NAIZ

Elkanoren mundu birari buruzko antzezlana Loraldian

Loraldia elkarteak ‘Mundubira. Elkano, Primus’ ikuskizuna aurkeztu du. Antzezlan honek, Elkanok egindako mundu biraren irteeraren 500. urteurrena gogoratzen du, eta martxoaren 22an estreinatuko da.

‘Mundubira. Elkano, Primus’ ikuskizunaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA/FOKU).
‘Mundubira. Elkano, Primus’ ikuskizunaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Loraldia kultur elkarteak ‘Mundubira. Elkano, Primus’ antzezlana aurkeztu du astelehen honetan prentsaurreko baten bitartez. Loraldiaren produkzio propioa da, formatu txikiko teatro lana, eta Elkanoren espedizioaren irteeraren 500. urteurrena gogoratzen du, bidaiaren gertaeretan oinarrituz.

Aurkezpenean Aitor Narbaiza, Loraldia Festibalaren produkzio arduraduna; Rafa Zulaika, Elkano Fundazioaren proiektuen koordinatzailea; Patxo Telleria, gidoiaren egilea; Karlos Panera, lan honen eszena zuzendaria; Iñigo Aranburu eta Xabi Ortuzar aktoreek; eta Ainara Ortega, kantaria egon dira. Martxoaren 22an estreinatuko da formatu txikiko ikuskizun hau festibalaren programazioaren baitan eta helburua Euskal Herrian zehar bira egitea da.

Antolakuntzakoek diotenez, antzezlan honek «transmisioa» du helburu, horregatik Euskal Herriko historia ezagutaraztea «ezinbestekotzat» jotzen dutenez, publiko orokorrari zuzendutako estreinaldia baino lehen, ikasleentzako emanaldia eskainiko da. Loraldia elkarteak gida pedagogiko bat sortu du baita ere, ikastetxeetan landu dezaten.

Orain dela 500 urte Victoria itsasontziak bete zuen munduaren bira aurreneko aldiz. Bertan Juan Sebastian Elkano eta berarekin batera munduaren itzulerari amaiera eman zioten beste euskaldun batzuk zihoazen. 1519an San Lucar de Barramedatik itsasoratu ziren 265 marineletatik 18 baino ez ziren itzuli.

‘Mundubira. Elkano, Primus’ teatro lan honen eszena aktoreen interpretazioak eta musikak osatzen dute. Alde batetik, bi aktorek bakarrizketen bidez istorioa kontatuko dute. Beste aldetik, musikari bik antzezlanaren soinu banda jarriko du: musikaria eta kantaria.

Patxo Telleriak idatzi du teatro lan honen gidoia eta Karlos Panera da eszena zuzendaria. Oholtza gainean agertuko diren antzezleei dagokionez, Iñigo Aranburu Juan Sebastian Elkano bilakatuko da; Xabi Ortuzar, Juan de Zubileta itsasmutilaren papera hartuko du; eta hauekin batera, Ainara Ortega kantuan eta Nerea Alberdi musikaria.

Soinu bandari dagokionez, XVI. mendeko giroa islatu nahi dute, garaiko baladen bidez. Euskal balada historikoak dituzte teatro lan honen «ardatz ikusgarria». Biolina izango da balada hauen lema.

Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du, Elkano 500 Fundazioaren eskutik. Fundazioaren Patronatoa honako erakundeek osatzen dute: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Urola Kosta Mankomunitatea eta Getariako Udala.