10.740 langabe gutxiago zenbatu dira.

Pertsona bat Lanbideren bulego baten aurretik pasatzen, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Pertsona bat Lanbideren bulego baten aurretik pasatzen, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Hego Euskal Herrian 219.832 langabe zeuden martxoan, Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera. Otsailarekin alderatuta, 112 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe.

Langabeziaren portaera, hala ere, ez da berdina izan herrialde guztietan. Gipuzkoan eta Nafarroan behera egin du eta aurreko hilabetean baino 194 eta 622 langabe gutxiago zenbatu dituzte, hurrenez hurren. 46.844 pertsona zeuden lanik gabe martxoan Gipuzkoan, eta 48.427 Nafarroan.

Araban apenas aldatu dira datuak. Martxoan 27.298 langabe zeuden, aurreko hilean baino 9 gehiago. Igoerarik handiena Bizkaian izan da; 695 pertsona gehiago daude langabezian (%0,72), guztira 96.633.

Urteko eboluzioari erreparatuta, datuak hobeak dira eta beherakada herrialde guztietan nozitu da. Hego Euskal Herri osoa kontuan hartuta, duela hamabi hilabete baino 10.740 langabe gutxiago daude orain, Enplegu Ministerioaren arabera.

Estatu espainolari dagokionez, otsailean baino 60.214 langabe gutxiago zenbatu dituzte eta guztira 4.451.939 daude, urteko hirugarren hilabetean 2002tik izan den jaitsierarik handiena.