Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak agerraldia egin du larunbat goiz honetan Donostian, Zubietan egiten ari diren azpiegituraren aurkako protesta berrien berri eman asmoz. Teresa Lopez de Muniain eta Iñaki Armendarizek hartu dute hitza mugimenduaren izenean.
Hala, datorren asteazkenean abiatuko duten gose grebaren berri eman dute. Astebete iraungo du protestak, eta azpiegiturak ekarriko dituen «ondorio kaltegarriak» salatzea izango dute xede. Zentzu horretan, azken hiritarra aipatu ondorioen jakitun izan arte ez dutela geratzeko asmorik jakinarazi dute.
«Diru xahutzea ekarriko duen eta osasunarentzat kaltegarria den azpiegitura bat inposatu nahi digute», azaldu dute, Zubietako errauskailua klase politikoa eta multinazionalen «sinbiosiaren» adibide dela gehitzeko. Era berean, Europan zein Euskal Herrian ezartzen ari diren politika «antisozialen» inguruan ohartarazteko ere baliatu dute agerraldia.
Hainbat lagunek egingo duten gose greba, beraz, datorren asteazkenean abiatuko da, 19.00etan, Donostiako Easo plazan. Errausketaren Aurkako Mugimendutik, baina, ohartarazi dute arazoekin ari direla topatzen protesta aipatu plazan garatu ahal izateko. «Donostiako Udala arazoak ari zaigu jartzen adierazpen eta protesta eskubidea Easo plazan gauzatzeko», azpimarratu dute.