Kanadako bazter batean badago bizirik jarraitzen duen hizkuntza zahar bat
Hizkuntza politika indartsua jarri dute martxan Kanadan eta horri esker Mi’kmaq hizkuntza zaharra mantentzea espero dute. Hiztunek ahalegin handiak egiten dituzte euren seme-alabek ere ikas dezaten. 30.000 hiztun besterik ez dituen hizkuntza honek aspaldian egin zuen topo euskararekin.

Kanadako Estatuan 60 nazio daude, horietako asko indigenak. Etnia txikiak dira, baina horrek ez du esan nahi euren nortasuna defendatzen ez dutenik. Mi’kmaq herria algonikoen artean kokatzen da eta 35.300 biztanle ditu Kanadan zehar erroldatuta, gehienak herrialdeko ekialdean. Izan ere, nahiz eta nahi duten lekuan bizitzeko aske diren gaur egun (garai batean erreserba indigenetan bizitzera behartzen zituzten), euren herrietan gelditzea dute gustuko.
Justin Trudeau presidenteak boterea lortu zuenetik hainbat pauso aurrerakoi eman ditu Kanadak politikan, baita aborigenei dagokionez ere. Pentsa, Jody Wilson-Raybould Justizia ministroa bera aborigena da, Kwakwaka’wakw etniakoa. Trudeauk hizkuntza politika sendoa abiarazi du hizkuntza txikiei indarra emateko. Hiztunek ere borondate handia dute.
Mi’kmaq herriari dagokionez, Stephanie Inglis ikerlaria izan dugu Donostian horren inguruan mintzatzen. Jauzarrea elkarteak gonbidatuta, euskararen eta hizkuntza kanadar horren arteko loturak bilatzen ari da, baina duela bi hilabete besterik ez zuen enkargua jaso, eta, horregatik, oraindik ezin izan du ebidentzia askorik aurkitu. Datozen hilabeteetan jardunean jarraituko duela esan du Donostian, gaia interesgarria iruditu zaiolako. Jauzarreak defendatzen duen teorietako baten arabera, Solutrearra, Goi Glaziazioan, Ozeano Atlantikoaren maila baxuagoa zenean eta izoztuta zegoenean, Europatik iritsi ziren Ameriketako lehenengo biztanleak. Horiek euskaldunak izan zitezkeen.
Halakorik frogatzerik ez dago, baina hipotesi hori ardatz hartuta, hainbat lotura osatzea posiblea da. Izan ere, Mi’kmaq herria kokatzen den zonaldean bazeuden beste hizkuntza algonkiko batzuk –egun desagertuak–. Haiekin konparatuz oso desberdin osatzen dira esaldiak Mi’kmaq hizkuntzan. Aldiz, euskararekin baditu antzekotasun batzuk. «Zaila da frogatzea ea Mi’kmaq hizkuntza eta euskara protohizkuntza beretik datozen. Horretarako hitzen foniarik sinpleenetara jo behar da eta oraindik ez dugu horrelako ikerketa sakonik egin», azaldu du adituak. Hala ere, uste du euskaldunak Kanadara arrantzara joaten zirenez bi herriek harremana izan zutela ziurra dela, eta horregatik agian nolabaiteko harreman linguistikoa izan dezaketela.

Ezaugarri bitxiak
Mi’kmaq hizkuntzak gainontzeko hizkuntza algonikoek ez zituzten ezaugarri batzuk ditu, euskarak badituenak. Hasteko, ez du generorik. Hau da, gaztelerako “ella/el” ez da existitzen eta horren ordez “hura” edo “bera” bezalako formulak erabiltzen dituzte. Gainera, esaldiak modu desberdinetan osa daitezke elementuen ordena aldatuz euren esanahia aldatu gabe. Lekua adierazten duten lokatiboak erabiltzen dituzte. Ergatiboa ere badute. Eta plurala egiteko “k” amaiera erabiltzen dute subjektua biziduna den kasuetan. Bizigabea bada, “l”. Baina bizidun edo bizigabe den erabakitzeko modu berezia dute: mendia biziduna da erliebetik ezin delako sakabanatu, harria ordea bizigabea. Birikak bizidunak dira haiek gabe ezin garelako bizi, baina eskuak bizigabeak, moztuz gero bizirik jarrai dezakegulako. «Guretzat zaila da ulertzea baina beraiei galdetuz gero ez dute zalantzarik eta segituan erantzuten dute», nabarmendu du Inglisek.
Hizkuntza guztietan bezala neologismoak badaude, baina, euskaran bezala, gaitasun handia dute hitz berriak osatzeko. Mi’kmaq hizkuntzan polisintesiari esker lortzen dute hori. Hitz luzeak osatu ohi dituzte hitz desberdinak osatzeko eta esanahi berriak sortzeko. Hala, ez dute hitz zehatzik “ilea” esateko baina ilea deskribatzeko hitz pila bat dituzte. Hala, ileari buruz hitz egin nahi badute derrigorrean esan beharko dute zein motakoa den.

Dimite la alcaldesa de Santurtzi «para no perjudicar la imagen del PNV»

Cisma en el Alarde: dimite el general por la reacción machista a la denuncia de la cantinera

Haurdunaldiarekin batera ondutako disko berria iragarri du Izarok abendurako

Cerdán carga en la comisión contra «la venganza de UPN» en un tenso careo con Esparza
