NAIZ
BILBO

«Gure industriaren defentsan» manifestazioa egingo dute sindikatuek Bilbon, apirilaren 23an

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, apirilaren 23an, eguerdiko 12.00etan, manifestazioa izango da Bilbon, ‘Gure industriaren defentsan. Industria politika erreal baten alde’ lelopean.

Ohar bateratu baten bitartez, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek apirilaren 23an Bilbon egingo duten manifestazioaren berri eman dute. Eguerdiko 12.00etan abiatuko den mobilizazioa ‘Gure industriaren defentsan, industria politika erreal baten alde’ lelopean egingo da.

Azken hilabeteotan Euskal Herriko industriako enpresetan ematen ari diren itxiera edo kaleratze masiboen berri izaten ari garela azaldu dute sindikatuek eta, esan dutenez, «hau gertatzen ari da hamarkadatan industria politikarik izan ez delako eta gobernuak botere ekonomikoaren esanetara daudelako». «Euren lehentasuna propaganda dute eta erreforma laboralaren moduko legeak ezartzen dituzte, hau da, gero enpresei halako erabakiak hartzeko aukera ematen dietenak», gaineratu dute.

«Sektore estrategikoen aldeko apusturik» ez dagoela iritzita, milaka familiaren etorkizuna zalantzan dagoela azpimarratu dute. «Industriarik gabeko herri batek ez dauka etorkizunik. Lantegi bat ixten denean kaltetu bakarrak ez dira bere plantilako langileak; halako erabaki batek azpikontratetako jendeari, garraiolariei eta fabrika dagoen herriari edo hiriari ere eragiten die», esan dute.

Euskal Herriko langileen borrokari babesa emateko, aipatu sindikatuek manifestazioa egingo dute apirilaren 23an, Bilbon, eguerdiko 12.00etan. «Borrokan dauden enpresa batzordeei eta eragindako langileekiko elkartasuna adierazi nahi duten guztiei» bertaratzeko deia egin diete.