NAIZ
BILBO

Europan «lankidetza indartzeko» akordioa izenpetu dute Bilbon EAJk eta PDeCATek

Europako Parlamenturako hauteskundeetara zein bere aldetik aurkeztuko den arren, bozen ostean «elkarlanean» aritzeko akordioa sinatu dute EAJk eta PDeCATek. 

EAJko Andoni Ortuzar eta PDeCATeko David Bonvehi, Sabin Etxean. (Monika DEL VALLE/FOKU)
EAJko Andoni Ortuzar eta PDeCATeko David Bonvehi, Sabin Etxean. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Elkarlanerako akordioa sinatzeko Sabin Etxean elkartu dira Andoni Ortuzar, jeltzaleen presidentea, eta David Bonvehi, Partit Democratako buruzagia. 

Maiatzaren 26ko hauteskundeetara batera joango ez diren arren, bi alderdien arteko lankidetza «indartzen» lagunduko du akordioak eta, adierazi dutenez, dei bikoitza egiten die erakunde espainiarrei, «elkarrizketa eraginkorrari ateak ireki diezazkioten» eta Europar Batasunekoei ere, «prozesu horri egokiro lagun diezaioten». 

«Kataluniako eta Euskadiko gizartearen gehiengo zabal batek zilegitasun osoz egiten dituen aldarrikapen soberanisten aurrean entzungorrarena egiteak eta bestela pentsatzen duena sistematikoki judizializatzeak edo kriminalizatzeak, oinarrizko eskubide eta askatasunak urratuz, arazoa gaiztotu egiten du, gizartean frustrazioa eragiteaz gain», zehazten du akordioak.

Nabarmendu dutenez, itunaren xede nagusia da Europarlamentuko eta bere erakundeetako jardunean eragitea, bi alderdiek «Estaturik gabeko nazioek Europan izan beharreko tokiari buruzko eztabaida» sustatu nahi dutelako eta «euskal eta kataluniar nazioen aitortzan eta beren autodeterminazioan aurrera egin nahi dutelako». 

EAJk eta PDeCATek azaldu dute «benetako europazaleak» direla.

Izenpetu berri duten akordioak aurreikusten du «alderdi bien arteko lankidetza mekanismoak ezartzea, alderdi biek partekatzen dituzten helburuak lortzera begira».